argia.eus
INPRIMATU
Helduontzako zentroak
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2022ko maiatzaren 23a

E l Correo, David González (2022-IV-19): “30 bat adin gutxikok beren bidetik zetorren oinezko bati eraso egin diote Gasteizen. Inguratu eta ostikoak eta ukabilkadak jo dizkiote. Erasoa segundo batzuetan luzatu eta taldea sakabanatu da, biktimak laguntza eskatu eta ertzaintzaren lehen patruilak agertu direnean”.

Udaltzaingoak ere egin zituen adierazpenak: "Nerabeen arteko liskarrak ohikoak diren arren, holako eraso bat berria eta kezkagarria da, mota horretako lehenengoa" (gure hiri, esan gabe doa, lasaitxoan).

David González eta biok Txagorritxun bizi ginen txikitan, eraikin berean. Gure nerabezaroan, aldameneko eraikineko atezainari eraso zioten gaztetxo batzuek; hainbat saihets-hezur hautsi zizkioten, eta hiru hilabete eman zituen ospitalean. Orduko Gasteizen, edozein parketan ematen zizuten paloa: erlojua, arropa eta dirua indarrez harrapatu. Egunero zeuden liskarrak: auzo batekoak bestekoen kontra, heavyak, punkak, blusak, mod-ak, borrokak eta pijoak. Liskarzaleenak tren geltokian geratzen ziren street fighter egiteko (etxean egindako lutxakoak, makilak, harriak...).

"Guaiagoak eta modernoagoak bagara ere, gure familiek segitzen dute izaten instituziorik ukitu ezinenetako bat, eta geu gaude orain ontziko lemazain"

Gonzálezen ibilbidea jarraitu dugunok badakigu irakurtzen bere esan-gabe-doa horietan ere. Adibidez, bestelakorik esaten ez zaigunez, badakigu 30 eraso-egile horiek azal zurikoak direla. Eta bestelako markarik ere ageri ez denez, pentsatzen dut familia ‘normal’etako seme(alaba)k direla. El Correo familiak.

Gure kuadrillan berehala hasi ginen Telecinco-ren mailako tertulia moduan. Lehenik, jipoia pairatu zuen gizonarekin enpatia izan genuen, ohiko arrazoi logikoez gain, dagoeneko belaunaldi kidetzat hartu genuelako, nerabe banda horren aldean, behintzat. Bestalde, eraso egileak adin txikikoak izanik, aipatu zen erasoa musu-truk irtengo zaiela sistema garantista honetan.

Alabaina, bagenuen enpatia izateko moduko 60 bat azal zuriko gasteiztar gehiago esan gabe doa-ko atalean: 30 nerabe horien gurasoak, gure belaunaldi kideak. Izan ere, guaiagoak eta modernoagoak bagara ere, gure familiek segitzen dute izaten instituziorik ukitu ezinenetako bat, eta geu gaude orain ontziko lemazain: xaharrei azaltzen diegu nola bizi, ume eta gaztetxoei bidea erakusten, irakasleak kritikatzen ahal ditugu, sistema, musika eszena, Ukraina, dena. Berdin du. Hori bai, gure kuadrillakoek, anaiek, gelakideek, guk geuk ez diegula kasu handirik egiten umeei, txiki-txikitatik bakean utz gaitzaten mugikorra ematen diegula, kontrolatu, oihukatu, gaizki tratatzen ditugula? Hor inor ezin da sartu.

“Espetxeak apurtu” oihukatutakoa naizenez, helduontzako zentroak aldarrikatu nahi ditut: maiztasun jakin batekin heldu guztiok (batez ere espektatibak bete ditugunok: familia, lana, etxea...) barnetegiak egin, eta gero gure bizitza arruntetara itzul gaitzaten.

Esan gabe doa, premiazkoa da.