“Moderno aitzakian erdara hobesten dugu”

  • Egon edo ez egon bakarkako bederatzigarren diskoa argitaratu du Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964). Horri buruz solas egitekoak ginela iritsi da berria: aurtengo Adarra Saria eman dio Donostia Kulturak, bere ibilbide oparoaren aitortza modura. Elkarrizketaren fokua zabaldu dugu, beraz, eta sariaren aitzakian errepasatu ditugu agertoki gainean igarotako urte luzeak, musikari gisara sentitutako konexio bereziak, erromeria girotik apustu pertsonalago batera jauzi egiteko arrazoiak, eta beste hainbat kontu.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Nola jaso duzu Adarra Saria?

Ez naiz sari zale –ez omenaldi zale ere, eta ez nuen neure burua sekula egoera horretan irudikatu. Zahartu naizen seinale izango da [barrez]. Edonola ere, saria nire izenean etorri arren atzeko talde guztiari zor zaion aitortza gisa ulertu nuen, eta pentsatu nuen baiezkoa esan behar nuela.

Hitza hartu zenuenean Mikel Laboa aipatu zenuen. Zure belaunaldiko musikariek harengandik jaso omen zenuten generoak apurtzeko grina.

Aurreko sarituen talde bereko sentitzen naiz, adinak adin. Lanbide berean ez ezik, ekintza berdinean gabiltza: erresistentzian. Euskara hutsean lanean ari garen kantariok badaukagu kastigu gehigarri bat: ez gaituzte programatzen, eta ez gara erdal medioetan agertzen –gureetan ere gero eta toki txikiagoa dugu–. Halere konpromiso artistikoa hartua dugu euskararen alde lan egiteko, seguru gaudelako euskarak kantu berria behar duela bizirauteko. Munduaren martxa –edo desmartxa– ero honek erronka berriak jartzen dizkigu etengabe. Gozatzen segi behar dugu gure hizkuntzan. Ezin dugu atzera begira bizi, helduleku berriak eskaini behar dizkiogu gure munduari, eta, horretarako, belaunaldi berriei tokia utzi behar diegu puskatzeko, edertzeko, hanka sartzeko, berritzeko. Mikel Laboa beti egoten zen adi gazteen forma berrietara, beharbada berarentzat oso urruneko izan arren. Niri ere asko interesatzen zait zertan dabiltzan ulertzea.

Zure ibilbide osoan antzematen da etengabeko bilaketa grina.

Soinu kromatikoa ikasten hasi nintzen Migel Bikondoarekin. Eskola garrantzitsua sortu zuen, oso maila altukoa. Forma berriak –askotan oso konplikatuak– ikasi behar izaten genituen, eta beharbada mundu garaikide hartatik datorkit bilaketa grina hori. Bestalde, banuen trikitiaren egarri ase ezin bat. Akordeoiarekin saiatzen nintzen soinu txikiaren irrintzi hura ateratzen, baina ez nuen erabat lortzen. Azkenean, nire belaunaldiko askok bezala, soinu kromatikoa utzi eta trikitia hartu nuen 14 urterekin. Junkera, Zabaleta, Motriku, Miren Etxaniz, Imuntzo, Leturia… Kaletarrok baserri mundua inbaditu genuen, eta haiek pazientzia handiz baina goxo hartu gintuzten. Gure begietara itxiagoa zen baserri mundua, eta nekezago sartzen ziren kanpoko berrikuntzak, estiloak, janzkerak… Gu modernoagoak ginen, beste musika batzuek erakartzen gintuzten.

"Trikitiarena oso kuriosoa da: hasieran arrotza, zikina, puskatzailea; gero folklorikoa; hasi gure diskoak ateratzen, eta berriz bihurtu zen arrotza, zikina eta puskatzailea"

Zerk, esaterako?

