1950eko hamarkadan, Eurovision abesti txapelketa sortu zenean, Europako herrialde baten garaipen militarra eta beste askoren porrota ospatzen duen XVII. mendeko Te Deum pieza hautatu zuten txapelketaren himno gisa. Himnoak himno, berriki Eurovisionek garbi adierazi du gerraren aurkako jarrera. Baina hala izan al da beti?
Sternkirke (Flandria), 1692ko abuztuaren 3a. Frantziaren eta Augsburgotar Ligaren arteko Bederatzi Urteko Gerraren baitan, lehenek mendean hartu zituzten flandiarrak –eta haiekin bat egindako espainiarrak, ingelesak, eskoziarrak eta alemaniarrak–. Sternkirkeko garaipena ospatzeko, frantziarrek konposizio bat eskatu zioten Marc-Antonine Charpentier musikariari. Charpentierrek Te Deum obra erljiosoa osatu zuen, kutsu militar nabarmenekoa.
Bi mende eta erdi geroago, 1950eko hamarkadan, gerraosteko Europa berreraikitzeko lanetan buru-belarri zegoen, baita arerio izandako herrialdeen arteko harremanak berregiteko ahaleginetan ere. Europako Irrati-Telebista Batasunak (EBU), harreman baketsu horiek jai giroan estutzeko abesti txapelketa bat antolatzea erabaki zuen eta 1956an lehenengoz egin zuten Eurovision Abesti Txapelketa. Paradoxikoki, Europako herrialde baten garaipen militarra eta beste askoren porrota ospatzen duen Te Deum pieza hautatu zuten txapelketaren himno gisa.
Israelek lau aldiz irabazi du Eurovision eta hirutan egin da jaialdia herrialde horretan. Eta sekula ez zaio boikotik egin
Himnoak himno, berriki Eurovisionek garbi adierazi du gerraren aurkako jarrera. Errusiak Ukraina inbaditu zuenean Suedia eta Finlandiako ordezkaritzak mehatxu egin zuten ez zutela jaialdian parte hartuko Errusiak parte hartuz gero. Otsailaren 25ean EBUk ofizialki Errusiako ordezkaritza egotzi zuen 2022ko ekialditik; Europako lehen erakunde ofiziala izan zen Errusia “zigortzen”.
Kontua da 1973an Israelek lehenengoz parte hartu zuela Eurovisionen. Israeldarren eta palestinarren arteko gatazka aspaldi piztua zen eta 1970eko hamarkada bereziki gordina izaten ari zen. Geroztik Israelek lau aldiz irabazi du Eurovision eta hirutan egin da jaialdia herrialde horretan. Eta sekula ez zaio boikotik egin. Azkenekoz 2020an ospatu zen jaialdia Israelen, eta herrialde guztiek txintik esan gabe parte hartu zuten. Islandiako ordezkariek, puntuaketen zain zeudela, Palestinako bandera eta palestinarren aldeko mezu bat erakustea lortu zuten segundo gutxi batzuez, antolakuntzaren arau eta neurri guztien aurka.
2005ean, jaialdiaren 50. urteurrenaren atarian, EBUk erabaki zuen ordu arteko irabazle guztien artetik onena aukeratu behar zela, eta ikusleek Waterloo aukeratu zuten, 1974an Abba talde suediarra ezagun egin zuen kanta. Abesti horretan Waterlooko gudua maitasunaren metaforatzat erabiltzen da. Eta, hortaz, Eurovisioneko garai guztietako irabazle ezin egokiagoa da, gerra eta bakea, inbasioa eta maitasuna, politika eta musika komeni bezala ulertzen eta nahasten dituen jaialdiarentzat. Himnotik bertatik hasita.