argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Azken geltokia
Ula Iruretagoiena 2022ko martxoaren 16a

2008ko krisialdian, hiriaren pentsalari aurreratu eta ezkertiarren artean lelo hau zabaldu zen: hiriaren etorkizuna auzoak dira, hiria barnera begira jarri behar dugu. Eraikuntza sektoreak ordura arte bizi izan zuen frenesiaren aurrean, non auzo berriak mugarik gabe marraztu eta eraikitzen ziren abiada azkarrean, ahaztutako hiriaren beste lekuak birgaitu eta berregiteko eskaera egin zen. Krisialdiak eraikitzaile eta arkitektura bulego asko porrotera eraman zituen, eta horrekin batera, jabekuntza argi bat ekarri zuen arkitektura diziplinara: eraikin eta auzo berriak sortzearen garai eroa betiko agortuta zegoela –eta eskerrak–. Berregokitze ariketak zentzuzko eraikuntza baten etorreraren ataria markatu zuen, eraikitzaileen irabazpide neurtuago batekin batera. Zaharberritze urbanoaren apusturako biraketa orduantxe eman zen.

Hiria barnera begira eta eraikita dagoen parkea biziberritzeko bidean jartzeak zenbait auzoren zaharberritze plana idaztea ekarri bazuen ere, hirien zentroetarako goxoki baten prestaketa izan da batez ere: turismoari begirako ustiaketa konstruktiboa. Eraikin berriak eraikitzeari mugak jarri zaizkio zaharberritzearen onurarako, baina formulak huts egin du bere helburuan, bertako eraikuntzetan pentsatu delako baina hiriaren beste okupatzaileei begira, bertakoak kanporatuz.

Turismoaren fenomenoa oraindik bizirik dagoen garai hauetan, hirietako albiste nagusiak barnealdean jarraitzen dute, hiriaren “jamoia” beste norabide bat hartuta: trenbideak eta tren geltokiak. Trenbidea hiri askotako banatzaile azpiegitura da eta hiriko lur-zati bat okupatzen du; Durango, Deba, Zarautz, Gasteiz, Bilbo, Donostia eta abar luze bat kasu. Trenbidearen lurrazpiratzeek libre utziko dituzten eremuak etorkizuneko hirien operazio urbanistiko sonatuenak izango dira, hiriak barnera begira jartzearen aroaren azken urre-leku bilakatuta, beste berri bat aurkitu arte.