Rocka eta jazza entzuten genuen. The Beatles, Eric Clapton, Queen, Eagles, country mundua… Euskarazko lehen rock taldeak ere orduan hasi ziren –Errobi, Koska, Indar Trabes–, eta baita Egan, Akelarre, eta tankerako berbenak ere. Denek egiten zituzten kantu anglosaxoien bertsioak. Zein onak ziren! Trikitiaren mundua oso bestelakoa zen. Osabak irakasten zizkidan erromerietako kantak –Amparito Roca, Gallito, Recuerdo Florido, eta antzekoak–, eta baita fandango eta arin-arin errepertorio oso zabala ere.

Zuen erreferentzia berriak erromerietara eramaten hasi zineten?

Hasieran ohiko dantzaldia egiten genuen, baina laster hasi ginen hala moduz eragin berriak sartzen. Trikitian ez zen ia kanta berririk egiten. Soinu handitik hartzen genituen, baina berriak behar genituen –txapelketetarako, batez ere–. Ezinbestean, gu geu hasi ginen kanta berriak sortzen –Jesus Mari Esnaola lizartzarrak asko lagundu zigun horretan–. Diskorik ere apenas zegoen, eta aurreneko proposamenak iritsi zitzaizkigunean hanka motz geunden. Gizarte aldaketa erabateko hartan dena zen berria: baserri mundutik mundu urbanorako jauzia, ikastolak, politika… abertzaletasunak ere irudi berriak behar zituen eta, besteren artean, trikitiari erreparatu zion.

Irakurri izan dizut trikitia instrumentu modernoa zela abertzaletasunak folklorizatu aurretik. 

Trikitiaren ibilbidea oso kuriosoa da. Hasieran –XX. mende hasieran– arrotza, zikina eta puskatzailea zen. Baina jendeak maite zuen, eta ezkutuan bazen ere, erromeriak eta dantzaldiak egiten zituzten. Pixkanaka trikitia euskaldundu zen: eta orduan zen alaia, sanoa eta gurea. Identitatea ematen zion euskal munduari. Folklorikoa bilakatu zen, baserritarrez jantzarazten gintuzten. Baina hasi ginen gure diskoak ateratzen, eta orduan berriz ere arrotza, zikina eta puskatzailea bihurtu zen. To, 180 graduko itzuli mortala! Hura rocka omen zen, ez garai bateko trikitia. Baina gazteek maite zuten, gure atzetik ibiltzen ziren eta, hala, trikitia bihurtu zen euskal musikaren sinbolo eta ordezkari.

Landa munduak jatortasunaren labela itsasteak ere lagunduko zuen…

Etnikotasun modukoa eman zion horrek, bai. Horregatik diot trikitiaren bilakaera oso kuriosoa dela: musika eskola eta kontserbatorio guztietan musika tresna izar bihurtu zen, matrikulazioak beste instrumentu guztien oso gainetik egiten ziren. Albokak, txalapartak edota dultzainak ere sekulako gorakada bizi izan zuten, eta oso birtuoso bilakatu ziren bide horretan. Soinu handia gelditu zen barku horretatik aparte, garai batean oso garrantzitsua izan arren, herrikoiarekin hartu-emana moztua zeukalako.

Trikitiaren zabalpen horren aurrean izan zen erreakzio puristarik?

Bai, izan ziren idatziak gure txapelketen eta kanta berrien kontra. Diario Vasco-n atera zen idatzi bat esanez hori ez zela trikitia, eta bide horretan segituz gero akabatzera zihoala. Auziari buruzko mahai-inguruak ere antolatu ziren. Maila teorikoan kezka sortu zuen aldaketa guzti hark, eta normala ere bazen, belaunaldi aldaketa gertatu zelako. Halere, jende gehienak osagarritzat ikusten zituen betiko trikitia eta olde berria.

Eta zuretzat zer izan ziren txapelketa haiek?

Niretzako selektibitatea bezalako zerbait izan zen, unibertsitatera igarotzeko pasa beharreko peaje modukoa. Aitortza ere bai. Gizarte aldaketa hartan sekulako tiradizoa izan zuten txapelketek, baina injustizia ere bazegoen: lehenari soilik ematen zaio aitortza, eta lehena izan ez denaren estilo eta ekarri artistiko guztia baztertzen da. Pilota partidu batean ez da halakorik gertatuko beharbada, baina artearen mundua subjektiboa da, eta iritzi eta gustu askotarikoak daude. Aipatzen dut selektibitatearena,  txapelketen ondoren hasi zirelako gure ibilbide artistikoak. Halere, kanta berriak aurkezteko parada eman ziguten txapelketek. Sorkuntzan martxan jarri gintuen.

