Rosalia, Madonna, Justin Bieber… gero eta gehiago dira hortzetan drillz izeneko harri bitxien inkrustazioak edo metal preziatuzko zorroak dauzkaten pertsonaia ezagunak. Baina moda ez da berria.
Maien zibilizazioan inkrustazioak egiteko ohitura hori zabaldua zegoen nobleen artean: prozesua oso mingarria omen zen, baina, berriki, hortz zulatuetan bitxiak itsasteko erabiltzen zuten zementua aztertu dute, eta ondorioztatu dute praktika horren helburua ez zela soilik estetikoa.
Journal of Archeological Science aldizkarian jaso dutenez, itsasgarri hura, besteak beste, pinu erretxinaz eta menta olioz egina zegoen eta txantxarra nahiz ahoko infekzioak prebenitzen laguntzen zuen.