Azken yámana

  • Cristina Calderón amona hil da, Ameriketan, Suaren Lurraldean, 6.000 urtez bizi izan ziren indigenen yámana hizkuntza hitz egiten zuen azken pertsona. Berarekin izan ginen duela zenbait urte. Desagerrarazi duten hizkuntza eta herri baten kontakizuna da hau.

Argazkiak: Alfons Rodríguez
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Joan den otsailaren 16an, 93 urte zituela, amona Cristina zendu zen COVID-19aren ondorioz, eta milaka urteko kultura eta hizkuntza aberats eta sofistikatu gehiena betiko joan zen berarekin. Cristina Calderón yámana edo yagana hitz egiten zuen azken pertsona zen, eta duela 6.000 urte baino gehiagotik Amerikako hegoaldeko mugan ezarritako herri horretako azken kide etnikoki garbia, beraien hitzetan.

“Nire arreba Ursula hil zenean, bakar-bakarrik geratu nintzen, gure hizkuntza hitz egiteko inor gabe”, azaldu zigun Puerto Williamsen kanpoaldean zuen etxetxo zuri apalean, munduko bigarren herri hegoaldekoenean. Ursula 2003ko apirilean hil zen. 2005ean, berriz, Emelinda Acuña hil zen, azken-aurreko hiztuna. Ordutik, Txileko Gobernuak eta UNESCOk Giza Altxor Bizi izendatu zuten Cristina; eta hala, Suaren Lurraldeko uharteetan zuhaitz-azalez egindako kanoatan ehizan eta bilketan aritzen ziren nomada horien hizkuntzaren gordetzaile bakar bihurtu zen.

Gainerako yámanak –mendebaldeko kolonoek yaganak deitzen diete–, 50 baino ez dira –Cristinak bi senarrekin izan zituen bederatzi seme-alabetatik bizirik irten ziren zazpiak, hamalau bilobak eta birbilobak barne–, eta gehienak Villa Ukikan bizi dira. Beste indigena batzuekin edo hamarkada gutxitan kultura hori desagertzera bultzatu zuten zuriekin egindako mestizajearen emaitza dira. Batzuek planetako hizkuntzarik hegoaldekoena lardaskatzen duten arren, edo zati batean ulertzen dutela dioten arren, inork ez zituen menderatu misiolari britainiar batek XIX. mendearen amaieran Yagana-Ingelesa hiztegian jasotako 32.000 hitzak.

Luis Gómez, Villa Ukikako presidentea: “Hamarkada askotan, gure jendea lotsatu egin da bere nortasunaz. Eskolan estigmatizatuta geunden. Gure herentziaren galeraren zati handi bat horri zor zaio”

“Espainiera bederatzi urterekin ikasi nuen. Iloba baten aita gringoa zen, eta de poquito erakutsi zidaten”, gogoratzen zuen Cristinak Beagleko kanalera begira zegoen etxebizitzako ia altzaririk gabeko jangela hutsean. “Orduan denek hitz egiten zuten yámana, baina gero hiltzen hasi ziren, eta ni bakarrik geratu nintzen. Guaguek (haurrek) ez zuten ikasi nahi izan. Lotsatuta zeuden. Zuriek barre egiten zieten”, zioen, hitzak etenaldi luzeekin arrastaka eramaten zituen bitartean.
36 urteko Cristina Zárragak, bere bilobetako batek, ezkondua eta Alemanian bizi dena, yámana kultura desagertzea saihestu nahi izan zuen zenbait liburu argitaratuz. Jada heldua zela ezagutu zuen amona eta bere arbasoen lurraldean lan horretan hainbat urte ematea erabaki zuen. Liburu horietan bildu zuen matriarkak gogoratzen zituen hiztegiaren, abestien eta ipuinen zati bat.

Luis Gómez Villa Ukikako komunitateko presidentea da eta bera ere biloba: “Hizkuntza salbatzeko borrokan oso atzeratuta goaz”, esan zigun Cristina artean bizirik zela. “Eta denboraren aurkako lasterketa bat da hau. Gure kultura desagertuko den beldur gara. Etorkizuna ilun samar ikusten dut”, kexu zen 47 urteko irakaslea. Muturreko lekuetan aritu da irakaskuntzan Gómez: hiru ikasturtetan Frei base txiletarrean irakatsi zuen, Antartikan, eta beste lautan Puerto Toron, globoaren hegoaldeen dagoen giza kokaleku iraunkorrean, Puerto Williamsetik 40 kilometrora, Navarino uhartean bertan.

