argia.eus
INPRIMATU
Shakespeareren arabazozoak Central Parken
  • New York, 1890eko martxoaren 6a. Amerikako Aklimatazio Elkarteko kideek, Eugene Schieffelin presidentea buru zutela, 60 arabazozo askatu zituzten Central Parken, hiriaren bihotzean. Egun espezie horretako 200 milioi ale bizi dira Ipar Amerika osoan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko apirilaren 12a
Eugene Schieffelinek bi pasio zeuzkan: Shakespeare (ezkerrean) eta txoriak (eskuinean, arabazozo parea). 
Bi zaletasunak elkartzea bururatu zitzaionean, nahi gabe, hondamendi ekologikoa eragin zuen. (Argazkia: Martin Droeshout zaharra / Henry E. Dresser)
Eugene Schieffelinek bi pasio zeuzkan: Shakespeare (ezkerrean) eta txoriak (eskuinean, arabazozo parea). Bi zaletasunak elkartzea bururatu zitzaionean, nahi gabe, hondamendi ekologikoa eragin zuen. (Argazkia: Martin Droeshout zaharra / Henry E. Dresser)

Lehen aklimatazio elkartea Parisen sortu zuten 1854an eta berehala beste hainbat hiri eta herrialdetan antzeko erakundeak sortu zituzten. Aklimatazio elkarteen helburua “eskualde jakin bateko biodibertsitatea munduko beste toki batzuetako animalia eta landareekin aberastea” zen. Asmo onarekin jarduten zuten aklimatazio zaleek, baina, egun dakigunez, espezieak nahasteak hondamen ekologikoa dakar.

Eugene Schieffelinek (1827-1906) bi zaletasun zituen: txoriak eta Shakespeare. Baita bi pasio horiei emateko nahi adina denbora eta baliabide ere; industria farmazeutikoan aitzindari izan zen familia aberats batekoa zen. Eta halako batean, bi zaletasunak batu zitzakeela bururatu zitzaion, horretarako Aklimatazio Elkartean zuen kargua baliatuz: Shakespeareren obratan aipatzen diren txori espezie guztiak sartuko zituen AEBetan.

Eugene Schieffelineri bere bi zaletasunak batu zitzakeela bururatu zitzaion: Shakespeareren obratan aipatzen diren txori espezie guztiak sartuko zituen AEBetan

Espezie autoktonoen mesederako, elkartekideen eta presidentearen lehen ahaleginek porrot egin zuten: hegatxabala, txoka eta birigarroa ez ziren ugaldu ingurune berrian. 1890eko negu amaiera hartan askatutako arabazozoekin ere berdin gertatzen ari zenez, hilabete batzuk geroago beste 40 ale utzi zituzten parkean. Alferrik, hurrengo negua hurbildu ahala arabazozoak banan-banan erortzen hasi baitziren.

Baina ale gutxi batzuek, ironikoki, Central Parken bertan dagoen Historia Naturalaren Museoan aurkitu zuten babesa. Negu hura gainditu zuten, eta hurrengoak ere bai, eta 1900 urterako hiri guztian hegan ikus zitezkeen Europatik eramandako txoritxoak. 1920ko hamarkadan AEBen ekialde osoa hartu zuten. Eta 1950 inguruan, Kaliforniara iritsi ziren, hau da, herrialdearen beste muturrera. 1960. urtean arabazozoek aire istripu bat eragin zuten; hegazkinak saldo batekin topo egin, kontrola galdu eta lurra jo zuen, tripulazio osoaren heriotza eraginez.

Baina zorigaiztoko pasadizo horrez gain, arabazozoen izurriak ondorio larriagoak ere eragin zituen eta eragingo ditu. Egun 200 milioi arabazozo inguru bizi dira Ipar Amerikan. Labore lurrak suntsitzen dituzte eta milioika dolarretako galerak eragin nekazaritzan. Gainera, gaixotasunak zabaltzen dituzte, eta haiekin lehiatu ezin duten bertako espezie asko desagertzeko bidean jarri.