Urte batzuetatik hona, SATE modako hitza bilakatu da hiztegi arkitektoniko eta etxebizitza-eraikin komunitateetan. Eraikinari beroki bat jartzearen parekoa da, berezko fatxadaren gainetik tenperatura aldaketatik babestuko gaituen azal bat gaineratzea. Eta aurrerantzean gehiago entzungo delakoan nago, Europatik jasoko diren dirulaguntzek gure eraikinak etorriko denari hobeto prestatzeko teknika bultzatzen baita, eta emaitza oso onak ematen dituelako. Ohartuko zineten gure kaleetan aldamioak topatzen ditugula gure ibilbidean geroz eta gehiago, garai batean bezala, fatxadak garbitzeari ekin genionean. Oraingoan, eraikinak termikoki hobeto funtzionarazteko da, energia eta ekonomiaren auzian arkitekturak eskaini dezakeen baliabideetako bat.
Ez da ohikoa arkitektoek plaza publikoa hartzea gizarteraturiko gai batean posizionamendu argi bat agertzeko, ez gara kolektibo polemikoa, are gutxiago gizartean onarpen altuko gai baten inguruan. Eta SATEarekin gertatu da. Eraikuntza teknikaren onurak ezbaian jarri gabe, teknika honen ondorioetan ardura dagoela azaldu da. Jaka berriak aurreko fatxadako arkitektura ukatzen duenean, berokiak metalezko txapa baten akabera duenean eraikinaren berezkotasunak ezabatuz, beste eraikin bat azaltzen da paisaia urbanoan. Eraldaketaren kontrako erresistentzia baino, arkitekturaren aldeko garrasia da, irudimen kolektiboan fatxaden arkitekturak sortzen duenaren suntsipen baten alarma bat. Kalitate arkitektonikoa eskatu nahi da materialtasun eta teknikaz harago; eraikinaren konposaketa, materialen ehundura, leiho eta hutsuneen gorpuzketa bolumetrikoa, kolorearen erabilera… aintzat hartzea. Aurreko belaunaldiek utzi diguten paisaia urbanoaren oinordea zaintzea alegia; paisaia hau ez dute izen argitsua duten arkitektoek burutu, ez daude babes bereziko zerrendan, baina garai bateko kontakizuna dira, xumeak eta duinak. Ekologiaren izenean teknologiaren banderak itsutu ez gaitzan eskatzen dugu.