argia.eus
INPRIMATU
Armak eta kontraesanak
Laura Mintegi @lauramintegi 2022ko apirilaren 28a

Erasoa jasaten ari denari defentsarako baliabideak eman ala ez. Kontraesana aitortu behar dut eta susmoa dut ez naizela bakarra.
Hitza aldarrikatzen dugu. Konponbidea adostasunaren kulturatik datorrela, logika belizista baztertu behar dela, bortizkeriak bortizkeria dakarrela, espirala amaigabea dela. Indarraren legeak indartsua egiten du irabazlea, diogu, eta ahula galtzaile. Indarrak, gainera, ez dituela bermatzen justizia eta egia; eta ez dela eutsigarria, justizia-egarriak burua aterako duelako, noizbait. Baina zer egin hitza indarrez akabatzen denean?

Herri honek Orreagako iruindarren balentria goraipatu du, frankoak harrika hartu zituztenean; txalotu ditu Frantziako erresistentziaren sabotajeak III. Reich-aren aurka eta, berrikiago, gudarien armatzea ulertu du, Francoren inbasioa lehenago, eta frankismoaren zapalkuntza geroago, borrokatu denean.

Justifikatuta dago armak hartzea erasotzailearen aurrean? Badirudi defentsa armatua justifikagarriagoa dela erasoa hurbilagoa denean. Tiranizidioa ere justifikatu da, zartada larrutik ordaindu denean. Urrunagoari begira, ordea, argiago ikusten dugu bortizkeriak bortizkeria dakarrela. Kontraesanak janda.