Fikzioa omen da komunikazioa, norberaren interpretazioa ez bezala. Fikzioa omen da egia, gezurra ez bezala. Fikzioa omen da errealitatea, fikzioa bera ez bezala. A. Alieva
You da iragarkietan gehien erabiltzen den hitza, duela urte batzuk irakurri zenuenez. Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa baten emaitza zen, zenbait hamarkada luzetan merkantilizazioaren kultura gehien esportatu duen herrialdean. Hartara, psikologia aplikatuari esker, salgai bakoitza zeuregatik eta zeuretzat da egina: zeu zara protagonista. Zeu helburua. Zeu produktua.
Publizitatean ez ezik, propagandan ere noiznahi agertzen da bigarren pertsona enpatikoa. Xedearen arabera egituratzen dira diskurtsoak, helburuaren arabera bideratzen mezuak. Sare sozialak itzalean gobernatzen dituzten algoritmoek ere bikain elikatzen dute erretorika zahar berritua.
Gramatikek, fikzioaren bidea urratuagatik ere, nekez hitz egiten dute bigarren pertsonan.
Indarrean dirauen aldarri klasikoari helduta, zeure burua ezagutzeko bide amaigabean jarraituko duzu. Jakinik mundua, maiz aski, zapata hautsia dela; eta zu, kasurik onenean, edulogotxoa.