argia.eus
INPRIMATU
Marx, oligarkak eta errenten akordioa
Roser Espelt Alba @earuze 2022ko apirilaren 29a

Kapitala liburuan, Marxek bi lehia nagusi deskribatzen ditu: lanaren balioaz jabetzeko gatazka, kapitalaren eta lanaren artekoa; eta lehen gatazkatik erauzitako gainbalioaz jabetu eta berau irabazi bilakatzeko enpresen arteko konpetentzia. Bigarrenean, sektore bereko salmenta-prezioen lehiaz gain, ekoizpen-prozesuan enpresek elkarri salerosten dizkieten ondasun eta zerbitzuen prezioen bidez ere lehiatzen dira gainbalioaren ahalik eta zati handienaz jabetzeko. Esaterako, enpresa gutxi batzuen esku dauden merkatuetan, energetikoa kasu, enpresek oligarka gisara jokatzen dute prezioak kostuen gainetik ezarriz. Horrela, gainbalioaren eskualdaketa nabarmena gertatzen da –zerutik jausitako irabaziak–: argindarraren faktura ordaintzen duen enpresaren etekinak murrizten dira, elektrikenak puztuz.

"Enpresen artean ere irabazleak eta galtzaileak egongo dira, baina lana izango da bere osotasunean debaluatuko dena"

Marxen irakurketa hartatik 150 urte baino gehiago igaro direnean, Espainiako Bankuak 2022-2024 aldirako aurreikuspen makroekonomikoen txostena atera du. Bertan, 2023rako inflazioaren iragarpena %2koa da. Horretarako, estatu zentralean zein Europako esferetan aspalditik entzuten denaren ildotik, diote soldatak ezin direla prezioak adina hazi. Nahiz eta, Ukrainako gerra gorabehera, inflazioaren eragile nagusia energiaren prezioa izan eta ez soldatak. Bide beretik irten da Espainiako Gobernua, itxuraz 2012kotik desberdina den estrategia bat proposatuz eta errenten akordioaz hizketan: bai lanak bai enpresek sakrifizioak egin beharko dituzte aurrera atera eta ekonomia berriz ere haz dadin, klaseen arteko akordio baten bidez.

Baina itxuratik harago errealitatea bestelakoa da. Inflazio testuinguru batean soldatak ez igotzeak, berriz ere, krisitik ateratzeko soldata-debaluazio estrategia baten alde egitea dakar, lanari erauzten zaion gainbalioaren zatia hazten den bitartean. Elektrika handiek irabaziko dute gehien, ez soilik etxeetara iristen diren fakturen bidez, beste enpresetara iristen direnekin ere. Beraz, enpresa guztiek ez dituzte irabaziak handituko, enpresen artean ere irabazleak eta galtzaileak egongo dira, baina lana izango da bere osotasunean debaluatuko dena. Espainiako Gobernuak zerga jaitsierak eta kontsumorako diru-laguntzak eskaini ditu, dena defizit publikoaren kontura. Fiskalki atzerakoiak diren neurriak dira, eskema bera aldatzen ez dutenak eta arazoaren funtsari heltzen ez dietenak. Badirudi, beste behin ere, krisiaren kostuak langileriari ordainaraziko zaizkiola.