1931ko Euskal Errepublika: autodeterminazio eskubidearen katea

  • 1931ko apirilean Espainian Bigarren Errepublika ezarri zen egun bertsuetan, udal ugarik Euskal Errepublika aldarrikatzea eskatu zuten, “Euskal Herriko autodeterminazioaren lehen urrats bezala”. Ideia errepublikazale eta soberanistak odolez ito zituzten bost urte geroago faxistek, baina aldarrikapen horren katea gaur arte iritsi zaigu.

Dantzariak jendetzaz eta ikurrinez inguratuta 
1931ko ekitaldi batean. Urte itxaropentsua izan zen, eta “euskal errepublika” aldarrikatzea eskatu zuten esparru politiko ezberdinetako agintariek. (Argazkia: Kutxa Fototeka)
Dantzariak jendetzaz eta ikurrinez inguratuta 1931ko ekitaldi batean. Urte itxaropentsua izan zen, eta “euskal errepublika” aldarrikatzea eskatu zuten esparru politiko ezberdinetako agintariek. (Argazkia: Kutxa Fototeka)

Espainiako errege borboi Alfonso XIII.a Cartagenako portuan itsas gerraontzi batera igo eta Londreserako bidea hartu zuenetik, apenas igaro ziren ordu edo egun batzuk. 1931ko apirilaren 16an Azpeitiko udaletxeko areto nagusian herri hartako alkate, sindiko eta zinegotzi guztiak bildu ziren ez-ohiko batzarrean, eta mozio historikoa onartu zuten: “Estatu espainiarraren egituraketa berriaren aurrean, kargua uztera doan Azpeitiko hiribilduko udaletxeak, bere postua utzi aurretik, eta nazio bezala dagozkion eskubide natural eta historikoak baieztatu eta gero, Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehen ekintza bezala Euskal Errepublika aldarrikatzea eskatzen du, beste Errepublika Iberikoekin konfederatuta”.

Azpeitian, beste herri askotan bezala, udal berria hauteskunde prozesurik gabe osatu zen baina kargua hartu zuten agintariek euskal errepublika aldarrikatzea eskatzen zuen mozioa berretsi zuten aho batez

Lau egun lehenago Espainiako Estatuan udal hauteskundeak egin ziren, eta Eibarren apirilaren 14an Bigarren Errepublika aldarrikatu ostean, monarka deserriratzea ekarri zuen lurrikara politikoa sortu zen. Azpeitian, beste herri askotan bezala, udal berria hauteskunde prozesurik gabe osatu zen, 1907ko lege bat aplikatuz, baina kargua hartu zuten agintariek –tartean ziren abertzaleak eta karlistak– euskal errepublika aldarrikatzea eskatzen zuen mozioa berretsi zuten aho batez biharamunean, apirilaren 17an. Gauza bera egin zuten beste hamaika herritako udalbatzek ere.
Azpeitia, Hernani, Lazkao, Markina…

Gertakari hura itu garrantzitsu bat izan zela iritzita eta “gure memoria historikoaren hutsune handi bat” betetzeko helburuz, Naziogintza Taldeak Euskal Errepublikaren Eguna antolatu du Azpeitian maiatzaren 7an, Katea ez da eten goiburupean. Bere ustez, alkate eta zinegotzi horiek “ausardia izan zuten berezko errepublika bat eskatzeko gure herriarentzat”. Ekitaldira, 1931n mozioa onartu zuten beste udaletako ordezkariak ere gonbidatu dituzte, baita euskal herritar guztiak ere.

Naziogintzak lau urte daramatza Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako artxiboak arakatzen, eta Josu Albero taldeko kideak azaldu digunez beraiek ikerturiko 42 udalerritatik 19tan onartu zen Euskal Errepublikaren aldeko testua: Azpeitia, Bergara, Bermeo, Elorrio, Errenteria, Hernani, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Markina, Mundaka, Oñati, Orio, Ormaiztegi, Urnieta, Usurbil, Zaldibia, Zestoa, eta Zumaia. Baina ikerketarekin jarraitzeko asmoa dute, “ziur gaudelako herri gehiagotan aldarrikatu zela”, dio Alberok.

