Nortzuek helduko diote estatxari, getariarrek ala turistek?

  • Txikia bezain bizia da Getaria, Gipuzkoako kostako herria, baina abendutik hona aldaketa batzuk izan dira Parte Zaharrean: ostalariek prezioak igo dituzte, eta gazteek eratutako Sos herritarrak ekimenak boikota egin die. Ia lau hilabete daramatzate tabernetan zentimo bat gastatu gabe, prezioen igoera "neurrigabea" salatzeko. Boikotaren atzean dagoena kontatzeko bildu gara gazteekin; aldiz, ez dute aurrez aurre elkartu nahi izan Getabat ostalarien elkarteak eta Haritz Alberdi EH Bilduko alkateak, eta idatziz erantzun dizkigute aferari buruzkoak.

Getariako turismoa gastronomian eta txakolinean oinarritzen da. / Argazkia: David Bagnall.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Batek baino gehiagok pentsa dezake gazteak alkoholagatik soilik mobilizatu direla, baina izatez urak gainezka egiteko falta zuena izan da. Olatua Kale Nagusira iritsi da, eta ostalariak, udala, eta herritarrak busti ditu; plazara ekarri ditu turismoaren gorakadaren gaineko eztabaidak, eta bistan utzi du azken hamarkadan herri ereduak aldaketa izan duela. Zergatik? Sos herritarrak taldekoen esanetan, herria turismoari emana dagoelako, bertakoak alboratuta. Getabat elkartearen iritziz, berriz, aldaketa horren ardura herritarrek dute, ez kanpokoek: "Datozen belaunaldiek dute arrantzarekin, baserriekin eta inguruarekin aurrera egiteko erronka, herritarrona da estatxari eusteko erantzukizuna".

Haritz Alberdi alkateak ere estatxari heltzeko deia egin die "guztiei", baldin eta nortasun handiko herri bizia izaten jarraitu nahi badute. Hain zuzen, Getariako Udalak "Heldu estatxa, getariarron txanda" kanpaina abiatu zuen 2020an, pandemiaren ondorioak sufritu zituzten herriko saltoki eta ostalaritza establezimenduak berpizten laguntzeko. Getariarrak bertakoa kontsumitzera bultzatu zituzten, estropadetan abiatzerakoan patroiak tinko eusten duen soka, estatxa, lematzat hartuta: "Estatxari ondo eutsi eta arraunean bezala talde lanean urratsak emateko", laburtu zuen alkateak kanpainaren xedea. Gazteei ondo iruditzen zaie ostalariei laguntzak ematea: "Ahal izan dugunean lagundu dugu, Getarian egin dugu bizitza, eta ez genuen espero neguan prezioak igotzea". Itsasoa asko mugitu da ordutik, eta gazteek adostu dute beste norabide batean arraun egitea: "Heldu karterak" lemapean, ostalariei eskatu diete prezioak lehengoratzeko; bitartean ez dira tabernetara joango.

Karro batean alkohola eta musika zeramatela irten ziren kalera gazteak, tabernen aurrean protesta egiteko

Sos herritarrak taldean antolatu dira 20-30 urte arteko gazteak, eta hainbat ekintza eta hitzaldi antolatu dituzte abenduaz geroztik. Lehen bilkuran 60 bat lagun elkartu ziren, "inoiz baino gehiago", eta azpimarratu dute boikotaren harira saretu direla gazteak. "Bilera eta hitzaldi horietan konturatu gara herri eredu hau ez dela guretzat sortutakoa; jendeak ohartarazten gintuen horretaz, baina orain arte ez gara konturatu". Onartu dute alkohola izan dela mugimendua piztu duena, baina aurretik kuadrilletan aipatzen ziren ezinegon askori buruz hausnartzeko probestu dute egoera. Gerora begira, Getarian bizitzeko aukera izan dezaten orain "zerbait egiteko beharrari" erantzun diote.

Tabernei boikota

Sos herritarrakeko partaideek hauxe izan dute kezka iturri: "Prezioak proportzio horretan igotzen badituzte, zer gertatuko da hemendik urte batzuetara?". Izan ere, garestitzea ulertzen dute, jakitun direlako jendarte osoaren gastuak ere handitu egin direla, baina salatu dute igoera neurrigabea izan dela, eta herrian turista gutxien dagoenean egin dutela. "Aste Santuan igo izan balituzte 10 zentimo, seguruenik ez ginakeen kexatuko. Baina ez da horrela izan, momentu desegokian egin dute, eta ez dira 10 zentimo izan, baizik eta 30 edo 50". Oro har %15eko edo %20ko igoera izan dute edariek; besteak beste, garagardo kañak 2,5 euro balio du, zuritoak 1,5 euro, konbinatuak 7 eta ur botila handiak 3.

