argia.eus
INPRIMATU
Natalia Sancha. Kazetaria
“Gerra testuinguruan emakumeak biktima gisa islatzen dituzte hedabideek”
  • Ekialde Hurbileko eta Magrebeko gatazketan zein toki izan dute emakumeek hedabideetan? Narratibak aldatu dira bertako zein nazioarteko emakumeek euren errealitateaz informatu dutenetik, fokua aldatu dutenetik. Natalia Sancha kazetaria (Huelva, Espainia, 1979) Balas para todas liburuaren koordinatzailea da; “pasiboak ez diren eta errekamaran bala bat gordeta duten emakume guztien omenez”  egindako bilduma, sei berriemaileren eskutik.
Leire Regadas @leireregadas 2022ko martxoaren 31
“Mendebaldeak ez daki zer egin emakume bat arma batekin ikustean”. Argazkia: Mahmoud Elsheikh. Raqqa, 2019ko apirila.

Nola ikusten dira gerrak emakume kazetarien begietatik?

Gerrari buruz oro har eta bereziki emakumeen rolari buruz aurretik zeuden narratibak apurtzen saiatu gara. 1990eko hamarkadatik hona emakumeak eta haurrak biktima gisa irudikatu dira, Ukrainako gerran ikusten ari gara diskurtsoa betikotzen ari dela. Emakumeek duten rol bakarra errefuxiatu gune batean egotearen kontzeptuarekin hautsi nahi izan dugu; horixe izan baita gizon kazetariek emakumeen errealitatearekin izan duten kontaktu bakarra Ekialde Ertaineko eta Magrebeko testuinguru patriarkal eta musulmanean. Gizartearen %50 ez zegoen ordezkatuta.

Zerk ahalbidetu dizue errealitate horietara hurbiltzea?

Liburua idatzi duten kideen erdia bertako kazetariak dira, eta besteok nazioartekoak, baina Ekialde Hurbilean ibilbide luzea dugunak. Ez gara parakaidistak. Gizarte ehuna eta hizkuntza ezagutzen ditugu, funtsezko tresna baita, batez ere konfiantza giroa sortzeko orduan. Lehen lerrotik atzeguardiara igaro ginen, normalean emakumeentzat gordetako espazio pribatuetara. Berretsi genuen emakumeak ez direla biktimak. Batzuk ISISeko kide erradikalizatuak dira, beste emakume batzuk errekrutatu dituztenak; beste batzuk alargun gelditzen direnean etxeko ekonomia aurrera ateratzen dutenak; ekonomikoki independenteak izan nahi duten unibertsitateko ikasleak dira beste batzuk...

Argazkia: Emile Issa

Prisma aldatzea zen kontua.

Atzealdera begiratu beharra zegoen, bira egin. Odola gorria da eta kalaxnikovak berdinak dira leku guztietan. Emakumeak beti egon dira hor, Mendebaldeak heroi gisa irudikatu nahi ez zituen gerretan, Europako kolonien independentzia gerrak zirelako. Beraz, bai, emakumeengana iristeko baliabide falta egon da urte askotan, baina baita interes falta ere.

Sexu-indarkeria oraindik ere gerra-arma dela egiaztatu duzue. Elkarrizketa hauetan bereziki garrantzitsua da emakume kazetarien papera, ezta?

Gerretan emakumeen gorputzak gudu-zelai bihurtzen dira. Herri bat suntsitzeko emakumeak suntsitzen dituzte. Sexu-indarkeriaren testuinguruan, emakume horri begietara begiratzeak eta bere hizkuntzan hitz egiteak behar-beharrezkoa den lasaitasun eta konfiantza giroa sortzen du. Horrelako elkarrizketak ezin dituzte egin gizonezkoek; lehenik eta behin, gizonak direlako eta bigarrenik, atzerritarrak direlako. Beste pertsona bat dagoenean, itzultzailea dela edo fixerra dela, elkarrizketa hauetan ezinbestekoa den bi pertsonen arteko lotura galtzen da. Gauza oso gogorrak eta pertsonalak kontatzen dizkizute, tabu diren gaiak.

Ezin dugu emakumeez eta gerraz hitz egin sexualizazioaz hitz egin gabe.

Mendebaldeak ez daki zer egin emakume bat arma batekin ikustean. Kurduak aspertuta daude fusila eskuan dutela atzerriko kazetariak argazkiak ateratzera joatearekin. Jakina, Mendebaldeko edertasun estereotipoak erreproduzituz. Liburuan oso kasu esanguratsua jasotzen dugu; Asian Ramadan milizianoa zen 2015ean, emakume ederra zen eta “Ekialde Hurbileko Angelina Jolie” gisa bataiatu zuten hedabideek. Estatu Islamikoaren aurka borrokan hil zenean, egunkari britainiar batek “Ekialde Hurbileko Angelina Jolie hil da” titulatu zuen albistea... Ez du inolako balio informatiborik.

Gerra garaian bizitzak halabeharrez aurrera jarraitzen duela ere islatu duzue.

Normaltasun oasia deitzen duguna sortu ohi da gatazka armatuetan. Narratiba desberdin horri heldu izan diogu erreportajeetan: ezkontzak, mozkorraldiak, dantzak, morteroek egindako zuloak haurrentzako igerileku bihurtuta, tango edo parkour klaseak kale txikituetan barrena... Normaltasun apurrak dira, gerra pairatzen duten herritarrak humanizatzen laguntzen dutenak eta herritarrei sena ez galtzen laguntzen dietenak.

Bertako hiru kazetarik eta nazioarteko beste hiruk idatzi duzuen liburuak Balas para todas du izena. Zergatik?

Aurkitu ditudan emakume borrokalari guztien omenez. Emakumeen gorputzak gudu-zelai gisa erabiltzea saihesteko bala bat gordetzen zuten beti; horrela, ISISek harrapatu aurretik, beraien buruari tiro egingo zioten. Ez zuten biktima kontzeptuan inolaz ere erori nahi. Era batera edo bestera, metaforikoki bada ere, guztiek gordetzen dute bala bat errekamaran. Pasiboak ez diren emakume guztien omenez da, gerran guztiek hartzen dutelako parte, denek sufritzen dutelako, emakumeak egon badaudelako.

Lehen lerrotik harago

“Azken hamalau urteak Ekialde Hurbilean eman ditut korrespontsal lanetan, Beiruten bizi nintzen. Siria, Palestina, Libia eta Irakeko gatazkez informatu dut. Eguna amaitzerakoan eta hotelera bueltatzean, beste kazetariekin biltzea zen ohikoena. Orduan konturatu nintzen emakume kazetariek istorio desberdinak genituela. Lehen lerroan egotea bezainbeste garrantzi du bira egin eta atzeguardian zer gertatzen ari den ikusteak”.