Euskal Errepublikaren Eguna urtero herri batean ospatzea da Naziogintzaren proposamena, ekitaldiari “dimentsio nazionala” eman eta “euskal errepublikaren beharra sozializatzeko”.

2021eko apirilaren 17an, Azpeitiko udalbaltzak, euskal errepublika aldarrikatzea eskatzeko 90 urte lehenagoko mozio bera bozkatu eta onartu zuen aho batez: “Gure aurrekoek egin zuten eskaera hura berresten dugu gaur, eta Euskal Errepublika ere aldarrikatzen dugu Euskal Herriarentzat”. (Argazkia: Uztarria / Mailo Ormazabal)

Diktaduratik errepublikara

Euskal Errepublikaren aldarrikapen eskaera egoera politiko nahasian gertatu zen. 1930eko hamarkada hasieran espainiar monarkia oso deslegitimizaturik zegoen, Alfontso XIII.ak Primo de Riveraren diktadura babestu zuelako. Ezkerreko alderdi eta sindikatuak, baita beste alderdi errepublikar eta eskuineko liberal batzuk ere, erregimena aldatzeko prestatzen hasi ziren: 1930eko abuztuaren 17an Donostiako Ituna sinatu zuten indar errepublikazale eta katalanistek, Bigarren Errepublikaren alde.

1930eko abenduko Jakako altxamendua testuinguru horretan kokatu behar da. Zenbait militarrek Damaso Berenguer jenerala gobernutik kendu nahi izan zuten –ez zuelako aurreko diktadurarekin hautsi–, baina ahaleginak porrot egin zuen eta matxinatuak erreprimitu zituzten.

Nolanahi ere, 1931ko udaberrian monarkiaren kontrako kanpaina betean zeuden sartuta mugimendu politiko gehienak, apirilaren 12ko hauteskundeei begira. Euskal Herrian ere giro horren oihartzunak nabarmenak ziren, Joxe Mari Lopetegi errepublikanoen bertsolariak La Frontera aldizkarian utzitako ale hau lekuko:

Biyotza gora begiyak alai
guazen aurrera bidian
samintasunak azaldutzera
iruki gabe gordian;
urte pisuak izan ditugu
sei edo zazpi urtian,
lenaz gañera Dierri dana
sartu digute zorpian,
geyago emen ez da gauz onik
anaitzen geran artian.

Plebiszitu izaera hartu zuten hauteskundeen lehen emaitzak jakiten hasi orduko, ikusi zen hiri handienetan –landa eremuan ez bezala– errepublikaren aldekoek aisa irabazi zutela. Gipuzkoan, adibidez, Donostian, Arrasaten, Irunen eta Eibarren zinegotzi andana lortu zuten. Eibarren hautatutako 19 zinegotzitik 10 sozialistak ziren, 8 errepublikarrak eta bat abertzalea. Ez da kasualitatea herri horretako udaletxeko balkoitik aldarrikatu izana, apirilaren 14ko goizaldean –oraindik bozetako emaitzak garbi ez zeudenean– Bigarren Errepublika; aldaketa politiko huts bat ez ezik, aurrerapauso sozial sakonen abiapuntu ere izan zen hura.

Iberiar konfederazioa

Ordu batzuk geroago, Francesc Macià Esquerra Republicana de Catalunyako buruak Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen, “Espainiako gainerako herriak Errepublika gisa eratuko zain, Iberiar Konfederazioa osatzeko”. Bartzelonako udaletxeko balkoitik lehenik, eta  diputazioko eraikinaren balkoitik ondoren, Sant Jaume plazan bilduta zegoen jendetzaren aurrean jaurtitako mezuak haustura suposatzen zuen Espainiarekin: hilda baino ez zituztela hortik aterako esan zuen Maciàk, d'aquí no ens trauran sino morts.