Lotsa eta estigma
“Hamarkada askotan, gure jendea lotsatu egin da bere nortasunaz. Eskolan estigmatizatuta geunden. Gure herentziaren galeraren zati handi bat horri zor zaio”, azaldu zigun irakasleak. “Ez dugu gehiegi egin gure ondarea erreskatatzeko”, gehitu zuen.

Ikastaroak antolatu izan diren arren, “jendea ez da joaten, inork ez du ulertzen zergatik. Agian ez da praktikoa, baina norberak berea dena ikasteko harrotasuna izan behar du”, dio Patricio Chiguayk, Cristinaren iloba batekin ezkondutako 61 urteko arotzak. Amonaren etxe ondoan dagoen beste batean bizi dira. Bere ustez, “zazpi edo zortzi pertsonak bakarrik hitz egiten dute apur bat” yámana. “Nik ez dut menderatzen, baina uler dezaket”, dio. Bere bi semeek, ordea, “galdu egin zuten”.

Yámana ikastaro batean ikastea ere ez litzateke erraza izango. Thomas Bridges misiolari anglikanoak 32.400 hitz baino gehiago bildu zituen XIX. mendearen amaieran yagana-ingelesa hiztegian –berak izendatu zuen yagana bezala, Yahgashaga toponimoagatik–. Aldiz, edozein herrialde garatutako pertsona kultu batek asko jota 5.000 hitz inguru erabiltzen ditu. Eta a zer nolako hitzak dituen yámanak! Mamihlapinatapai munduko zehatzena omen da Guinness Errekorren Liburuaren arabera. “Bi pertsonaren arteko begirada –esan nahi du–, eta horietako bakoitzak espero du besteak egitea biek nahi duten zerbait, baina inor ez da ausartzen hastera”.

Bestalde, alfabeto bat asmatu behar izan zen, inoiz idatzi ez den eta ahaiderik ez duen planetako hizkuntza hori paperera ekartzeko, eta ez dago haren gramatikari buruzko azterketarik. Badirudi hitzen ordena ez zela oso garrantzitsua hizkuntza honetan.

Klima azpipolarra zakarra izan arren –Antartika mila kilometrora baino ez dago–, yámanak ia biluzik ibiltzen ziren. Itsas otsoaren gantz geruza batek –yámanen harrapakin kuttunak, zetazeo, hegazti eta itsaskiekin batera beren dietaren zatirik handiena osatzen zutenak– hotzetik babesten zuen beren gorputza, enbor sendokoa eta hanka mehekoa, arraunlariak zirelako.

Lakutaia le Kipa izan zen modu tradizionalean bizi izan zen azken yámana.

Sarraskia
Yámanak familia-talde txikietan bizi ziren, ez zuten buruzagirik, eta bi sexuek onarpen bera zuten. Sekula ez ziren asko izan, fiordoen eta glaziarren arteko habitat haizetsuak ez baitzuen askorako ematen. Europako misiolariak XIX. mendean iritsi zirenean 3.000 yámana inguru zeudela uste da. Bost hamarkada geroago 130 geratzen ziren.

Suaren Lurraldeko Uharte Handian (48.000 kilometro koadro), bertako herriak suntsitu zituztenak, ona o selk’nam herria kasu, natiboak hiltzen zituzten ehiztari profesionalak izan ziren, zeintzuek ardi etxaldeak zabaldu nahi izan zituzten lurralde horietan –tartean Julius Popper ankerrak– eta haien aurka borroka egin zuten herritarrek, askok bizia galduz. Suaren Lurralde hegoaldeko herrietan aldiz, yámana eta kawesqar herrietan, atzerritarrek ez zuten batere interesik, irla txiki malkartsu eta basotsuak ziren eta ez zuten etekin ekonomikorik ikusten kanpotarrek, baina beraiek ekarritako gaixotasunek –elgorria eta baztanga, adibidez– eragin zuten biztanleriaren beherakada. Horri gehitu behar zaio balea-arrantzaleek eta otso-ehiztariek herri hauen elikadura iturri nagusiak suntsitu izana eta misiolari britainiarrek bortxaturiko akulturazioa. Herri baten desagerraraztea izan da emaitza.

Mamihlapinatapai hitz yámana omen da munduko zehatzena. Esan nahi du bi pertsonaren arteko begirada, eta horietako bakoitzak espero du besteak egitea biek nahi duten zerbait, baina inor ez da ausartzen hastera

Modernitatera
Lakutaia le Kipa izan zen modu tradizionalean bizi izan zen azken yámana. 1983an hil zen eta ez dakigu zein adin zuen heriotzaren unean. “Ni beti bizi izan naiz orain bezala, ez ditut kanoak ezagutu eta ez dut igarabarik ehizatu, baina urruneko izeba baten argazkiak ikusi izan ditut, arroparik gabe”, azaldu zigun Cristina Calderónek, halako galderak deseroso sentiarazten zutela argi utzi ostean. Aspaldi egin zuten yámanek modernitateranzko bidea. Bere gurasoek azken chiejaus delakoan hartu zuten parte, antzinako ezagutzak komunitateko kide berriei transmititzeko iniziazio errituala.

