40 gradutik gorako tenperatura izanda, nola atera daiteke bat etxetik? Maiatzaren erdialdean Kataluniako lagun batekin solasean ari nintzela, zera aipatu zidan: “Maiatzaren erdian honela bagaude, uda infernu moduko bat izango da”. Garai bertsuan, komunikabideetan irakur genezakeen Indian eta Bangladeshen 40-50 gradu bitarteko tenperatura zutela, eta baita inoizko uholderik handienak ere. Hainbat adituk diote aldaketa klimatikoa migrazio arrazoi nagusia izango dela etorkizunean.
Larrialdi klimatikoaren afera nonahi irakur dezakegu, eta hainbatek zalantzan jartzen badu ere, bost zentzumenekin senti ditzakegu naturak muturreko hotz-beroen bitartez egindako seinaleak. Debateak sinplifikatzeko joera dugun garaiotan, hainbatetan krisialdi ekologikoa klimarekin bakarrik lotzen da, eta bistakoa da ingurumenaren narriadurak askotariko ertzak dituela. Ezin ahaztu, esaterako, lur eta landarediarekin loturikoak. Klimaren kontzeptuak ukiezina dirudi, eta ukiezintasun hori, aldaezintasunarekin lotzeko arriskua dago.
"Teknologiaren garapena nahikoa izango ote da krisi honi aurre egiteko? Egunetik egunera oihartzun handiagoa duen ekonomia zirkularrak zurrunbilotik aterako ote gaitu?"
1972an Hazkundearen Mugak txostena argitaratu zenetik (Meadows txostena moduan ezaguna) mende erdia pasa da dagoneko, eta bertan zehaztu zirenak ez dira arrotzak egungo testuinguruan: gurean dugun ekoizpen- eta kontsumo-ereduak ezin du mugarik gabe hazi, natura ez baita bere gain hartzeko gai. Are gehiago, Aztarna ekologikoaren sare globalak dioena kontuan hartuz gero (footprintnetwork.org), Euskal Herrian dugun eredua mundu mailara hedatuz gero, gutxi gora-behera maiatzaren 9tik aurrera ekoitzi eta kontsumitutakoak lurrak xurgatzeko duen ahalmenetik at leudeke (urte naturala oinarri izanda).
Informazio hau guztia ezaguna da gehiengoarentzat; zoritxarrez, katastrofikoak diren aurreikuspenetara ohituak baikaude dagoeneko. Honela, horien aurrean, diskurtso orlegi bikainak eratu ditugu, garapen iraunkorra edota ekonomia berdea gisakoak. Hainbatetan, iraunkortasuna hazkunde ekonomikoaren bigarren abizen gisara planteatu ohi da; hots, sistema ekonomikoak kontuan hartu beharreko elementua bailitzan. Ekonomia eta enpresa ikasketetan, garai batean, externalizazioen gisan ikasi genituen; hots, sistema ekonomikoak inperfekzioak zituela adierazi nahi zen. Baina, egiatan, sistema ekologikoa da marko nagusia, hori gabe, ez legoke beste ezer, existentzia bera ere ez.
Historian izandako gertaerek garbi utzi dute hazkunde ekonomikoa, bere horretan, ez dela jasangarria, ez ekologikoki, ezta sozialki ere. Baina, kurioski, oraindik ere, notizietako lehen lerroetan titular positibo gisan erakusten da. Planetak inoiz izan duen kontsumo-tasa altuena omen dugu lurralde aberatsak deiturikoetan bizi garenok. Hainbat kasutan, gainera, txirotuak izan diren herrialdeetako low-cost ekoizpen-prozesuen eta gehiegizko erauzketa prozesuen gain dago gure hazkundea.
Askok teknologia berrietan jarri ohi du arreta eta itxaropena, egiteko modu berrietan, ekologikoagoetan, alegia; baina teknologiaren garapena nahikoa izango ote da krisi honi aurre egiteko? Egunetik egunera oihartzun handiagoa duen ekonomia zirkularrak zurrunbilotik aterako ote gaitu? Ez ote dira itxura ederrez beteriko hitz hutsalak? Posible da mugimendu horiek guztiek aztarna ekologikoa txikitzen laguntzea, baina ikertzailea eta militante ekofeminista den Yayo Herrerok dioen moduan, Iparraldeko lurralde aberatsetako desazkundea ez da aukera bat, saihetsezina den gertaera baizik.