argia.eus
INPRIMATU
Kontatu ipuin bat...
Xabier Etxaniz Erle 2022ko maiatzaren 18a
Elmer eta lotarako ipuina | David Mckee | Erein-Igela, 2021

David Mckeek 1969an idatzi zuen, Paul Klee margolari suitzarraren eraginez, Elmer koloretako elefantearen istorioa. Liburu hark ezberdinen arteko harremana eta errespetua errebindikatzen zuen. Elmer ez da beste elefanteak bezalakoa, eta hori Elmer protagonista izan den liburuetan ikusi ahal izan dugu. Euskaraz zortzi liburu argitaratu dira Elmer bilduma barnean, azkena Elmer eta lotarako ipuina, iazko azaroan. Eta horixe dugu egilea hil aurretik argitaratu den azkenekoa euskaraz. Izan ere David Mckee joan den apirilaren 6an zendu zen gure artean ia-ia inolako oihartzunik izan gabe –nahiz eta hainbat liburu, arestikoez gain Orain ez, Beñat zoragarria esaterako, argitaratuak izan euskaraz–.

Aurreko liburuetakoen antzera, album honen argumentua oso sinplea da: “Elmer, koloretako elefantea, arratsaldeko ibilalditxoa egitekotan zela, bi elefante kume agertu ziren, beren amarekin.

–Kaixo, Elmer –esan zuen amak–. Zainduko dituzu Stella eta Mel, mesedez? Ahizpa ikustera joan behar dut”.

Eta Elmerrek Stella eta Mel zaintzeaz gain lokartu beharko ditu; Elmerrek, orduan, paseo bat ematea erabakitzen du, ibilaldi nekagarri baten ondoren berehala lokartuko direlakoan; paseoan zehar, berriz, basoko hainbat animaliarekin topo egiten dute eta hauek behin eta berriro lelo bera esaten diote Elmerri: “Kontatu ipuin bat, eta ziplo lokartuko dira”. Eta animalia bakoitzaren kumeren batek bere gogoko ipuina aipatuko du: “Galleta magikoari buruzkoa”; “Itzala galdu duen munstroari buruzkoa”, “Oihartzunari buruzkoa”… azkenean lotarako ipuina kontatzea tokatzen denean Stella eta Mel bakarrik ez, Elmer bera ere lo ziplo geratuko da.

Mckeeren ohiko kolore pastelek alaitasun eta ikusgarritasun berezia ematen diote kontakizunari, animalien trazu sinpleak dira, arkatzaren bidez eginak, eta kolore bizi eta alaiek bista alaitzen dute Elmerren ateraldi eta istorio guztietan bezala.

Istorio polita, berriro ere koloretako elefantearena, sinplea eta alaia; eskuzabaltasuna, lagunen arteko giroa edo norberak bere ideiak aurrera eramatearen garrantziaz ari dena; hori bai, beti umore ukitu batekin.