Frantziako hauteskunde presidentzialen lehen itzulia ospatuko da apirilaren 10ean. Ukrainaren inbasioak eragin zuzena izango du bozetan. Inkestak eskuan, egungo presidente Emmanuel Macron ageri da indartsuen. Marine Le Pen eta Eric Zemmour ultraeskuindarrek bigarren bueltara heltzeko aukerak dituzte. Ezkerrean aukerak dituen bakarra Jean Luc Mélenchon litzateke. Hauen atzetik, baina oraindik aukerekin, Valérie Pécresse kontserbadorea.
Apirilaren 10ean ospatuko da Frantziako hauteskunde presidentzialen lehen itzulia. Aurkezteko behar diren babesak bilduta hamabi hautagaik ekingo diote Eliseorako lasterketari. Frantzian eta Europan azterlanean diharduten Ifop eta Electrograph etxeek berriki argitaraturiko inkesten arabera, bigarren bueltara igarotzeko aukera gehien dituena egungo presidente Emmanuel Macron da, %28ko bozka intentzioarekin. Atzetik ditu Batasun Nazionaleko Marine Le Pen %18,5arekin, ostean, ia berdinduta, %12-%14 bitarte Eric Zemmour ultraeskuindarra eta Jean-Luc Melenchon ezkertiarra. Hautagai bateratu bat aurkeztearen saiakerak porrot egin ostean, bera da ezkerretik aukerak dituen bakarra. Aipatzekoa da hainbat pertsona publikok salatu duela ezkerreko hautagaiei medio nagusietatik egin zaien jarraipen mediatiko eskasa. Zemmour eta Melenchonen atzetik, aukera gutxiagorekin, LR Errepublikanoen hautagai Valérie Pécresse legoke, botoen %10 ingururekin.
Urtebete bada 2021eko udaberrian ospatu ziren hauteskunde erregionalen aitzakian Lilleko paradoxaz hitz egin genuela horri hauetan. Frantzian zerikusi gutxi izaten dute hauteskunde erregionalek presidentzialekin, baina haietan jazotakoak ere eragin lezake orain. Batasun Nazionalaren estrategia berriarekin, Marine Le Penek errepublikarrak gainditzeko esperantza zuen masa sozial indartsua duen Frantzia Garaia edota Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualdeetan. Bietan gailendu zitzaion eskuin klasikoa (LR Errepublikanoen babesa zuten hautagaiek).
Presidentzialen atarian, ahulago zirudiena indartu egin zen. Nolabait, Macronez eta Le Penez gain, Errepublikanoen hautagai bat Eliseorako lasterketara indar haundiagoarekin aurkezteko baldintzak sortu ziren.
Frantzia Garaiko eskualdean Batasun Nazionalari gailendu ostean, kiniela guztien arabera Xavier Bertrandek izan behar zuen errepublikarren hautagaia. Alderdiak ospaturiko primarioetan, baina, Pécresse atera zen garaile. El Pais-eko Frantziako korrespontsal Marc Bassetsek “Valérie Pécresse edota burgesiaren xarma diskretua” artikulua idatzi zuen bere garaipenaren berri emateko. Izan ere, Pécresse emakume bakarra izateaz gain, aurkeztu diren hautagaien artean aberatsena ere bada. Parisko elitearen parte, liberala ekonomikoan eta kontserbadorea sozialean. Bi heren Merkel eta heren bat Thatcher dela aitortu zuen Le Point aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean. Sexu berekoen arteko ezkontzaren aurka sortutako La manif pour tous mugimendua hainbatetan babestu izan du. Besteengandik urruti oraingoz, kanpaina ausarta egin beharko du bigarren itzulira igaro nahi badu.
