Zein da yankie hitzaren benetako jatorria? Europan du jatorria edo Ipar Amerikako jatorrizko herrietan? Noiz bereganatu zuten estatubatuarrek ezizen hori?
XVII. mendean herbeheretar asko joan ziren Ipar Amerikara, nagusiki, Ingalaterra Berrira. Beste hizkuntza askotan bezala, Jan (Jon) oso izen arrunta zen nederlanderaz, eta kolono holandarrak izendatzeko Janke txikigarria erabiltzen hasi ziren inguru haietan. Sezesio Gerran, iparraldeko bandokoek hartu zuten ezizena, eta egun estatubatuar guztiei esaten zaie yanki.
Baina badira hitzak jatorri zaharragoa duela diotenak ere. Zenbaitentzat, nahuatl hizkuntzako yankuitl hitzetik dator eta “jende berria” esan nahi du. Robert Graves idazle britainiarrak, aldiz, uste zuen ianke hitz komantxea zela eta “koldarrak” esan nahi zuela.