argia.eus
INPRIMATU
Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzuliari so
Legebiltzarrari begira dira alderdi guztiak
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko apirilaren 28a

Ekainaren 12 eta 19an iraganen dira Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeak. Orain arte Emmanuel Macronen Gobernuak zuen hor ere gehiengoa, eta xede zituen erreformak aitzina eraman ahal izan ditu azken bost urteetan. Bere politika neoliberala blokeatzeko asmoz, bozketa horiek irabazi nahi ditu ezkerrak eta nagusiki hitzordu horri begira egon da bi itzulien artean: izan Macron, izan Le Pen parean, Legebiltzarrean gehiegoa lortu nahian dabil.

Ezker muturreko Jean-Luc Melenchon atera zen lehendakaritzako hauteskundeen lehen itzulian hirugarren indarra, botoen %21,95 lorturik –Le Pen baino 0,8 puntu gutxiago– eta bere inguruan batu nahi du ezkerra: "Bataila eder honetan gurekin bat egitera gonbidatzen ditut Herri Blokean sartu nahi duten guztiak. Hirugarren itzulia dago, ez da bigarren itzulian bukatzen kontua". Europe Ecologie Berdeak ekologistekin, NPA antikapitalistekin, Alderdi Komunistarekin akordio bat lortzeko negoziaketak abiatuak ditu Melenchonen La France Insoumise alderdiak. Oraingoz, Alderdi Sozialista ez da negoziaketen parte, nahiz eta hitz egiteko irekidura erakutsia ukan.

Nahiz eta bigarren itzulian galdu, emaitza ona egin du Marine Le Penek –"garaipen argia", hautagaiaren hitzetan–. Hautesleen %41,4ak bere alde bozkaturik, sostengu handia jaso du eta nola ez, Legebiltzarrean ordezkatua izateko xedea du –gaur egun, 577 diputatuetatik soilik zortzi dira Le Penen Rassemblement National alderdikoak–. "Macronen politika bortitza oztopatzeko hautagai" gisa aurkezten da, funtsean, lehendakaritzarako kanpainan egin duen gisara.

Argi da Macronek 2017az geroztik eraman politikaz nazkaturik eta haserre direla herritar anitz. Ezker muturrera ala eskuin muturrera egingo du kexu dagoen hautesle horrek? Ezin argiki jakin. Segur dena da, bi aldeek dutela haien kanpaina giro horretan oinarrituko.

Nola ez, bere aldetik Macronek Legebiltzarrean gehiengoa atxikitzea du helburu –577 hautetsietatik 314 dira bere alderdikoak gaur egun–. Baina 2017an hautagaitza berria zena gaur egun ezagunagoa da eta bozketa honen bidez jakinen da zer nolako sostengua daukaten lekuko hautetsi horiek. Ezkerraren eta eskuinaren arteko hiru kohabitazio izan dira iraganean: François Mitterrand presidente sozialista eta Jacques Chiracen artekoa 1986tik 1989ra; Mitterand eta Edouard Balladuren artekoa 1993tik 1995era; eta azkenik, Chirac presidente eskuindarra eta Lionel Jospinen artekoa, 1997tik 2002ra. Ezkerrak batasuna adostea lortzen badu, laugarrena osatzeko aukerak daude.