Gaur paper zuri baten aurrean nago, zer idatzi ez dakidala. Blokeoa, frustrazioa eta segurtasunik eza azaleratzen dira, artikulu hau entregatzeko epemuga hurbildu ahala. Ez da gertatzen zaidan lehen aldia, baina oraingo honetan ez daukat kontatua izatea merezi duen gaurkotasuneko gairik.
Gizarte indibidualista eta azkar honetan denetarik jakin behar duzu, gai izan behar duzu edozein gairi buruzko iritziak izateko, eta jendeak balioztatzeko adinako konbentzimenduarekin eskaini behar dituzu, pertsona horiek zure planteamenduekin ados egon ala ez. Horretan bihurtu gaitu “iraultza digitalak”, gogoeta egiteko ia parentesirik ez duten izaki, eta are garrantzitsuagoa dena, zalantzarako tarterik gabeak. Antsietatea kudeatzera eta gure bertsio onena eskaintzera behartuak, sare sozialen fikziozko munduan.
Bitartean, konpartimentu txikietan gordetzen ditugu egunero zeharkatzen gaituzten emozio guztiak, gure izatearen leku ezkutu batean, askotan ez baitago merezi duten garrantzia emateko lekurik, denborarik, espaziorik. Bizi-erritmoak estutu egiten gaitu, eta ez digu uzten gertatzen zaiguna birplanteatzen, bizipenak digeritzen eta haietatik irakaspenak ateratzen.
"Bizi-erritmoak estutu egiten gaitu, eta ez digu uzten gertatzen zaiguna birplanteatzen, bizipenak digeritzen eta haietatik irakaspenak ateratzen"
Pandemia batetik ateratzen ari gara, beste gerra bat heldu da, eta noiz hasi zen gogoratzerik ere ez dugun krisia sakonagoa egiten da. Berlingo Harresia erori ondoren jaio garen belaunaldia kolapsoaren ideiak mehatxatuta hazi gara. Pribatizazioa, prekarietatea, langabezia, etxegabetzeak hitz garrantzitsuak dira gure eguneroko hiztegian.
Horrek guztiak muturreko egoerara eraman gaitu, osasun mentalaren hondamendira. Espainiako Droga Menpekotasunaren aurkako Laguntza Fundazioaren arabera, estatuko 15 eta 29 urte bitarteko bi milioi gaztek (%30) buruko arazoak izan dituzte azken urtean. Osasun Sistema Nazionalaren Osasun Mentaleko Estrategiak dio tratamendua behar duten pertsonen erdiek baino gehiagok ez dutela jasotzen, eta ehuneko esanguratsu batek ez duela egokia jasotzen.
Datu horiek lotura zuzena dute gure bizitzak itotzen dituen produktibismoarekin: osasun mentaleko arazoen %11 eta 27 artean lan-baldintzei egotz dakizkieke, UGTren txosten baten arabera. Aldi berean, osasun mentaleko arazoak dituzten hamar pertsonatik zortzik ez dute lanik, Estatistikako Institutu Nazionalaren zifrek erakusten dutenez.
Duela egun batzuk, nire erreferente handienetako bat agurtu nuen, gehien maite izan dudan pertsonetako bat: nire aitona, l 'avi. 101 urte bete zituen, hainbat faktorerengatik, baina ziur nago badirela bi zerikusi handia izan zutenak: gutxi hitz egiten zuen eta asko entzuten zuen; eta inoiz ez zituen, inoiz, gauzak azkar egiten. Beti hartzen zuen behar adina denbora prozesuak lasaitasunez ireki eta ixteko.
Bada esaldi bat Marrakexeko bazarreko postuetan lan egiten dutenek turistei errepikatzen dietena, prezioak eztabaidatzeko astirik hartu gabe aritzen direnean erosketan dendaz denda: «Presak hil egiten du, lagun». Ez dezagun inoiz bistatik galdu, eman diezaiogun denbora denborari.