Yámanen inguruko lehenengo erreferentzia Jacques l’Hermite nabigatzaile holandarrari zor diogu; 1624an egin zuen topo beraiekin. Nabigatzailearen barkutik lur hartu zuten hamazazpi itsasgizon hil zizkioten yámanek. Apenas egon zen beste kontakturik herri horrekin, XIX. mende hasierara arte. Garai horretan, armada britainiarrak Beagle bergantina bidali zuen urrutian zeuden eta aldi berean munduko merkataritzarako funtsezko jotzen zituen zonaldeetara, nabigazio kartak osatzera. Oraindik mende bat falta zen Panamako Kanala inauguratzeko.

Suaren Lurraldea kartografiatzeko Beagle itsasontziko FitzRoy kapitainak egin zuen lehen bidaian –espedizioko arduradunak bere buruaz beste egin ondoren hartu zuen gidaritza FitzRoyk–, lau yámanek ontzi bat lapurtu zioten aitzakian kapitainak haiek bahitu eta Londresera eraman zituen, zibilizatzeko asmoz. 9 urteko neskato bat, 14 bat urteko mutikoa eta 20 eta 26 urteko bi gizon bahitu zituen. 20 urteko gaztea Europara iritsi eta gutxira hil zen, gainerakoek garaiko heziketa jaso zuten, Gilen IV.a eta Adelaida errege-erreginari aurkeztu zizkioten, eta bi urteren ondoren haien etxeetara itzuli zituzten.

Wulaia badian, Navarino irlaren mendebaldeko kostaldean, plaka batek gogorarazten du Charles Darwin-ek lur hartu zuela bertan, 1833ko urtarrilaren 23an. Apaiz izateko bidean zen eskarmentu gutxiko naturalistak Beagle itsasontziaren bigarren espedizioan hartu zuen parte, aitaren diruari eta harremanei esker, eta munduari bira eman zion. Tartean, Londresen bi urtez hezi eta beren etxeetara itzuli zituzten yámanak aurrez aurre ezagutu zituen. Urte batzuk geroago, misio anglikano bat ezarri zuten lurraldean, baina bertakoek eraso egin eta zortzi europar hil zituzten; bada, europarren aurka aritu zenetako bat Londresera bahituta eramandako indigenetako bat izan zen: Jemmy Button –edo bere yámana izena erabiliz gero, Orundellico–.

“Gizaki zital eta miserableak”
Espezieen eboluzioaren teoria bultzatu zuen Charles Darwinek tankera penagarria hartu zien hango biztanleei. Oso gogorra izan zen haiek deskribatu eta epaitzerakoan: “Ez dut beste inon ikusi gizaki zital eta miserableagorik”, idatzi zuen. “Hain traza nazkagarriak ikusita, kosta egiten da sinestea gizakiak direla, mundu bereko biztanleak direla”, zioen bere egunerokoan, eta kanibalismoa leporatu zien, arrazoirik gabe. “Guztiz frogatuta dago neguak gosea areagotzen duenean tribuko adineko emakumeak akabatzen eta jaten dituztela, txakurrak baino lehenago”, zeren eta, etniako kide baten hitzak zirela argudiatuz, “txakurrek igarabak ehizatzeko balio dute eta atso zaharrek ez”. Orduz geroztik, ez dago aditurik okerreko adierazpen horiek babestu dituenik.

Naturalistaren aurreiritziek herri hauek markatuta utzi zituzten hamarkada luzez. “Darwin saiatu zen leku honetan gizakiaren jatorria aurkitzen, giza eboluzioaren bere teoriak demostratzen. Eta adierazpen larri horiek natiboenganako mespretxua sustatu zuten, baina orain indigenen suspertze bat dago”, dio Salvatore Cirillo napolitarrak. Punta Arenasen (Txile) dagoen Maggiorino Borgatello museo salesiarraren zuzendaria da Cirillo, artxipelagoko herri natiboei buruz ikasteko lekurik interesgarrienetakoa.

1941 arte, azken yámanak, ehun baino gutxiago, ehizatik eta Muskuluen Kalan itsaskiak arrantzatzetik bizi ziren, Navarino irla iparraldean. Aurten, Txileko Gobernuak behartu ditu hasierako euren bizilekura bueltatzera, gaur egun itsasontzi-basea den Williams Portura. Muskuiluen hilerrian daude lurperatuta indigenak; begetazioa pixkanaka jaten ari den garai bateko gurutzeak eta maskor-pilaketak dira itzuliko ez den aspaldiko bizimodu baten aztarnak.

