argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Odi et amo
Aritz Galarraga 2022ko ekainaren 02a

Eta basoaren kontra, noski, hiria. Kontrara, behintzat, lehenik basoak inguratzen baitzuen espazio humanizatua, eta gero espazio humanizatuak basoa. Hori da eredu industrialak ekarri zuen giza antolamendua. Eta antolamendu horrek hiri handien egikaritzea. Adibidez, Paris, zeina XIX. mende erdialdera zen munduko hiriburu, munduaren erdigunea. Bertan jaio zen, hain zuzen, 1821ean, Charles Baudelaire. Eta, esaten denez, ez zuen bereziki maite jaiotzen ikusi zuen hiria.

Gezurretik ez du: hiri moderno mugagabea, bere zarata eta amorru guztiarekin, harentzat baita “jendetza”, “kaosa”, “hiri izugarria”. “Goizeko oren batean” poeman, esaterako, zera dio, Orpustanen bertsioan: “Azkenean! bakarrik! Ezta gehiago karrosa berandu eta ahitu batzuen burrunba baizik entzuten. Oren zenbaitez, ixila ukanen dugu, atsedena ezpada. Azkenean! gizabekokiaren tirania ezeztatu da”; eta aurrerago: “Bizi laztagarria! Hiri laztagarria!”. Baina, ze gauza bitxia, hiriari zion gorroto horren ondoan, kontxo, agertzen da sentimendu bat konplexuagoa, tentsio, anbibalentzia, dualtasun bat, lerro honek ezinhobeki laburbiltzen duena: “maite zaitut, hiri doilorra!”. Alegia, aldi berean zela gorroto eta adoramendua, aldi berean erakartzen eta pusatzen zuela mundu modernoak, nor eta modernitatearen asmatzailea. Odi et amo, beraz: horrorea eta estasia, errefusa eta desioa garaiko aldaketa handien aurrean. Antoine Compagnonek argitzen digu: antimodernoak ordezkatzen du egiazko modernitatea, bizitza modernoari aurre egiten dionak, harekin ezinbestean lotuta egonagatik ere. “Beltxarga” poemak, beraz, islatuko luke ondoen poetaren aldartea: “Paris zaharra ez da existitzen (hiri baten itxura / Arinago da aldatzen, ondikotz! hilkor baten bihotza baino)”.

Sánchez-Ostizek zioen: “hiria, aldekoa ez bada, lehenbailehen atzean utzi beharreko giltzarrapo bat da”. Baudelairek, hala ere, ez zuen sekula Paris kitatu, hain handia zen harekiko dependentzia.