argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Imazen 'Alimentación, lencería, bazar' erakusketa
Supermerkatuaren poetikaz
  • Bilboko erdigunean etxarte baten bila nabil. San Mames Zumarkaleko 11. zenbakian kale-kantoi urdinxka bat omen dago, eta, bertan, ezohiko arte-galeria bat. Galdu samar nabil bi dendaren artean hondo urdinean El Callejon Zollo. Molcris idatzita ikusi dudan arte. Pasadizoa igaro eta aldapan behera noa kale estu eta sakonean barrena, alde batera eta bestera urdinez margotutako etxabeak aurkitzen ditut. Gezurra dirudi hau Bilbo denik. Leiho-ate bi ikusten ditut, kaktus luzexka bat, zintzilik erortzen den landare zukutsua, eta horien erdian urre koloreko lau hizki handi: A I R E. Aire galerian burua sartu orduko antzeman ditut Iñaki Imazen margolanak.

Jone Alaitz Uriarte 2022ko apirilaren 06a
Argazkia: Aire galeria.
Argazkia: Aire galeria.

Pentsatu dudan lehenengo gauza izan da Iñaki Imazen (Donostia, 1965) azken lanak ikusteko ezin litekeela toki aproposagorik egon. Alde batetik, galeriaren kokalekuak, Bilboko erdigune zaratatsu eta komertzial honetan, erakusketaren izenburuarekin erabat bat egiten du: Alimentación, lenceria, bazar [Elikadura, lentzeria, bazarra]. Bestetik, Aire galeria bitxia da: gainontzeko galeria komertzialen asmoetatik urrunduta lan egiten du, eta Bilboko Arte Ederretako Fakultateko ikasle eta irakasle askoren topagunea da, beraz, Imazen lana hemen erakusteak zentzu handia du. Imaz pintorea da, baita irakaslea ere EHUko Arte Ederretako Fakultatean. Hamarkadak daramatza bere margolanak han eta hemen erakusten, gehienbat Euskal Herrian, eta bai bere egiteko erak, bai pintura ulertzeko moduak, belaunaldi askorentzako maisu bilakatu dute.

Imaz 80ko hamarkada bukaeratik ari da aktiboki lanean, batez ere pinturan, nahiz eta hiru dimentsioko piezak ere egin dituen. Artelekuko testuinguru artistikoaren parte aktiboa izan zen 90eko hamarkadaren bueltan non, besteak beste, 2005. urtean Lupa eta imana. Arte-jarduna pinturaren esperientziatik lantzeko tailerra zuzendu zuen. Artelekuk argitaratzen zuen Zehar aldizkarian maiz atera dira bere ekarpenak argitaraturik, horietako asko erakusketen kritikak eta pinturari buruzkoak dira. Gurean bere lana ikusi ahal izan da CarrerasMúgica galerian, Bilboko Alhondegian, Alegria galerian, baita Donostiako Tabakalerak 2016. urtean antolatu zuen Arenzana, Imaz, Intxausti, Montón, Peral erakusketan ere. Erakusketa hartan, belaunaldi bereko bost artista horien 80ko eta 90eko hamarkadako lanak ekoizpen berriekin batera ikusteko aukera egon zen, eta beraz, artista horien lanen bilakaeran atentzioa jartzeko abagunea izan zen. Imazen pintura itxuraz abstraktua da eta kutsu ironikoa du, eta esango nuke bere estiloa dagoeneko ezaguterraza dela, eta testuinguruko hainbat artistarengan marka utzi duela.

Argazkia: Aire galeria.

Aire galerian batik bat pintura erakusketak antolatzen dituzte eta horietako askok talde-erakusketa formatua daukate. Fito Ramírez-Escuderok 2018. urtean zabaldu zuen Aire, unibertsitateko ikasleei beren lanak erakusteko espazioa ahalbidetuz. Ramírez, artista eta irakaslea, aspalditik dago Arte Ederretako Fakultateari lotuta eta orain lau urtetatik, bere ikasle direnek, izandakoek eta unibertsitateko hainbat irakaslek bere lanak erakusteko aukera daukate galeria honetan. Agian Aire galeriako gauza interesgarrienetako bat da belaunaldien arteko harremanak oso modu naturalean ematen direla, eta artearen praktika hizpide, ezagutzak, proiektuak eta kolaborazioak elkartrukatzen direla. Xarma handiko tokia da, espazioa bera informala delako, baita artista askorentzako lehen erakusketak egiteko saiakera-lekua delako ere. Eta artista gazteen lana modu desinteresatuan erakustea eta bultzatzea ahalbidetzen dituzten ekimenak beti dira ongietorriak.