Muskuiluen hilerrian daude lurperatuta indigenak, begetazioa pixkanaka jaten ari den garai bateko gurutzeak lekuko isil.

SUAREN LURRALDEA

Habitat izoztu honen muturreko hotzari aurre egiteko, yámanek itsas-lehoiaren koipea igurzten zuten azalean. Eta hori nahikoa ez zenean, sua pizten zuten, baita uhartez uharte ibiltzeko kanaletan barna zuntz begetalez egindako kanoetan joaten zirenean ere.

Berotzeko, edo agian baita elkarren artean komunikatzeko ere, pizten zituzten su hauetako batzuk gauean distiratsu ikusi zituen Fernando Magallanes esploratzaile portugaldarrak, Atlantikoak Pazifikoarekin bat egiten duen lotura aurkitu aurretik, eta horregatik izendatu zituen artxipelago hauek Suaren Lurralde.

Magallanes Filipinako indigena batzuen aurkako borrokaldian hil zen eta Juan Sebastian Elkano gipuzkoarrak bukatu zuen espedizio haren helburua –bidaia hasi zuten 247 kidetik 35ekin–, munduko lehen zirkumnabigazioa osatuz.

Wulaia badia (goian), Navarino irlan. Bertara itzuli zituzten Londresera bi urte lehenago bahituta eramandako yámanak, eta bertan lur hartu zuen Charles Darwinek 1833an. Beheko argazkian, antzinako lur yámanak ikus daitezke, Suaren Lurraldeko Uharte Handian.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
2024-11-27 | ARGIA
Korsikako Asanblean frantsesa inposatzen jarraitzen dute, korsikera debekatuta

Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-20 | Langune | FUEN
Alexandru Jerpelea, Arrumanoa Zaintzeko Itzulpen Automatikoaren Aitzindaria
“Proiektu honek berez ez du hizkuntza ‘salbatuko’, baina espero dut norabide egokian urrats bat eman izana”

Alexandru Jerpelea Bukaresteko (Errumania) batxilergoko 17 urteko ikaslea da, eta itzulpen automatikoko lehen sistema neuronala sortu du arrumanorako. Balkanetan 200.000 pertsona inguruk hitz egiten duten hizkuntza erromaniko gutxitua da. Bere tresna berritzaileak, [+]


2024-11-18 | Leire Ibar
Hizkuntza gutxituek ingurune digitalean duten presentzia bermatzeaz arituko dira Donostian egingo den kongresuan

Hizkuntzen irabazia kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.


MICEk ordezkatuko du Euskal Herria hizkuntza gutxituen ‘Eurovision’ moduko jaialdiaren finalean

Friulieraz egiten duen irrati lokal bat da Suns Europe jaialdiaren antolatzailea eta berak egiten du zuzeneko jarraipena. Miren Narbaiza MICE ariko da oholtza gainean, Euskal Herria ordezkatzen.


Sua-sua

Uwa, kamsá, tukuná, uitoto, tikuna, embera, nasa-yuwe, nukak, sikuani, siano, macuna, yuruti, kichwa, achagua, bora, ettenaka. Horiek dira Kolonbian hitz egiten diren hizkuntzetako batzuk. Tamalez, Kolonbian bizi nintzenean, Cundinamarcan, nik ez nuen gure... [+]


Wikipediaren hizkuntza gutxituen biltzar batean bizitakoak

Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]


Mister Spanishen ehorzketa

Marfa (AEB), 1954. Texasko basamortuko herri horretako Blackwell lehen hezkuntzako eskolan haurrak zeremonia berezi batean parte hartzera behartu zituzten. Irakasleek paper zatiak banatu zizkieten eta bertan zera idazteko eskatu: “Ez dut espainieraz hitz egingo, ez... [+]


2024-05-15 | Cira Crespo
Hizkuntza gutxiagotuetako hiztunen begiradatik
Euskararen konplizeak Gasteizen

Erreportaje honetako protagonistak Gasteizen bizi dira eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten dute: amazigeraz, galegoz, mirpuriz eta guaranieraz, hurrenez hurren. Soumia Berkani Ben Yahia, Toni Cid Armanda, Altaf Hussain, eta Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero dira. Euskal... [+]


Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]


Judith Bilelo Biachó
“Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu”

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Carolina Gandulfo, doktorea eta guaraniera ikertzailea
“Haurrak ‘isilak’ ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio”

Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]


Eguneraketa berriak daude