argia.eus
INPRIMATU
Terapietarako balak
Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko ekainaren 02a
Terapia | Ødei | Egilea editore, 2022

Azkenean egin du. Azkenean, urtetako ibilbidearen ostean, Odei Barroso bertsolariak atera du bere bakarkako lehen lana. Tira, bertsolaria ez. Raplaria baita bertsolari izan aurretik. Baina bertsoaren jakintza ondo baliatuta dator, esatekoak zituenak errimaz esateko eta periferiatik astintzeko astindu beharrekoa.

Erritmoa sendoa, eta pausoak pausatu, zorrotza da disko honen lehen abizena. “Ez dut tiro egiten gratuitoki, balak garesti daude”. Gratuitoki ez, baina ez dirudi asko aurreztu duenik, balak garesti egon arren bata bestearen atzetik bota baititu. Inor salbatu al da bere kritikez?

“Rapero matxito”, “hater master” eta musika industrian ikusten dituenak ditu begiz jota Odeik, batez ere. Hainbeste marka, klik eta zenbakitik ihes egin, eta rapak eta kulturgintzak behar duten sustrai eta iparrorratzez ari da. Antzekoa politikan: “Guztia dakusat laino, nola heldu gira honaino, etsaien lagun bilakatu gara lagunak etsai bihurtzeraino”.

Badu biluzte ariketatik ere –Terapia izena ez da alferrikakoa– eta kontatzen dizkigu amaren galera, nerabezaroko beldurrak eta beste. Intimoagoak diren horietan topatzen dut indar handiagoa, eta egia gehiago. Akaso aukeratu diren gainontzeko gaiak entzunagoak direlako, edo jorratzeko moduek bestelako buelta bat izan zezaketelako.

Ez gaitezen tronpatu hala ere: lan hau geniala da. Baina ziur naiz ez dela izango Odeiren hoberena. Entzunaldi bakoitzean topatzen dituzun harribitxi berri horiek, urruñarra errimen maisu direla baieztatu besterik ez dute egiten. Lana kaleratzeko bidea zaila izan dela dirudi, bultza dezagun datozen lanak errazagoak etor daitezen.

Hitzen abiadurak ekarri dezakeelako ekintzetan erritmoa bizitzea: “Ez nintzen sortu ahalduna, hemen bakoitzak ahal duna, emaidazu nahi duzuna, nahiago zintzotasuna, dioten askatasuna, saltzen den normaltasuna larrosa itxuraz asuna, zer? Eskutan hartzen dut luma, osatzen doa bilduma, inoiz banaiz ezaguna, ez zait puztuko garuna, ez dut ahantziko laguna, iraganeko jarduna, heldu naizelako huna, guzieri esker”. Heldu dadila bai, behar duen leku guztietara.