Argazkia: Dani Blanco.

Erromeria giroa utzi eta bakarkako ibilbide pertsonalago bati ekin zenion gero.

Bai, ez zen bientzako tokirik. Txikitan ezagutu nuen kanturako eta letretarako lilura. Osaba-izebek eramaten gintuzten Ez Dok Amairuren kontzertuetara, eta grabatu ere egiten genituen kontzertu haiek, gero transkribatu eta, azkenik, abesti haietako batzuk gitarra espainolarekin kantatu. Ez genituen erdiak ulertzen, baina sumatzen genuen zerbait berezia Xabier Leteren ironian, hitzen dantza horretan, mezuetan, egituretan. Antzera Laboaren Lekeitioekin eta bitxikeriekin.

Aldaketa horiek hor dauden arren, zure ibilbidean sumatzen da apustu batekiko fideltasuna ere. Nola lortzen da hori?

Intuizioz, esango nuke. Hemen hasieran bakoitza bere estiloan gotortzen zen –Euskal Herritik kanpo ere ezagutu genuen antzeko gatazkarik, rocker-en eta mod-en artean, adibidez–. Baina bat-batean formak nahasten hasi ziren, nahasketa horiek ongi etorriak ziren, Kortatu entzuten zuenak Kaxiano entzun zezakeen, Negu Gorriak-ek Bertso Hop atera zuen, Hertzainak-ek trikitidun rocka egiten zuen, Oskorrik folka trikitiarekin,  Ruperrek ere sartu zuen Josu Zabalaren trikitia, Errobik alboka… Zer zen euskal musika? Hainbat erantzun eman zitzaizkion galdera horri. Alde batetik, formak markatzen zuen euskal estiloa –Quousque tandem–; bestetik, berdin zen forma, euskaraz egiten zena zen euskal musika. Gu bigarren talde horretan kokatu ginen, estiloak nahastu genituen nahieran, eta euskal izaten jarraitu dugu. Aldiz, euskal estiloan erdaraz kantatzera bultzatzen gaituzte euskararen kontrako erasoetan dabiltzanek: “Kantatu erdaraz kantaren bat bederen, bestela ez dizut ulertzen eta pena da”. Erdara sartzen badugu saritu egiten gaituzte, moderno izatea erdararekin lotzen da, eta guk ere sarri moderno aitzakian erdara hobesten dugu.

Zure aldarrietako bat da ekologiarena: tokian tokiko musikari bizi baldintza duinak bermatu behar zaizkiola.

Ekologiarena ez dut nik asmatu, baina ondo dator auzi honetara. Gure mundu txiki honetan kanpokoa izaten da beti hoberena, eta kopiatzen saiatzen gara, baina gero gu kanpora joan garenean gure gazta dastatu nahi izaten dute, ez gure Coca Cola. Euskaraz entzun nahi gaituzte, ez ingelesez. Horrek erakusten zuen mundua bakoitzak beretik osatzen dugula, eta ordutik hasi nintzen gureari garrantzi handiagoa ematen, eta duintasuna eskatzen. Kanpoko taldeak ondo ordaintzen dira Euskal Herrian, baina bertakoak prekarioago gabiltza: arazo asko dauzkagu kontratuetan, ogasunean oztopoak besterik ez dizkigute jartzen. Orain gutxi, euskarazko sortzaile profesionalak Lanartea elkartean batu gara. Guztion artean presio eginez beharbada lortuko dugu duintasun pixka bat gure lanbidean.

Egon edo ez egon kaleratu berri duzu, kanta berriz osatutako azken diskotik zortzi urtera. Nolakoa izan da prozesua?