Pécressek primarioak irabazi baino zerbait lehenago entzun ziren errekonkista oihuak Frantziako irrati telebista kateetan. Hauen atzean zen Zemmour kazetari polemikoa. Bere azken lan literario arrakastatsuaren La France n´a pas dit son dernier mot (“Frantziak ez du bere azken hitza esan”) izenburuari so, zutabe zein platoetan errepikatu du oraindik asko dutela esateko frantziarrek, herrialdea moralki eta politikoki errekonkistatu beharra dagoela. Feminismoa eta immigrazioaren etsaia, 2006-2014 bitartean argitaratutako Le premier sexe (“Lehen sexua) edo Le suicide français (“Frantziaren suizidioa”) saiakerak estandarte bilakatu dira frantziar gizarteko sektore erreakzionarioenetan.
Testuetatik hitzetara, azken urteetan adierazpen misogino eta arrazisten artean egin du hautagai presidentzial bilakatu aurretiko bidea. Komunikabide korporazio handiek interesatuki eskaini dioten bozgorailuaz idatzi izan du Jenofa Berhokoirigoinek ARGIAren 2760. alean. Ugo Palheta soziologoak Viento Sur agerkarian “Eric Zemmouren igoera disdiratsua” izenburu duen artikuluan maisuki azaldu du Stathis Kouvélakis filosofoaren laguntzarekin nola eta zergatik burutu duten maniobra mediatiko hau. Pixkanaka mass media kontserbadorearen pilare nola bilakatu den.
Beste hautagaien erdia eginez, platoetatik aktualitatea denbora luzez baldintzatzeko ahalmena izan du. Ofizialki bere hautagaitza abenduaren 5ean aurkeztu zuen Parisen 12.000 jarraitzaileren aurrean. Zin egin zuen egoera irregularrean dauden etorkin guztiak herrialdetik botako dituela presidente izendatzen badute. Zergen jaitsiera ere iragarri zuen. Kanpainan erabiliko dituen bi aldarri nagusiak lirateke aipatu biak. Historian lehen aldiz bigarren itzulira igarotzeko aukera duten bi hautagai ultraeskuindar izango dira Frantzian. Le Penentzat mehatxu argia da, are gehiago azken honen iloba Marion Maréchal Le Penek bere izebaren hautagaitza utzi eta Zemmouren “errekonkistara” batu dela publiko egin duenean.
Txanponaren beste aldean, beraz, ezker eta ezker muturreko zenbait hautagaik medioetatik jaso duten trataera. Hautagai ultraeskuindarra hauspotu dutenek ez dute ezkerrean egituratzen joan diren aukeren gainean txintik esan. Agian kasu adierazgarriena Anasse Kazib militante troskistarena izan da. 2018ko trenbide greban ezagun egin zen aktibista, bere programa eta hautagaitza Frantziako hainbat txokotara eramatea lortu du, gizarte eragile eta mugimendu desberdinen atxikipena eskuratuz.
Tamalez, medio konbentzionaletatik ez da Kazib lortzen ari zenaren inguruko jarraipen berezirik egin. Azkenean, ez du lortu aurkezteko behar den babes maila. Kaziben Iraultza Iraunkorra mugimenduaren amaiera ekitaldira Adèle Haenel aktore ezagunak bidalitako gutunean gogor salatu zuen medioen joera interesatua: “Frantziak gaur aurpegi desberdina luke, iraultza iraunkorraren proposamenak eta Anassen inteligentzia sentiberak ultraeskuindarren hitzek jaso duten arreta komunikatibo berbera jaso izan balute”. Eta Kasibena bezala, egon dira beste kasu batzuk ere.
Melenchonez gain, beraz, ezkerrean filtroa pasatzea lortu dutenak alderdi tradizionalek babestutako hautagaiak izan dira. Yannick Jadoten hautagaitza ekologista, Frantziako Alderdi Komunistak babesten duen Fabian Roussel edota Parisko alkate Ane Hidalgo sozialistaren zerrenda. Azken hauek guztiak bigarren bueltara igarotzeko aukerarik gabe. Aurkeztea lortu duten eta bidean geratu diren hautagaien gaineko sailkapen interesgarria kaleratu du France24 kateak.
