Adituen ezinbesteko laguntza erabiltzen dut nire lan esparruan, medikuntzan. Gaur egun, Internetek mila aukera ematen dizkigu iritzi berriak eta harrigarriak topatzeko, bai eta manipulazio asko ikusteko ere, baina pertsona jakintsuak topatzen ditudanean haien ekarpenak benetan eskertzen ditut. Oso urrunera joan gabe, pandemiaren zurrunbiloaren eta nahasmenaren erdian, hainbat aditu interesgarri aurkitu nuen, irizpidedunak eta jantziak; baina, tamalez, ez zuten inolako tokirik izan masa-komunikabideetan, hain beharrezkoa zitzaigun argia eman ahal izateko. Aditu horiek niretzat lagungarri dira, oraindik orain, beste begirada bat izateko, begirada libre eta desberdina. Gehien-gehienak “luzerako galtzaileak” izan eta izaten dira, batez ere interes ilun eta zikinetatik oso urrun mantentzen direlako, eta, gainera, mundua aldarazteko eta hobetzeko prest daudelako.
"Pandemiari buruzko desinformazioarekin eta gero orain geopolitikaren alorrean ari dira, lasai asko, lehengo harrokeria eta ausarkeria berarekin"
Baina emakume eta gizon jakintsu eta argitsu horien parean, bestelako “aditu” eta “espezialistak” ere agertzen dira masa komunikabidetan egunero. Batzuk irakasleak, beste batzuk “arrazako kazetariak” edo profesional ospetsuak, guztiak beldurraren diskurtso menderatzailea elikatzeko prest. Gehienek behin eta berriro ukatu dute edozein eztabaidaren aukera, eta, aldi berean, dogma bakarraren bozeramale bihurtu dira, ikuspegi ezberdinak edo disidenteak gupidarik gabe irainduz.
Eta orain, berriro ere, istorioa errepikatzen ari da: bat-batean gerrari buruzko “adituak” agertu dira nonahi. Are gehiago, batzuk rola errepikatzen ari dira, eta pandemiari buruzko desinformazioarekin eta gero orain geopolitikaren alorrean ari dira, lasai asko, lehengo harrokeria eta ausarkeria berarekin. Hamaika datu nahasten dituzte armei, estrategia militarrei edota populazioaren beharrizanei eta kalteei buruz. Hainbeste pertsonen –hildakoak edo bizirik daudenak– irudi lazgarriekin jolastean, errespetu falta itzela eta neurrigabeko lotsagabekeria adierazten dute. Haien helburu bakarra emozio primarioak sortzea da: gorrotoa eta beldurra. Ezin dugu ahaztu “aditu garaile” horiek guztiek oso interes jakinak defenditzen dituztela eta komunikazio oligopolioek horretarako erabiltzen dituztela, noski.
Horrela dago, tamalez, gaur eta hemen, komunikazioaren negozioa, eta horrexegatik ahalegin handiak egin beharko genituzke informazio iturri alternatiboak arakatzeko, “luzerako galtzaileen” iritziak izan arren.