Argazkia: Aire galeria.

Zolloko kale-kantoiaz liluraturik sartu naiz Imazen erakusketa ikustera. Espazioak, beti bezala, asko baldintzatzen du ikusiko duzunaren esperientzia eta oraingo honetan kuriositate handiz ibili naiz espazio txikian barrena. Galeriak etxe edo lokal bateko planta du, zoko ugari du han eta hemen eta korridorea da gelatxo horiek lotzen dituen zilbor-hestea. Imazen mihise koloretsuek galeriako horma grisak kolorez zipriztintzen dituzte eta egin dudan lehen paseo azkarrean kolore horia nabarmentzen zela iruditu zait. Ia mihise guztiek dute ñabardura horiren bat. Sarrerako sofan bi neska daude beraien artean hitz egiten, klasean aurkeztu behar duten proiektu baten inguruan berbetan. Beraiengana hurbildu naiz eta katalogo bat ematearekin batera esan didate BM supermerkatuetan inspiratutako margolanak direla. Hara kolore hori sutsuaren zergatia!

Beraz, asteko erosketa egitea bezain ekintza berez-ez-transzendentala izan liteke, kasu honetan, mihise hauek margotzen hasteko abiapuntua. Motibo hori aintzakotzat hartuta, Imazek elikagai-denda horien logoaren koloreak errepikatu, konbinatu eta aldatu egin ditu tamaina handiko mihiseetan. Koadro bakoitza mundu bat da eta ariketa iradokitzailea da bakoitzaren parean jarri eta ñabarduratan atentzioa jartzea: koloreen aukeraketa, formen gainjartzea, motiboen errepikapena, erabilitako teknika eta bakoitzaren atzean dagoen gogoa eta desira zein den asmatzen saiatzea. Margolan batzuetan supermerkatuaren adreiluzko eraikin biluzien argazkiak txertatu ditu artistak, baita poltsak, eskaintzen esku-orriak edo komertzio horien iruditegiaz identifikagarriak izan litezkeen beste hainbat elementu ere. Gainjartzeak ere badaude, eta koadro batzuek beste koadro txikiago batzuk dituzte bere baitan mihiztadura formal batean, betiere formatu angeluzuzenean. Trazuak, kolore masak, forma iradokitzaileak unibertso propio bat eraikiz doaz jatorrizko ideia hori ia-ia desagertzera eramateraino.

Imazen pintura itxuraz abstraktua da eta kutsu ironikoa du, eta esango nuke bere estiloa dagoeneko nahiko ezaguterraza dela

23 margolan daude espazioan zintzilikatuta, bata bestearengandik oso gertu, koloredun masa bat sortzeraino. Mihiztaduraren ideiarekin jarraituz, etxeko sarreretan jartzen diren lanpas zatiekin –beltza, grisa, marroia– osatutako margolanak ikusiko ditugu. Izan ere, badago beste margolan multzo bat non bazarraren edo azokaren iruditegi hori presenteagoa egiten den. Imazek alfonbrak eta lanpasak zursareak balira bezala margotzen ditu, batzuetan mila detailez, beste batzuetan bertatik abstrakzio ariketa bat proposatuz. Koadro handi horietan, kolore arrosak eta lilak nabarmentzen dira. Azkenik, lentzeria-moda motibo duten pinturak ere badaude, handiak, koloretsuak, umoretsuak, aparteko teknikaz egindakoak.

Eskertuta atera naiz erakusketa ikustetik. Kale-kantoi isilaren bukaeran Molcris marko-dendara hurbildu naiz kuriositateak piztuta, eta polita da galeriak eta denda honek kale estuari ematen dioten bizitza. Gora begiratu eta emakume bat azpiko arropak zintzilikatzen ari da kaletxora ematen duen esekilekuan. Barruan ikusi dudan margolan bat gogorarazi dit estanpak.