Hori ikusita, segituan egin zuen elkarretaratzea Sos herritarrak taldeak, eta jarraian kalejira egin zuten herritik. Karro batean alkohola eta musika zeramatela irten ziren kalera abenduan, tabernen aurrean aldarrikatzeko prezioen igoeraren aurka zeudela. Garai batean halaxe egin zuten Durangoko eta Oñatiko txikiteroek, protesta gisa marmitan ardoa hartu eta kalean edan, harik eta ardoaren prezioa lehengoratzea lortu zuten arte. Tabernetara joan ezinda, Sos herritarrakeko kideek Getariako beste gune batzuetan antolatu dituzte hainbat jolas, mahainguru, pintxopote eta bazkari; esaterako, nabarmendu dute Gaztetxeari bizitza eman diotela.

"Heldu kartera" lemapean egin dute boikota gazteek. / Argazkia: Sos herritarrak.

Getabat elkarteko ostalarien ustez boikotak egoera "desatsegina" eragin du: "Bakoitza libre da norbere aldarrikapenak egiteko, baina kasu batzuetan aldarrikapenak egiteko formak harritu gaitu". Prezioen igoerari dagokionez, arrazoitu dute lau urte zeramatela prezioak ukitu gabe, eta gogorarazi dute igo egin direla lehengaien eta argindarraren prezioak. Azpimarratu dute azken "eguneraketarekin" inguruko herri askotako prezioen pare geratu direla Getariakoak.

Pintxoak, txakolina eta gastrotekak

Sos herritarrak ekimenekoak kexu dira taberna guztiak berdinak direla, hau da, pintxoak eta txakolina saltzen dituztela, batzuk gastroteka estiloan, eta herritarrek ez dutela aukerarik otordu xume bat egiteko. "Donostiako Parte Zaharreko eredua, uste genuena hona ez zela iritsiko, iritsi da". Ostalariei galdegin diete antolatzeko herritarrei bideratutako ekintzak, "lehen bezala". Kritikatu dute aberatsentzat eginiko herri bilakatu dela, eta, era berean, Kale Nagusian komertzio bat izatea "diru-iturri izugarria" dela, turismoari esker: "Pandemiagatik ez balitz, haizea popatik zuten negozio horiek".

Sos herritarrak ekimenak kritikatu du Getaria turismoari emana dagoela, eta bertakoak soberan sentitzen direla

Eusko Jaurlaritzako Enfokatur Turismoaren Behatokiak 2019ko azterketan zera ondorioztatu zuen: Gipuzkoako kostara joandako turista bakoitzak egunean batez beste 147 euro gastatu zituen gastronomian eta ardoan (Getarian ezaguna den txakolina barne); hain zuzen, EAEra datozen turisten %87,5ak gastronomiari lotutako jarduerak egiten ditu. Getariako turismo gida guztietan ageri da eskaintza bera: parrillan erretako arraina, mariskoa, txakolina, eta Elkanori eta Balenciagari buruzko bisitak, itsasoz eta mendiz inguratutako parajeetan.

Ezin da ahaztu 2.839 biztanleko herria dela, Eustaten 2021eko datuen arabera, eta biztanleriaren zatirik handiena kaxkoan biltzen dela, saltoki eta ostalaritza establezimendu guztiak dauden tokian. Sos herritarrak taldekoek deskribatu dute udako egoera: "Getariarrok sentitzen dugu herrian soberan gaudela, Kale Nagusian jendetza egoten da baina ez duzu inor ezagutzen; kotxez beteta egoten dira bazter guztiak". Argi dago COVID-19ak gogor jo duela turismoa, baina apurka sektorea berpizten ari da. Getariako Turismo Bulegoak 2021ean 22.340 bisitari erregistratu zituen; halere, lagin horri beste batzuk gehitu beharko litzaizkioke turisten argazki osoa eta erreala izateko.

Kale Nagusian biltzen da turista gehien. / Argazkia: Euskoguide.

Nortasunaren zutabe: arrantza ala turismoa?

