argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Argia itzali
Ula Iruretagoiena 2022ko maiatzaren 03a

Neguko hilabete hotzek elektrizitate eta gasaren fakturaren gordintzea ekarri dute, etxe askotan hirukoiztera iritsi arte –larritasunaren emotikonoa erantsi–. Igoera horrek etxeetako zein eraikin publikoetako kontabilitatean zulo bat ireki du. Eta ez omen da txantxa, Madrileko komunitateak elektrizitate gastua murrizteko hartutako neurrien artean, metroko tren bidaien %10a murriztea proposatu duenean –izuaren emotikonoa erantsi–.

Euskal Herriko Unibertsitatean, fakultateko zuzendaritzatik irakasleoi jakinarazi zaigu energia kontsumoa txikitzeko hartu diren neurriak, eta indibidualki hartu beharreko zenbait aurrezpen-gomendio. Eraikinean berogailuaren ordutegia egokitu da ikasgelarik hotzenak lehenetsiz eta hegoaldera ematen duten geletan pizte-ordutegia murriztuz. Irakasleoi arreta deitu zaigu esanez argi naturala dagoen espazioetan argi artifizialik ez erabiltzeko, ordenagailu eta gailuak hibernatzen jartzeko erabiltzen ez direnean eta bulego eta komunetako argia itzaltzeko behin gelatik ateratakoan. Energia-eraginkortasun neurriak baino, energia xahutzeko ohiturari alerta jarri zaigu, laneko espazioetan etxeko logika bera aplikatzeko eskatuz.

Gogoan dut Arizonako arkitekto bat etxean jaso nuenekoa. Eraikin publikoetan energia aurrezteko teknika arkitektoniko eta teknologikoak bilatzen lan egiten zuen. Europara opor-bidaia egin eta maletan bere laneko obsesioa ekarri zuen. Asko interesatu zen gure eraikin askoren barne-patioekin, portal komunitarioetako sentsoreekin, kaleko gaueko argiztapenarekin. Solasaldi asko izan genituen arkitekturak energia aurrezteko dituen aukerez. Bidaiaren eta hizketaldi luzeen ondorioz, deskantsuan utzi nuen etxean, paseo bat emateko aprobetxatuz. Paseotik bueltan, shock egoeran gelditu nintzen etxeko argi guztiak pizturik zirela ikustean, nire laguna loaldi sakonean zegoen bitartean. Irudi haren inpaktuak agertu zidan argia itzaltzearen keinuaren politikaz.