Bartzelonako Sant Jaume plaza jendez gainezka zegoen 1931ko apirilaren 14ko arratsaldean, Francesc Macià ERCko buruak udaletxeko balkoitik Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuenean. Ordu batzuk lehenago, Eibarren, Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten; iluntzean Alfontso XIII.ak erbesterako bidea hartua zuen. (Argazkia: Wikipedia)

Ez dakigu gauza bera pentsatzen ote zuen Jose Antonio Agirrek. Baina egun horretan bertan, Getxoko alkate zela, euskal errepublika aldarrikatu zuen “Espainiako errepublikaren federazioaren barruan”, Entre la libertad y la revolución (Askatasunaren eta iraultzaren artean) liburuan idatzita utziko zuenez. Bermeo, Elorrio eta Mundakako alkateekin batera, Agirrek deia luzatu zien Bizkaiko beste udalerrietako ordezkariei apirilaren 17an Gernikako Batzar Nagusietan elkartu eta “herriek determinazio askez beren burua gobernatzeko duten eskubide naturalari jarraiki” euskal errepublika aitortua izan zedila eskatzeko.

Gernika Garellano errejimenduko metrailadorez inguratua esnatu zen, ordea, eta udal agintariek ezin izan zuten hango arbola ikusi ere egin. Kanpoaldean sinatu behar izan zuten manifestua. Gainera, ordurako Espainiako Gobernu berriaren ministro-jendea Kataluniara bidean zen, Maciàrekin adosteko Generalitatea sortzea, estatu katalanaren aldarrikapenarekin atzera egiten bazuen.

Errepublika librez osaturiko iberiar federazioaren ideiak hiru egun baino ez zituen iraun. Euskaria fundazioak 2011n ekitaldi bat antolatu zuen Gernikan, gertakariaren 80. urteurrenean: “Egun hartan, lehen euskal Errepublika ezin izan zen izan Espainiako armadaren eta Guardia Zibilaren indarrez, bost urte geroago, ezta Espainiako bigarren Errepublika ere”.  

Gernika Garellano errejimenduko metrailadorez inguratua esnatu zen, ordea, eta udal agintariek ezin izan zuten hango arbola ikusi ere egin (...) Errepublika librez osaturiko iberiar federazioaren ideiak hiru egun baino ez zituen iraun

Abertzaleen ekimena

Herri handietara ez ezik, txikietara ere zabaldu zen autodeterminazio nahia egun bete horietan. Altzagako eta Aramako udalak izan ziren lehenengotakoak euskal errepublikaren aldarrikapen eskariarekin bat egiten, gero Ormaiztegi eta Itsasondo...

Kasu askotan testu bera da onartutakoa, eta abertzaleen eskutik bultzatu zen. 1930eko hamarkada hasieran abertzale eta karlisten mugimendu sinkretikoak ahalbidetu zuen errepublikaren aldeko korronte hori; baina errezeloa ere piztu zuen, monarkikoak batu zirelako zenbait kasutan: “Kontuz! Maniobra baten aurrean al gaude?”, ohartarazten zuen La Voz de Guipuzcoa-n Jesus Insausti kazetariak, Uzturre ezizenez idatziriko artikuluan.

Hala ere, herri gehienetan aho batez babestu zuten mozioa. Joxe Anjel Izuzkiza euskaltzale itsasondoarrak –Aramako udal idazkari ere bazena– Murumendi ezizenez idatzi ohi zuen prentsan, eta oso ongi laburbildu zuen giro politikoa: “Euzkadiko errepublika eskatutzia da esatia monarki aldeko Gobernuak kendu zigun eskubidia eskatutzia. Ze asmo ederrak!”, zioen Euzkadi-n. Zortzi hamarkada geroago, udalen aldarri hura Goierriko Nazioen Mundua ekimenaren erreferentzia historiko bihurtu zen erabakitzeko eskubidearen alde, gero Gure Esku Dago izango zenaren ernamuina.

