argia.eus
INPRIMATU
Déjà vu
Iñigo Satrustegi @InigoSa 2022ko martxoaren 31
Argazkia: Dospordos

Izan zitekeen 2020ko martxoaren 6a: Jimmy Jazz aretoa, Skabidean Izaera disko berria aurkezten, COVID-19a gero eta zabalduago Euskal Herriko fokurik handienean. Astebete beranduago konfinamendua. Baina ez. Bi urte beranduago déjà vu bat izaten ari naiz. Oraingoan Hiri zahar zikina lana taularatzen ari dira iruindarrak. Giroa arraro dago hasieran, oholtzan mikro bat falta dela ohartu gara eta musikariak arduratuta daudela ematen du. Dantzalekuan hotz egiten du, eta ez zentzu metaforikoan bakarrik.

SKABIDEAN
NOIZ: Martxoak 10
NON:  Jimmy Jazz (Gasteiz)

Azken bi lanetako kantak tartekatzen ari dira, ska eta blues estiloa nagusi, baina jotikaren bat eta, spoiler, punka ere badaude. Idoia ari da Lorenaren hutsunea betetzen, txaloak eskatu ditu gaixo dagoen kidearentzat. Momentu batzuetan itotzeraino heldu da kasik. Ez da bere erregistroa eta bitxoa pasa berri du. Meritua aipatu dugu lagun artean. Publikoa harekin batera itotzen da. Baina, hala eta guztiz ere Idoiaren jarrera, ahotsa eta gaitasuna... Uau! Barka subjektibotasuna.

Kanta bat bestearen atzetik, girotu da aretoa. Dantzan gazteak eta ez hain gazteak. Argi epileptikoak eta biriketako aire guztia ematen ari diren zaleak.

Amaiera aldera eztanda egiteko unea heldu da, gure unea. Folklore nafarrak eragin ditu oilo ipurdi bat baino gehiago, sortetxetik ez hain gertu, eta Germanen oroimenez. "Nork esango zidan niri jota bat kantatzen dantzan jarriko nuela Gasteizko jendea!". Gasteiztarrak direnak zein ez direnak gehiagoren gosez geratu gara. Biribila izan da, azken diskoko kanta onenekin egin dute agurra. Bukatutzat eman dute kontzertua, musika jarri eta biltzen hasi dira… Publikoak, ordea, badaki zer datorren, oihu egin dute: "Pipi!". Hastapenetako kanta jo dute eta entzuleak zoratu dira: aspaldiko zale txosneroak temazoagatik eta zale iritsi berriak, flipatzen.

Diotenez, déjà vuak bizitako uneen bigarren aukerak dira, hobetzeko edo. Nekez hobetu zezaketen duela bi urteko kontzertu hura, eta hasieran zail zutelako ustea nuen arren, lortu dute. Espero dezagun oraingoan ez dela itxialdirik etorriko.