Esanak esan, Getabat elkarteak dio beti egon direla "herritarrengandik gertu" eta herriko ekimenetan presente. Getariarrei ekarpena egiten dietela argitu dute: "Lehen sektorearekin ere zuzen-zuzeneko  lotura dugu, herriko arrantzaleekin, txakolinzaleekin, baserritarrekin, kontserbagileekin… Gure etxeetara datozenei herriko produkturak eskaintzen saiatzen gara". Getabaten hitzetan, turistak "pozez" hartzen dituzte, herritar ugarik irabazten baitute haiei produktuak salduta. Halaber, diotenez Getariako nortasuna transmititzeaz arduratzen dira, eta "kezkatuta" daude transmisio hori gazteek etengo ote duten: "Gazte askok ez du nahi gure nortasunaren zutabe diren ogibideetan lan egin".

Jakina denez, zutabe horietako bi dira arrantza eta baserria, biak ala biak sakrifizio handiko lanbideak, gainbeheran daudenak. Eusko Jaurlaritzak eta Getariako Udalak antolatu dituzte jardunaldi batzuk, adibidez, arrantza suspertzearen gainean. "Berandu zatozte! Hiltzen utzi duzue", leporatu diete instituzioei Sos herritarrakeko kideek. "Sare konpontzaileak erabiltzen ari zarete turismoa erakartzeko, baina sare konpontzaileak jada ez daude, zeren bultzatu baituzue tabernak irekitzea eta diru fabrikak egitea, eta utzi dituzue hiltzen baserria eta arrantza".

Getabat ostalarien elkarteak kezka du ea herriko nortasunaren transmisioa gazteen belaunaldiek etengo duten

Turismoaren irabazi ekonomikoak

Hamarkada honetan bereziki egin du gora turismoak Euskal Herrian, eta Getarian pisua hartu du jarduera ekonomiko horrek. Alberdi alkateak zehaztu duenez, herriko familia eta pertsona askoren sostengu ekonomikoa da turismoa, lanpostu zuzenak zein zeharkakoak sortzen dituena. Hortaz, azpimarratu du turismoaren gaia "konplexua" eta "erpin askokoa" dela. Era berean, Getabat elkarteak dio ostalaritzako sektoreak lanpostu asko eskaintzen dituela: "Gustora hartuko genituzke gazteak gure etxeetan lanean, baina tamalez beste lehentasun batzuk dituzte". Gazteei galdetuta ea herritarrek turismotik dirua lortzen duten, hauxe erantzun dute: "Gutxi batzuek. Udarako edo Aste Santuko aldi baterako lanak izaten dira, baina ez du urte osorako ematen. Lan troteroak dira, batez ere gazteek egiten dituztenak".

Beraz, turismoa herriko ekonomiarentzat onuragarria da ala ez? Erantzun argigarriagoa ematen du Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak: "Turismo jardueraren onurak kontatzen dizkigutenean, motore ekonomiko gisa eta enplegu sortzaile gisa aurkezten zaigu. Arretaz begiratuz gero, ordea, enplegu eta jarduera ekonomiko horren kalitate eskasa eta hauskortasuna azpimarratzekoa da, batetik. Eta bestetik, nabarmena da jarduera turistikoak inbertsio publiko izugarria eta politika publikoen erabateko baldintzatzea eskatzen duela. Enplegu batzuk sortzen ditu, gutxi batzuei irabazi handiak ematen dizkie, baina aurrekontu publikoetan dago horren guztiaren oinarria. Turismoarekin irabazten dutenen mesedetan moldatzen dira hiriak, erakargarri kulturalak sortzen dira, azpiegitura erraldoiak eraiki… eta guztien zergekin ordaintzen dira".

Getariako bodega bateko bisita gidatua. / Argazkia: San Sebastian turismoa.

Zenbat buru, hainbat aburu

Tabernetako prezioak igotzeak iritzi kontrajarriak eragin ditu Getarian, bata bestearen aurka jarriz, eta badirudi itsasoak ez duela baretzeko aurreikuspenik. Sos herritarrakeko kideak herri eredua iraultzeko elkartu dira, eta isiltasuna izan dute aurrean, bai udalaren bai Getabaten partetik; aipatu behar da gazteez gain adin gehiagotako herritarrak joan direla ekimen batzuetara, gaiak interesa piztu duen seinale. Gainera, taberna batekin adostasuna lortu eta prezioak jaitsi dituztenez, hor boikota baztertu dute.

