argia.eus
INPRIMATU
Zakurraren ipurtzuloan
Edu Zelaieta Anta 2022ko ekainaren 16a

Irene Vallejok Infinitua ihi batean liburuko pasarte batean azaltzen du greziarrak ez zeudela batere interesatuak espezializazioan: kultura orokorra lantzean eta agertzean zetzan estatusa. Medikuntzak bakarrik erdietsi omen zuen prestakuntza espezializatu errespetatua izatea. Gainerako ofizioak, eguneroko bizimoduan beharrezkoak izanagatik ere, ez ziren dotoreziaren seinale, eta urrutixko zeuden orduko izarra zen filosofiatik.

Egileak jarraitzen du, esklabotza naturalizatua zuen gizarte haren nostalgiarik gabe, maistraki: medikurik ezagunenek nabarmentzen zuten haiek ere filosofoak zirela. Horretarako beharra zuten, nonbait ere, (gizonezko) sendagilearen etiketa aski ez izaki.

Tokitan dago filosofoen apologia egun. Zakurraren ipurtzuloan. Espezializazioak bizi (eta hil) gaituen honetan, irain kutsua ere hartu du zenbait giro publikotan. Gogoan dut, adibidez, nolako destaina zerabilten Espainiako eskuineko batzuek pandemiako Osasun Ministro Salvador Illaren kontra: “el filósofo” zeritzoten, burlaizez.

Nostalgiarik gabe ari naiz ni ere. Medikuntza eta aforismoak uztartu zituen Hipokratesek gutaz zer pentsatuko lukeen asmatu nahian.