argia.eus
INPRIMATU
E, peña: animo, e
Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko maiatzaren 18a
Argazkia: Unai Bellamy

Zer gara gu, nor gara gu, euskaldunak gara gu? Euskal gazteriaren identitate eta krisien korapiloak oholtza gainean okaztatu ditu Formol laborategiak, euskal teatroan, itxuraz, azkura eraginez. Ez delako teatro obra dramatiko eta poetiko bat. Zintzotasun eta biluzte ariketa bat delako. Eta Mikel Ibarguren eta Intza Alkain jenialen barrenak ikustean, elkarrekin topo egiten dugulako. Guk bai, behintzat.

'Album' antzezlana
NOIZ: Apirilak 28
NON:  Biteri aretoa (Hernani)

Umore absurdoaren belaunaldia izan gara. Baina gure manifestuetan hizkuntza poetiko jasoa entseatu nahi izan dugu: alta, arestian aipatu bezala, eta bla eta bla. Akkuratuak esan bezala: Fuck hunkigarrismoa. Noiz utziko diogu gure buruei nahi duguna egiten?

Zeren subjektu neoliberalaren zama dugu bizkarrean: “Izan zaitez zu zeu”. Baina zertarako gu geu? Gugandik espero duguna izateko? Gu geu izan zuk zeuk ni neu onartzeko? Eta zuk ni onartzeko maitatu behar dut nire burua? Zer espero duzue niregandik? Subjektu neoliberalak erantzun ezin dituen galderak, depresioaren, antsietatearen eta buru gaixotasunaren zamarekin, etengabeko jakinarazpen, zarata eta disoziazioen etenarekin. [Eta gizonaren inteligentzia emozional ezak ez du laguntzen: “Intza, orduan zein da problema?”].

Motxila da berdintzen gaituena: “DBH, 18 urterekin aske izango zarenaren ideia hain fuerte sentitzea. Motxila da gizon kuadrilletan besarkadak ematea bakarrik zerbait larria gertatu denean –motxila dira gizonak–, motxila da inoiz norbait bortxatu duzun ala ez ez jakitea”.

Motxila da, azken finean, gauza partekatu bat. Gure haurtzaroa, nerabezaroa, gaztetasuna eta heldutasuna lotzen dituzten bizipenen hari singlean koherentziarik ez topatzea. Gurasoei parrandan ateratzeko baimena eskatzen genien bitartean beste norbaitekin lehen esperientzia sexual trakets eta traumatikoak izatea, drogak probatzea eta kale borrokan aritzea. Edo, hain zuzen, ez aritzea.

Motxila delako, nolabait, Euskal Herrian identitate politiko eta kulturala sortzeko, aurretik datozen borroka eta irakaspenen ondarea hartu eta bere hondarretan ito izana. Gure boomer alaienean bakarrik topatzen dugu zintzotasuna: “Hemen okerreko belaunaldikook, ezertan asmatu ez dugunok, norbera bere lotsaz ardura dadila, gu geureaz arduratzen garen bezala”.

Gure belaunaldiak asma ditzala munduan egoteko manera berriak, askatasunak praktikan jartzeko. Aurreko belaunaldietakoak euren akatsak onartu eta umiltasunez hurbiltzen badira, askoz hobe. Eta jarraitzen badu “gure garaian” kantinelak, egin dezagun haietaz barre. A, noski, eta gure buruaz barre. Zeren hau guztia bagenekien, baina elkarrekin onartzea besterik ez zitzaigun falta.