Hiru dokumentu historiko: 1931ko apirilaren 14tik aurrerako udal akta ugaritan jaso zen udalbatzen ekimena. Irudiotan, Azpeitia eta Zumaiako dokumentuak euskal errepublika aldarrikatzea eskatzen, eta Gernikan bildutako udalen manifestua, Josen Antonio Agirre orduan Getxoko alkate zenaren artikuluan.

“Nahi dugulako”

Ezkertiarrak indartsuago zeuden herrietan ere ez ziren atzera geratu, Zumaian kasu. Alderdi  Errepublikarrak 5 zinegotzi lortu zituen –EAJk 6– eta udal banda Marseillesa-ren doinuak joaz ibili zen kaleetan barrena, Euskal Errepublikaren aldeko testua onartu orduko. George Barbarin idazle eta poeta frantziarra garai horietan Zumaian ibili zen, eta herriko gizartearen erretratu itzela utzi zigun Jesusa Gipuzkoakoa (Baleike, 2018) lanean –Xabier Azkue Ibarbiak eta Maia Ossa Rissanenek euskarara ekarria–: “Errege-erreginen garaian ez ginen ausartzen mezetara huts egiten”, esan zion emakume batek Barbarini. “Eta orain?” galdetu zion idazleak: “Orain berdin-berdin joaten gara, baina nahi dugulako”.

Ezkertiarrak indartsuago zeuden herrietan ere ez ziren atzera geratu, Zumaian kasu: udal banda 'Marseillesa'-ren doinuak joaz ibili zen kaleetan barrena, Euskal Errepublikaren aldeko testua onartu orduko

Erabaki ahal izatea zeinen “asmo ederra” den, Izuzkizari hitzak lapurtuz. Errepublikak eskubide hori ekarriko zuenaren esperantzan, pausoa eman zuten herri askotako zinegotzi eta alkateek urte itxaropentsu haietan.

Baina hitzak kate baten begi solteak besterik ez dira, edukiz josi ezean. Naziogintza Taldeko kideek, behintzat, argi dute: “Euskal Errepublika behar dugu gizarte justuagoa eta demokratikoagoa eskuratzeko. Eta Euskal Errepublika behar dugu gure hizkuntzari, gure kulturari eta gure identitate kolektiboari eusteko, eta herri bezala bizirik irauteko frantziar eta espainiar asmo asimilazionista aseezinen aurrean”. Hortaz, maiatzaren 7an hitzordua jarri dute Azpeitian, herrien autodeterminazioaren aldeko katea ez dela eten adierazteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Heldu-lekua eta kortsea

Arrazoi pedagogiko edo metodologikoengatik, historialariok joera dugu iraganeko aldi historikoak zatikatzeko eta epetan banatzeko. Badira den-denok ezagutzen ditugun aro tradizionalak (Historiaurrea, Antzinaroa, Erdia Aroa, Aro Modernoa eta Garaikidea); baina baita horien... [+]


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Jack Danielen izena, Nathan Greenen izana

Tennessee (AEB), 1820. Nathan Green esklaboa jaio zen, Uncle Nearest edo Osaba Nearest ezizenez ezaguna. Ez dakigu zehazki zein egunetan jaio zen eta, oro har, hari buruzko oso datu gutxi dauzkagu 1863. urtea arte, orduan lortu baitzuen emantzipazioa. Dakiguna da 1850eko... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


1974ko Supergreba

Gaurko egunez, duela 50 urte, Euskal Herriko langile mugimenduak bere historiako kapitulu garrantzitsua idatzi zuen. Hegoaldean 200.000 langilek greba orokorra egin zuten erregimen frankistaren aurka. Mobilizazio hark argi utzi zuen Euskal Herriko mugimendu antifrankista... [+]


Eguneraketa berriak daude