Moskutik datozen mezuek eta gerraren mamuak hautesleak nabarmen baldintzatu ditzakete aukera bat edo bestea bozkatzerakoan
Putinek Ukraina inbaditu ostean hankaz gora jarri du guztia. Inbasioa ekonomiaren eta geopolitikaren aspektu guztietan eragina izaten ari da. Bistan da gertakari honek hauteskundeak zipriztinduko dituela. Moskutik datozen mezuek eta gerraren mamuak hautesleak nabarmen baldintzatu ditzakete aukera bat edo bestea bozkatzerakoan. Putinekin izandako harreman onaren aldarri egin duen Le Pen, adibidez, guda egoerak nahiko kolokan uzten du kanpainarako egun gutxi falta diren honetan. Alabaina, Putinen aurka eta Europar Batasunaren alde eginiko saiakerek egungo presidente Macron are gehiago indartuko dutela ez du jada inork dudan jartzen. Gauzak horrela, Macron eta zein lehiatuko dira apirilaren 10ean?
331 diputatuk bozkatu dute ezkerrak aurkezturiko zentsura mozioaren alde. Eskuin muturrak babestu du ezkerraren testua, eta horrek ekarri du gehiengoa lortu izana. Emmanuel Macron presidenteak hitza hartuko du ostegun honetan 20:00etan.
Frantziako Gobernuaren aurrekontu proiektuan Gizarte Segurantzan egitekoak dituzten murrizketak salatzeko mobilizazio eguna dute ostegunean. Manifestazioa abiatuko dute 10:00etan Baionako geltoki aitzinetik. Bezperan, zentsura mozioaren alde eman dute botoa Frantziako... [+]
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]
Duela bi aste, Frantziako irratien finantziamendua zalantzan zen, Frantziako Kultur Ministerioak %35 apaldu nahi baitzituen elkarte irrati lokalei bideratu dirulaguntzak. Orduan, 200 bat elkarte ziren lanjerrean eta horien artean Iparraldeko Euskal Irratiak.
Azalpena... [+]
Frantziako Gobernuak aurkeztu duen 2025eko finantza lege-proiektuaren arabera, irrati elkarteek jasoko duten laguntza ekonomikoa %35 murriztuko da. Murrizketak, hamar milioi euro gutxiagoko diru-laguntza jasotzea suposatuko luke. Irratien elkarteak esan du "lurraldearen... [+]
Larunbat honetan aurkeztu du Frantziako gobernu berriaren osaketa Michel Barnier lehen ministroak. Eskuin muturreko RN alderdiak defendaturiko ideiak dituzten hainbat politikari eskuindar jarri ditu gobernuko karguetan. "Legetimitaterik gabeko gobernua" dela salatu du,... [+]
Eskuin muturreko RN alderdia da Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzuliko garaile handia. RN alderdiak %33,15 jaso du, ezkerreko Fronte Herritar Berriak %27,99 eta Macronen Ensemble alderdiak %20,04.
Asteazken goizean eskainitako ohiz kanpoko prentsaurrekoan eman du erabakiaren berri Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Kanaken haserrea piztu zuen legeak, errolda horren eguneratzeak kanaken pisua gutxitzeaz gain, 1998ko Noumeako Bake Akordioen muinaren errespetu-eza... [+]
Ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan eskuin muturrak garaipena lortu dezake, eta hori gertatzekotan Le Penen RN eta Macronen Renaissanceren arteko koalizio gobernua osa liteke. Arrisku errealaz kontziente, eskuin muturraren gorakada... [+]
Batasun Nazionaleko buruak, Macronek Frantziako Asanblea Nazionala disolbatu eta hauteskundeak deitzeko harturiko erabakia jakin eta berehala hitz egin du, alderdi ultraeskuindarrak Europako hauteskundeetan emaitza ikusgarriak izango zituela baiezkotzat emanda.
Urgentziazko prentsa agerraldia egin du Emmanuel Macronek, inkesta emaitzak jakin eta ordubetera. Izan ere, inkestaren arabera, Le Penen alderdi ultraeskuindarrak bikoiztu egingo lituzke bere botoak.
Laborantza lizeoetan tokiko hizkuntzetako irakaskuntza sailen sortzea eztabaidatua izan da frantses legebiltzarrean. Legearen zuzenketa proposatu du Iñaki Etxaniz legebiltzarkideak.