argia.eus
INPRIMATU
400 urteko lurrun makina eta aire girotu nafarrak
  • Jeronimo Aiantz Gendulaingo margolari, kosmografo eta militarrak XVI. mendean meatzeetako ur filtrazioak konpontzeko lurrun makina asmatu zuen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko ekainaren 16a
Jeronimo Aiantzek (1544-1613) 48 asmakizun patentatu zituen, besteak beste, meatzeetako baldintzak hobetzeko lurrun makina.

Gendulain (Nafarroa), 1553. Jeronimo Aiantz Beaumont jaio zen. Amaren aldetik Leringo kondearen familiakoa izaki, 14 urte zituela Felipe II.aren gortera eraman zuten paje modura, eta, gerora gizenduko zuen curriculum amaiezinaren oinarri, formakuntza anitza jasotzen hasi zen bertan. Margolaria, asmatzailea, errejidorea, komendadorea, kosmografoa, militarra, abeslaria eta konpositorea izan zen Aiantz.

1587an, Espainiako erregeak meatzetako administratzaile nagusi izendatu zuen, eta erresumako 550 meatzeetako arazo larrienetakoa konpontzeari ekin zion: ur filtrazioak. Lurrun makinak erabiliko zituen ura tunel eta galerietatik kanpora ponpatzeko.

1598an Felipe II.a hil zenean, Aiantzek kargua galdu zuen konponbidea praktikara eramateke. Hala ere, 1606an errege berriak “asmakuntza pribilegioa” eman zion bere lurrun makinagatik, hau da, diseinatutako makina patentatu zuen. Ezin da esan Aiantzek lurrun makina asmatu zuenik, Antzinarotik ezaguna baitzen lurruna energia iturri bezala erabil zitekeela, baina bai lurrun makina “industriala” patentatzen lehena izan zela. Baita erabilera praktikoa ematen ere. Isilpean, Felipe II.aren garaian abandonatutako Sevillako Guadalcanal zilar meatzeetan jarri zuen martxan lurrun makina. Gainera, sobera zegoen ura kanporatzeko hoditeria –eta termodinamikaren printzipioak– baliatu zituen meatzeetan faltan zegoen aire freskoa sartzeko. Airea elurrez hoztu eta atzera galerietan sartzea lortu zuen. Bestela esanda, aire girotu sistema bat ere asmatu zuen.

1613an hil zen Jeronimo Aiantz. Mende eta erditik gora joan zen Thomas Savery eta James Wattsek lurrun makina, Industria Iraultzaren oinarri eta pizgarri nagusietakoa, patentatu arte. Eta haientzat izango zen Aiantzek sekula jaso ez zuen aitortza eta loria.