Getabateko ostalariek, dena den, gazteen urruntasuna salatu dute, esanez herri txikia izanik arazoak zuzenean hitz eginda konpondu behar direla; ez daude gustora mugimenduarekin. Alkateak ez du polemikan esku hartzeko premiarik ikusi orain arte, baina ulertzen du gaia "erpin askotatik" jorratu behar dela. Zer egin behar du udalak Getaria turismoak jan ez dezan? Alberdik dio horretan ari direla: "Gure txikitasunean hainbat egitasmo bultzatzen ari gara, bi ideia oinarri hartuta. Bata, egiten dugun gauza bakoitzak getariarron ongizatean eragitea, eta, bestea, 2020ko turismoari buruzko hausnarketatik ateratako ondorioak ezartzea". Gazteak kritiko ageri dira udalarekin, uste dutelako kontrakotasunetan eta inertzietan sartzen direla, eta horrela jarraituz gero arriskua ikusten dute "nahi gabe" Ipar Euskal Herriko kostako herri turistikoen antzerako bilakatzeko.

Getarian dioten bezala, estatxari heldu beharko dio norbaitek, itsaso zakarretan ere arraunean segitzeko. Izan ere atzean geratu zen estatxa arpoiari lotuta botatzearen erabilera, getariarren aberastasun iturri baleak harrapatzea zeneko aldian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismoa
Pisu turistikoentzako baimenak urtebetez eten ditu Bilbok

Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.


2024-11-08 | Euskal Irratiak
AirBnb motako epe laburreko alokairuen abantaila fiskala murriztu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.


Donostia tentsio handiko eremu izenda dezala eskatu dio udalak Jaurlaritzari

Izendapenak ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzea ekarriko du. Nolanahi ere, udal ordezkariek argi utzi dute, legediaren bitartez soilik, ezin izango zaiola aurre egin etxebizitzaren aferari. Ondo bidean, 2025eko lehen hilabeteetan indarrean sartzea aurreikusten... [+]


2024-11-06 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Oinordetzan

Asteburu luze bat. Ingurutik bueltatxo bat eman eta pikoteoa egiteko probestu dugu. Turistak selfie-ak egiten. Turistentzako bideak, alokairuak, dendak, hotelak, aparkalekuak, menuko platerak, seinaleen kartelak munduko hizkuntza orotan. Turistak ohiko lekuak leku arrotz... [+]


Donostiako turistifikazioa agerian uzteko bost datu

Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]


Mila lagunetik gora mobilizatu dira turistifikazioaren eraginen aurka

Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.


Donostiako 50 eragilek “desazkunde turistikoa” aldarrikatuko dute igandean

Donostiako denetariko elkarte, talde eta antolakundeek bat egin dute Bizilagunekin plataformak datorren iganderako, urriak 27, deitutako manifestazioarekin. Alderdi Ederretik abiatuko da 12:00etan.


2024-10-22 | Leire Ibar
Milaka pertsona mobilizatu dira Kanarietako turismo masiboa salatzeko

Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.


2024-10-08 | ARGIA
Hego Euskal Herriko bizilagunek etxe turistikoak debekatzeko aukera izango dute, 3/5eko gehiengoz

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, bizilagunen komunitateek eraikin edo urbanizazio batean etxe turistiko gehiago jartzea debekatzeko ahalmena izango dute, betiere bostetik hiruko gehiengoa lortuz gero. Modu horretan, atzera bota ditu Espainiako Estatuan etxe turistikoen... [+]


Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu dute, hiri bizigarri baten alde

Turismoaren Nazioarteko Egunean, joan den ostiralean, aurkeztu zuen Bizilagunekin plataformak Turistikazioaren Aurkako Urria egitasmoa.


Turismoa vs. geoglifoak

Atacamako Desertua Fundazioak eremu horretako geoglifoak suntsitzen ari direla salatu du sare sozialetan; hainbat argazkiren bidez, basamortura 4x4 ibilgailuetan doazen bisitariak eragiten ari diren triskantza erakutsi dute. 1000 eta 1520 urteen artean egindako geoglifo handiak... [+]


2024-09-09 | ARGIA
Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez ematea erabaki du Udalak

EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek lege egitasmoa adostu dute, Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez emateko. Akordioak “izaera prebentiboa” duen “hirigintza-aldaketa” du ardatz, hiru helbururen bueltan oinarrituta:... [+]


Eguneraketa berriak daude