Testutik abiatzen naiz. Haren erritmoak eta tonuak eramaten naute doinua asmatzera. Tristea, dramatikoa, ironikoa… jantzirik egokiena josten saiatzen naiz. Gero, disko osoaren soinu tratamendua diseinatu behar da. Kasu honetan, egungo taldearekin grabatzea erabaki nuen, eta moldaketak egiten hasi nintzen. Kanta batzuk harizko orkestrarekin probatzeko gogoa ere banuen. Azkenean, erritmo dantzagarria eta testu serioagoa elkarrekin jarri ditut, eta alderantziz. Testu umoretsuak moldaketa klasikoagoarekin nahastean oreka eder bat lortu dudala iruditu zait. Soinu kromatikoa ezinbesteko tresna izan dut doinua sortzeko eta moldaketak egiteko. Hark lagundu dit bilatze eta antolatze prozesuan.

Diskoaren promozio bideoetan Chill Mafiakoen laguntza izan duzu. Erreferentetzat zauzkate haiek. Gogoratzen al duzu zure ibilbidean zehar izandako beste konexio indartsurik?

Diskoa grabatu eta gero hurbildu ginen Chill Mafiakoengana, promozioa diseinatzerakoan –beren kantuetan aipatzen nindutela konturatu ginelako–. Musikan askotan sentitu ditut konexio bereziak: 16 bat urte izango nituela, adibidez, Errobiren Orioko kontzertuan txundituta gelditu nintzen. Anje Duhalde, Mixel Ducau, Beñat Amorena eta Jean Paul Gill. Zer zen hura! Ez nuen ordura arte maila hartako rock bandarik ezagutu, sekulako soinua zuten zuzenean. Beste kontzertu ahaztezin bat ere gogoratzen dut: Herri Irratiak antolatu zuen “24 orduak euskaraz”. Belodromoa bete, hango tentsio eta metxero festa! Euskal kantagintza modernoaren ordezkariak kantuan, eta tartean Sakabi eta Egañazpi, Laja eta Iturbide. Izugarria izan zen. Azken bat aipatzearren: Intxaurrondoko kultur etxean Broken Brothers izeneko Iruñeko talde batekin maitemindu nintzen. Zer indar eta zer trebetasun! Tartean Ion Celestino izeneko bat zebilen. Kontzertu bukaeran agertokira hurbildu eta nire lilura adierazi nion. Hark ezagutzen ninduen. Ordutik hona bi disko egin ditugu elkarrekin.

Saritu berri, gazteak laudorioka… aparretan zaudela esango luke edonork.

Errekonozimenduak plazera ematen du, eta zure lana baloratzen dela esan nahi du. Askotan kontrakoa gertatzen da ordea, eta horrek ezinegona sortzen du –asmatu ezarena, edo lan txar bat aurkeztu izanarena–. Azken disko honekin, elkarrizketa batean erdal kazetari batek miresmenez bota zidan: “Me alegro de que hayas vuelto a la música” (“Pozten naiz musikan zabiltzalako berriz”). Sekula ez diot kantatzeari utzi! Ikusgarritasun handiagoa behar dugu gure medioetan. Herriro antolatzen diren jaialdi erraldoietan euskal taldeen presentzia txikia da, salbuespenak salbuespen. Telebistan ere ez daukagu duintasunez agertuko garen musika saiorik. Eskatzen hasiz gero, horiek denak eskatzen ditut [barrez].


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Existentzia mugimenduan jartzea

TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an

-----------------------------------------

Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


2024-12-20
Benetako gozoki musikala

Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta  I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]


2024-12-20 | Iñigo Satrustegi
Nora egon gara begira

Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.

-----------------------------------------------

Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]


2024-12-15 | Iker Barandiaran
Atzera begiratu, hausnartu eta dantzatu… madarikatuak!

Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024

------------------------------------------------

Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]


Kobane hiriaren aurkako erasoaldia hasi du Turkiak

Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


2024-12-06 | Xalba Ramirez
No Nerbioi

Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022

-----------------------------------------------

Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute:... [+]


Eguneraketa berriak daude