argia.eus
INPRIMATU
Ruandara oporretan
Jose Ignazio Ansorena 2022ko maiatzaren 08a

Aste Santua baino santuagorik ez zagok" –lagun batek–. "Rondara niak oporretan". Rondara ez, Ruandara bidali nahi ditu Boris Johnsonek Mantxako kanala era irregularrean igarotzen duten etorkinak. Ez du merezi bezalako eskandalurik sortu iritzi publikoan. Handiagoa eragin dute itxialdi garaietako festa txoro batzuk. Etikak eta gupidak baino, morboak eta berritsukeriak mugitzen gaituzten seinale.

Ostiral santuan Urgull mendiko gurutze-bidera joan nintzen. Apala eta sarkorra. Lehen musikarekin txoritxo guztiak kantari. Itsaso zabala gure azpian eta inguruan donostiarrok hain maite dugun mendia. Kristau mezuak hezurretaraino blaitzeko giroa.

Berpizkunde egunean Aberri Eguna. Nik Gernikako Arbola, ahots kraskatuaz baina bihotzez, kantatu eta seme-alabei WhatsAppez bidali, ikasten ote duten. Zaila. Garaiak aldatuz doaz etengabe.

"Aurten berrogeita hamar urte pailazotzan hasi ginela. Ez nago triste, ordea. Pozik nago eta kemenaz betea. Zaharra naiz, 'el abuelo', baina irmo plantatua"

Aurreko astean Korrikaren amaiera Donostian. Egun osoa txistua jotzen pasa genuen. Arratsaldeko erromerian gazte ugari dantzan, eskuan garagardo ontzia. Asko euskaraz. Garagardoarena kenduta, pozgarria.

Bezperagoko ostiralean, biloben ikastolako haurrak kalera atera ziren garrasi batean: "Ttipi ttapa, ttipi ttapa, Korrika". Horietako asko lantoki aurrean izaten ditut arratsaldero futbolean. Beti erdaraz. Bota  nien: “Korrika... mingaina euskaraz”. Zaharrak esan. El abuelo deitu zidan Udalinfo-ko bulegoetan atzetik nuen etorkin ez gazteegiak. Gogoa eman zidan Ruandara bidaltzeko.

Egun komisiorik kobratzen ez duena ez da inor. Nori bururatu lan egin, dagokion soldata justua kobratu eta bizitza duina eraman nahi izatea? Ez da posible, Ruperrek kantatua. Iñaki Segurola zendu berriak idatzi zuen: Arrazoia ez dago edukitzerik. Hamazazpi urte nituenean edo, artean euskaraz ongi jakin ez, kuadrillako eztabaidetan sarri errepikatzen nuen: La razón no se tiene, la razón es. Denok dugu nerabezaroan harrokeria puntu bat izateko eskubidea. Pello lagunak honela kopiatu zidan batean: La razón no se tiene, la razón se es. Ez nuen esaldia gehiago aipatu.

Niri ez didate telefonoa hackeatu, ez dut komisiorik hartu. Ez naiz inor. Mirri pailazoak maiz esaten du: Triste nago. Aurten berrogeita hamar urte pailazotzan hasi ginela. Ez nago triste, ordea. Pozik nago eta kemenaz betea. Zaharra naiz, el abuelo, baina irmo plantatua.

Ez dut gerra aipatu. Ni ere, Putin bezala, gerra emateko prest. Armarik gabekoa baina. Agian Ruandara oporretan joateko ere bai.