Valogreene Paper enpresak paper lantegien hondakinak hartu eta pirolisi bidez erreko lituzkeen fabrika jarri nahi du Bergaran. Herritarrak aurka antolatu dira; udalak baimena ukatu dio; Jaurlaritzak proiektua babesten du. Ekologistak Martxan taldeko Piter Encinasekin hitz egin dugu, Bergarako proiektuaren aurka sortu den Larramendiko Arnasa plataforman ere ari dena lanean. Adibide ona izan daiteke Bergarakoa, Tapia Legearen balizko ondorio eta arriskuez hausnartzeko?
Proiektuak Euskadiko Paperaren Klusterraren babesa du. Lehen Zaldibarreko zabortegian botatzen zituzten beren hondakinak paper lantegiek, eta orain ‘irtenbideak’ behar dituzte. Valogreenek ekainean aurkeztu zuen proiektua, lantegia Bergarako Larramendi industrialdean ezartzeko. Uztailean baimena eman zion udalak, baina azaroan baliogabetu zuen bi arrazoi argudiatuta: batetik, enpresak aurkeztutako txostenean adierazten zen jarduera ez zetorrela bat ingurumen baimen bateratua lortzeko proiektuan jasotakoarekin; eta, bestetik, Bergarako Hirigintza Plan Orokorrak ez duela baimentzen hondakinen kudeaketa jarduerarik. Jaurlaritzak proiektuari ingurumen baimen bateratua onartu dio, eta proiektua babesten du. Udalak helegitea aurkeztuko duela iragarri du berriki.
Encinasi Ekologistak Martxaneko Bilboko kideek deitu zioten Bergaran erraustegi proiektu bat zegoela ohartarazteko. Ordurako udalak baimena emana zion enpresari, “txostenean gezurrak zeudelako, besteak beste”, dio Encinasek. Bergarako zenbait herritarrekin bildu zen, eta alkatearekin ere jarri zen harremanetan, informazioa partekatzeko. Martxoan Larramendiko Arnasa ekimen herritarra aurkeztu da ofizialki, baina proiektuaren aurka dauden herritarrak lehenago hasi ziren lanean. “Indar handiena informatzean jarri dugu”, dio Encinasek. Egin dituzte mahai-inguru eta hitzaldiak, mobilizazioak, bildu dituzte 4.000 sinadura baino gehiago. Udalari dagokionez, baimena kentzeaz gain osoko bilkurak proiektuaren aurkako mozioa onartu zuen abenduan, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal dugu taldeen aldeko bozekin, eta EAJ eta PSEren aurkakoekin.
Ikuspuntu kontrajarriak
Bergarako proiektuaz eta sortutako gatazkaz galdetu diogu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kide eta legebiltzarkide María Eugenia Arrizabalagari. Ukatu egiten du enpresak udalari iruzur egin izana txostenean, eta ukatu du ere jarri nahi den lantegia erraustegia denik, “batzuek horrela pentsatu nahi badute ere”. Encinasentzat informatzeko, mobilizatzeko eta udalean eragiteko prozesu herritar positiboa dena erabat negatiboa da Arrizabalagarentzat. “Beti gauza bera esaten dute”, dio mugimendu ekologistez. Bergarako kasuan udalak hasieran “dena oso ondo” ikusi zuela dio, “gero ekologistaren bat hasi zen bazterrak astintzen, eta horrek baldintzatu du udal gobernuaren iritzia”.
Proiektuaren aldekoek pirolisi planta dela diote, eta pirolisia ez dela errausketa; aurkakoek diote pirolisia errausketa dela, beste mota batekoa baina errausketa, eta kutsadura sortzen duela –azken iritzi hori defendatzen dute Larramendiko Arnasak, Ekologistak Martxanek, Greenpeacek edo Gaia errausketaren aurkako mundu aliantzak–. Aldekoek sortuko liratekeen lanpostuak nabarmendu dituzte; aurkakoek ekologia eta osasuna. Aldekoek Jaurlaritzaren babesa dute; aurkakoek udalarena. Antzeko egoerak bizi izan dira, bizi dira eta biziko dira beste proiektu batzuen inguruan ere erkidego osoan. Tapia Legeak nola eragin lezake honen moduko testuinguruan?
Bergarako proiektua IPGP?
“Tapia Legeak pisu handia izango du”, dio Encinasek: “Udalak esaten badu, 'hau ez dugu nahi', baina Jaurlaritzak interes publiko goreneko izendapena ematen badio...”. Bergarako kasuan proiektuaren bultzatzailea enpresa pribatua da, beraz egungo Tapia Legea ezingo litzateke aplikatu, baina Jaurlaritzak egin nahi duen moldaketa berriarekin, sustatzaile pribatuei ateak irekiko liekeena, orduan posible litzateke. Gertatuko balitz, azaroan Tapia Legearen aurkako mozioa onartu zuen udal bati aplikatuko litzaioke Tapia Legea. Arrizabalagak dio ez dakiela Jaurlaritzak Bergarako proiektua IPGP izendatuko duen edo ez: “Arrastorik ez dut. Une honetan buruan duguna industria hondakinak dira”. Bergarakoa ez da zabortegia, baina bai industria hondakinak kudeatzeko azpiegitura.
"Udalak eta herritarrak eskuak lotuta ditugu. Protesta egitea eta antolatzea soilik geratzen zaigu”. Piter Encinas.
Manifestazioa Gasteizen
Mugimendu ekologista da legearen aurka mobilizatu den herri mugimendu bakarra. Tapia Legearekin proiektu kaltegarriak erakundeetan gelditzea zailtzen dela nabarmentzen du Encinasek. “Antidemokratikoa da. Oztopoekin amaitzeko sortu dute, udalak eta herritarrak eskuak lotuta ditugu. Protesta egitea eta antolatzea soilik geratzen zaigu”. Abenduan Sukar Horiak mugimenduak kontzentrazioa egin zuen Bilbon, “herriaren” hitza “errespetatzeko” exijituz. Araba Bizirik plataforma da salaketan gehien nabarmendu dena. “[EAJk] Boteretsua defendatzen du, parte-hartzeko ditugun arauak eta tresnak mespretxatzen ditu eta tokiko autonomia eta subiranotasuna baliorik gabe uzten ditu”, salatu du. Hainbat mobilizazio eta ekimen egin ditu Tapia Legearen aurka, eta maiatzaren 14rako manifestazioa antolatu du Gasteizen.
* Erreportaje hau beste hiru artikuluz osatua dago:
- Tapia Legea: Jaurlaritzak botere gehiago, udalek gutxiago.
- Eudel Tapia Legeaz: "IPGPak udalerriei inposatzen zaizkie ia inongo parte-hartzerik gabe".
- Analisia: Tapia Legea:gatazkak aktibatu edota desaktibatzeko erreminta?