argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Agonian
Ula Iruretagoiena 2022ko apirilaren 19a

Alvaro Siza, Pritzker saridun arkitekto portugesak esan berri du arkitektura agonian dela. Baieztapena justifikatzen duen argudioa da gizarteak arkitekturarekiko duen balorazio eskasa, ordainsari baxu eta merezimendu ahuletan ispilu dena. Adibidez, turismoaren erakartze publizitatean bisitatu beharrekoen zerrendan arkitektura historikoko obrak badaude, hirietako zentroetan kokatuak egongo dira. Periferian eta lengoaia arkitektoniko garaikidea aurkezten duten obren gaineko aitorpenik ez da izaten, jakintza kultural mainstream-era iritsi diren Le Corbusier eta Mies van der Rohe arkitektoen obrak salbu. Arkitektura garaikideak ez du fama onik eta itsusiaren kategorian sailkaturik egon ohi da. Gaur egun ekoizten diren espazio eta eraikinak maitatzeko zailtasunak arazo baten berri ematen du. Arkitektoek diote “jendarteak kultura arkitektonikorik ez duela”, eta jendarteak dio “arkitektoak nabarmenkeria bilatzen duela bere irudia puzteko”. Bietatik zeozer badela esango nuke.

Agoniarako beste elementu garaikide bat da eraikuntzako materialen garestitzea. Lerroburu gutxi erakarri du egur, ate edo ikuzgailuen prezio igoera eskandalagarriak. Egoera ulertzeko klabeengatik galdetuz gero, inork ez du argibiderik, dagoeneko urtebeteko krisia igaro dugun arren. Prezioaren igoerari prezioaren ezegonkortasuna gaineratzen zaio, eta eraikin baten lanak egiterako unean, burutu behar denaren prezioa aldakorra izatea oso gai larria da; nola abiatu lan bat bere kostu finala jakin gabe, edo zer egin, eraikitzeko bidean egituraren prezioa bikoizten bada. Aurreikuspen handiagoa eskatzen du egoera berriak, eta aurrez materiala biltzeko, ezer abiatu baino lehen sakon landuta egon behar du egin beharrekoak.

Agian Sizak dioena da orain arteko egiteko moduak agortzen ari direla, ulermen mailan eta materialki ere bai, eta sistemaren iraultzean arkitekturaren birdefinizio bat jaio daiteke, eraikinak maitatzeko beste leku batzuen sorrera alegia.