Paul Valéryren hiriak izan baziren Marseilla, Niza, Genova, Rafael Chirbesenak izan ziren Istanbul, Venezia, Erroma, Alexandria, Kreta, noski Valentzia –“nonbaitekoa izateko oroimina”–. Mediterraneo bueltako hiriak guztiak, bere artikuluetako protagonista bilakatu zituenak. Ez alferrik, Sobremesa aldizkari gastronomikoan lan egin zuen Chirbesek hamabost urtez, eta denborarekin leku askotara iritsi arren, “inpresioa daukat bidaia guztiek balio izan didatela jatorrizko bidaia hobeki irakurtzeko”. Horri buruz ari da Mediterráneos liburua.
Baina, Mediterraneo buelta bakarrik ez, beste paraje batzuetara ere, Alpujarra, Viena, Laponia, eraman zuen lanak. Baita, nola ez, gastronomiaz ari baikara, Euskal Herrira ere. Erreportaje batean Arzak bisitatzen du –“askorentzat, jatetxe hori zapaltzea, kapritxo bat baino, helburu bat bilakatu da”–, eta jasotzen ditu errezeta batzuk, abakando entsalada epela, ozpin-olio berotan erretako begihandia, gazta fresko tarta ahabiekin. Beste erreportaje batean, perretxiko bila abiatzen da, Gipuzkoa barnealdera, leku zehatzik aipatu gabe –lastima–: “Beasainen, gauak beste lekuetan baino pixka bat gehiago irauten du; zalantzarik gabe, Errezilen baino gehiago, non lanbroak ez duen galdu egunsentiaren hatz arrosakarek laztanduta altxatzeko ohitura, Homerok esan zuen bezala –nik baino askoz hobeki esan ere–”.
Bidaia oro barne bidaia dela esan bazuen inork, Chirbesek izan zuen horren berri: “Veneziara doan bidaiaria bere barnean izan uste duen horrekin elkartzera joaten da, eta, horregatik, hiri horretan, inork hatz erakusleaz San Markoseko zaldiak seinalatzen dituenean, halabeharrez, alderantziz irakurri behar da bere keinua: barruan duen eta besteek deskubritzen jakin ez duten paisaia seinalatzen ari da”. Chirbesek euskaldunoi buruz idatzi zuen, beraz, baina, alderantziz irakurriko bagenitu idatziok, auskalo zer esango liguketen Chirbesez beraz.