argia.eus
INPRIMATU
Konexioa
Nerea Ibarzabal Salegi 2022ko maiatzaren 09a

“Orrialde batean idatzitako berbak osatu gabe daude. Ez-fikzioko obra, poema edo nobela amaituko dira baten batek hartu eta bere arreta eskainitakoan. Konexioa kolaboratiboa da. Berbak irakurri egin behar dira esanahia izan dezaten”.
–Kae Tempest, On Connection–.

Zuk emango diezu esanahia berba hauei. Zubi bat agertu da bion artean, eta letrarik letra zaramatzat begietatik helduta, bazatoz. Beharbada ez dugu beste ezertan bat egingo zuk eta biok, edo hori uste izan dugu, gehienetan “bestea” definitzeak definitzen duelako “ni”-a, baina oraindik hemen jarraitzen baduzu, baliteke gure ateak hasieratik zabalik egon izana, baliteke hizki hauek garandu ahala gure buru barruetan entzuten dugun ahotsa berbera izatea biontzat. Zein ahots entzuten duzu zuk? Nik hau.

"Oraindik zubi honetan jarraitzen baduzu, nahi nuke zuk jakitea nire atearen gaineko ardura hartuko dudala, eta zabalik utziko dudala ahal bezain bestetan"

Tempestek dio 2014ko ikerketa batean fenomeno kuriosoa frogatu zutela. Hainbat laguni eskatu zioten bideo batzuk ikusteko. Irudietan aktoreak ageri ziren eskuak ur izoztutan sartzen, pertsona ezezagunak ikusleentzat. Antza denez, ikusleen eskuetako tenperatura jaitsi egiten zen irudi hauei erreparatu ahala. Parekoaren egoerari fisiologikoki erantzuteko gai garela egiaztatu zuten horrela, enpatia fisikoa ere izan daitekeela, alegia.  

2017an ildo bereko beste ikerketa bat egin zuten, eta ondorio berera iritsi ziren orduan ere. Antzerki obra bat ikusten ari zen publikoaren bihotz taupadak monitorizatu zituzten. Berehala jabetu ziren taupadak sinkronizatu egiten zirela, ikuskizuneko une berdinetan bizkortuz eta mantsotuz. Erantzun-sistema honek erakusten du hasieratik gaudela prestatuta ulermen emozionalerako eta talde kohesiorako.

Alferrikako samarra irudi dezake honek guztiak Hirugarren Mundu Gerraren atari moduko honetan, hainbeste denean elkarrengandik urruntzen gaituena, hainbeste amildegi daudenean gure bizimoduen artean. Batasunerako deia tranpa bat izan daiteke, argi dago hori.

Baina, oraindik zubi honetan jarraitzen baduzu, nahi nuke zuk jakitea nire atearen gaineko ardura hartuko dudala, eta zabalik utziko dudala ahal bezain bestetan, zirrikitu bat bada ere. Saiatuko naizela oskol ez bilakatzen eta errua beti besteari ez egozten, kalean, oholtzan, pantailaren beste aldean. Atea zabalik utzi dudan aldiro harritu nauelako nork gurutzatu duen, eta zerbait ikasi dudalako beti. Itxitzat neuzkan ateak ere zabalik zeudelako askotan. Agian ez gara zubitik haratago joango, baina begira, honaino iritsi gara elkarrekin.