Aktualitatea abiadura bizian doan gurean, geratzeko etorri diren zenbait gairi buruzko kezkak dira hauek:
Argindarraren fakturaren igoerak sortutako polemika berriztagarrien alde egiteko eta eredua publikoa egiteko aprobetxatu beharko genuke. Bai, badakit berriztagarri modernoak kutsagarriak direla, baina kontuz “fosilismoaren” tonto erabilgarriak bilakatzearekin. Lehengo negazionistak orain trantsizio energetikoa ahalik eta gehien atzeratzea helburu dutenak dira. Eredua modu ahalik eta planifikatuenean aldatzea edo era kaotikoan gertatzea da jokoan dagoena.
Hori bai, digitalizazioaren mantra non-nahi, baina digitalizazioa “gaurko ogia eta biharko gosea da” (literalki). Nondik erauziko dugu horrenbeste kobre, nikel edo neodimio? Hamarkada batzuk barru Lurra infinitua dela uste dutenak izango dira gaurko “terraplanistak”.
"Badakigu eliteek
ez dietela kiroltasunez euren pribilegioei uko egingo, baina kontsentsu liberalak eskumatik gainditzen ari diren Europan, ikusteke dago askatasuna autokarabanan milaka kilometrotara irudikatzen duten langileen bilakaera"
Bestalde, Hego Euskal Herrian bizi garenoi, Ukrainako gerrak erakutsi digu Aljeria dela gure gas hornitzaile nagusia; bertako gas erreserbak dezente murriztu dira ordea. Agian, urte batzuk barru, suntsipen handiko armak dituztela esango digute... Okerrena da klima aldaketa berrien artetik desagertu dela, energiaren txanponaren beste aldea ez balitz bezala. Gainera, ematen du balizko guda nuklear batek ateak ireki dizkiola milioika pertsona akabatzearen ideiari. Zertarako orduan klima aldaketarekin kezkatu? Benetan, flipatzen nago Borrellen nibelarekin...
Bitartean, instituzioei neurriak exijituz iragan asteko zientzialarien desobedientzia ekintzak miresgarriak bezain surrealistak iruditu zaizkit. Imajinatzen duzue halakorik, ez dakit, COVIDarekin?
Garraiolarien grebak agerian utzi du gure oinarrizko premiak ere petrolioaren menpekoak direla. Globalizazioaren ajeak, badakizue, eta dieselaren krisia ate joka daukagu… nolakoak izango dira etorkizuneko protestak eta matxinadak? Errealitatea konplexuegia da betiko eskema dikotomikoekin aztertzeko. Barkatuko didazue, baina Iraultza Proletario ahalguztidunaren mitoa gauzak gehiegi sinplifikatzea dela iruditzen zait.
Eskasia etorri aurretik, mugak ezarri beharko genizkieke zenbait produkturi, gasolinari adibidez. Badakigu eliteek ez dietela kiroltasunez euren pribilegioei uko egingo, baina kontsentsu liberalak eskumatik gainditzen ari diren Europan, ikusteke dago askatasuna autokarabanan milaka kilometrotara irudikatzen duten langileen bilakaera, edo munduko beste puntara bidaiatzeko “beharra” dugun ezkertiar askorena.
Laburbilduz, noraino gaude soka tenkatzeko prest?
Antzeko kezkak badituzu, ez galdu udazken honetako ekologismo eraldatzailearen jardunaldiak! ;-)