Harria kolpez kolpe zizelkatuz, forma zehatz eta finduak dituen lana ondu du Uxue Apaolazak. Bederatzi ipuin sortu ditu eta Bihurguneko nasa izenburupean bildu. Arin eta erraz irakurtzen diren arren, berrirakurtzera gonbidatzen zaituztet bertako geruzak deskubritzen joan ahal izateko.
Azalari begiratzen badiogu, izenburuak eta irudiak barruan topatuko dugunari buruzko pistak emango dizkigute. Batetik, Bihurguneko nasa izenburua dugu, barruko aipuarekin batera metroko bihurguneko nasa eta bertan irtetean izan beharreko arreta –eta bide guztiak zuzenak ez direla– gogoraraziko digute. Bestetik, arrain gorri bat dugu, burua eta gorputz erdi uretatik kanpo ateratzen duena, bere ohiko ingurunetik kanpo dagoenak sentitzen duen zirrararen sinboloa.
Protagonista Lur da, 40 urteko ama langilea. Zuria, heteroa eta klase ertainekoa. Madrilen bizi den euskalduna. Lagunartean, kalean gizon ezezagunekin, bikotekidearekin etxean, lankideen ondoan, familiari bisita egiten edo ohean ezin lokartu topatuko dugu orriotan.
“Soineko leun-leuna neraman” esaten digu narratzaileak Kaptatzaile ipuinean eta “Arroxaz jantzita” doala dio Auto beltza ipuinean. “Madrilgo rastroan bost euroan erositako soineko loreduna” darama berriz Prozesionariak ipuinean; “Jantzi, izan nahi zenukeena izateko” soinekoa da, saltzailearen arabera. “Normal” hitza askotan errepikatuko da, bere ingurukoei buruz berbetan, bera hortik kanpo dagoela eta horren nahia duela adieraziko digu: “heldu zoriontsuak”, “gazte kantariak”, “haur negartiak” aipatuko ditu. Soinekoa janztea ez baita ohikoa emakume batzuentzat, nahiz eta emakumeen arropa izan.
Baina aldi berean jonkiak, putak, eskaleak eta errumaniarrak agertuko dira 20 euro, Ekipo bat eta Manoletinak ipuinetan, protagonista "normal" bihurtuko duten "besteak". Hortaz, pertsonaia nagusiaren pribilegioak eta zapalkuntzak aletuko dira; gatazka eta desorekak erakutsiko zaizkigu. Lan munduko prekaritatea ere agertu eta desagertuko da. Eta familia, amatasuna, sexua. Erroak dituen deserrotua da Lur, sistemaren parte dena, baina parte sentitzen ez dena. Autokritika eta hausnarketarako aukera irakurleontzat, identitate eta alteritate jokoan murgiltzeko parada.