argia.eus
INPRIMATU
Tonu grisak
Montserrat Auzmendi del Solar 2022ko ekainaren 15a
OLBE-k antolatutako Pucciniren Madama Butterfly opera. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Henrik Nánási. Bilbao Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Maria Agresta (sopranoa), Sergio Escobar (tenorea), Carmen Artaza (mezzoa), Damián del Castillo (baritonoa), Jorge Rodríguez-Norton (tenorea). Eszena zuzendaria: Stefano Monti. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: maiatzaren 21a. Argazkia: OLBE.

Ez da oso ezaguna Madama Butterfly operan kontatzen den istorioa Euskal Herriarekin erabat maiteminduta zegoen Pierre Loti idazlearen obra batean oinarrituta dagoela. Madame Chrysanthème da obra hori. Antzeko argumentua du, nahiz eta Lotiren originalak amaiera zoriontsua duen eta, aldiz, Pucciniren kasuan istorioak bira guztiz tragikoa ematen duen.

Ez da oso ezaguna, halaber, publikoaren lan gogokoenetako bat izan arren, haren estreinaldia ez zela oso zorionekoa izan. 1904ko otsailaren 17ko eszenaratzea, Teatro alla Scala antzokian, porrota izan zen. Horrek Puccini obra kentzera behartu zuen, eta hainbat berrikuspen egin behar izan zizkion. 1906ko abenduaren 28an Parisen estreinatutakoa behin betikotzat jo daiteke.

Bestalde, bide traketsa izan zuen lan honen burutzeak. Madama Butterflyren konposizioak iraun zuen hiru urteetan gorabeherak izan ziren. 1903ko otsailaren 25ean maisuaren jabetzakoa zen Italiako lehen automobiletako batekin izandako auto-istripuagatik izan ez balitz, denbora gutxiago beharko zukeen. Ez zuten lagundu bere emaztea Elvirarekin izandako arazoek, ezta Giuseppe Giacosa eta Luigi Illica libretistekin eta Giulio Ricordi editorearekin izandako desadostasunek ere. Hala eta guztiz ere, obra hau mugarria da XX. mendeko opera-errepertorioan.

OLBEk Euskalduna jauregian eskainitako bertsioa sinplea izan zen, hitzaren zentzurik onenean, konplikazio eszenikorik gabea. Eta garrantzitsuenari dagokionez, ahotsa alegia, esan genezake obra zuzen konpondu zela, baina ez zen distirarik izan.

Sergio Escobar tenoreak ez zuen ziurrenik bere egunik onena izan, edo agian Pinkertonen papera ez da bere instrumentuarekin ondoen egokitzen dena. Baina, egia esan, ez zuen publikoa konbentzitu. Litekeena da, halaber, orkestraren gehiegizko bolumenak abeslaria ahotsa forzatzera behartzea, eta, horren ondorioz, tenoreak ohi baino emisio latzagoa egitea. Maria Agresta soprano italiarrari dagokionez, bere ahots indartsu eta bolumenezkoa erakusteko aukera izan zuen eta edertasun handiko uneak izan zituen, Un bel di vedremo bigarren ekitaldiko aria kasu. Hala eta guztiz ere, orkestra-batutaren fintasun faltak edo antzezpenaren tonu gris samarrak, agian, eragina izan zuten, eta Agrestak ez zuen lortu espero zen distira.