argia.eus
INPRIMATU
Alda dezagun galdera behingoz, otoi
Ane Ablanedo Larrion 2022ko martxoaren 16a

Barkatuko didazue, baina hainbestetan hizpide izan dudan Euskal Hezkuntza Sistemaren gaiarekin natorkizue oraingoan ere, iruditzen zaidalako segitzen dugula eztabaidari behar ez bezala heltzen, modu oker samarrean afera interpretatzen, eta arreta behin eta berriz arazoaren periferiara desbideratzen.

Hezkuntza sistema propioa sortu nahi dugu, eta noski, bat egiten dut modu ba-tean ala bestean helburu horren alde dabilen borondate oneko jende guztiarekin, argi gera bedi. Kontua da badirudiela gure zapalkuntza egiturazkoari erreparatu gabe egin nahi dugula, eta hor ikusten dut nik arazoa, ezin sinetsikoa baita oraino ohartuak ez izatea, de facto ezinezkoa dela euskal eskola nazionala edukitzea gure mendekotasun erabatekoaren baldintzetan. Zertarako orduan hainbeste tematu horretan? Ez dut ulertzen, benetan.

Akats larria da gure gaitz orokorraren sintoma diren arazoak gaitz orokorrari begiratu gabe konpondu nahi izatea, edo are, gaitz orokorrik ez balego eta ez bageneuka bezala ere jokatuz. Zoritxarrez, ez da hezkuntza propioaren aldeko esparruan bakarrik ikusten den akatsa, berdin gertatzen delako euskararen aldeko defentsaren eremuan, adibidez, edo oro har euskal nazioaren zapalkuntzaren aurreko erantzunetan. Baina iruditzen zait ongi ilustratzen duela gure zapalkuntza arazoaren aurrean euskaldunok hautatu dugun bide okerra, zenbateraino gauden burujabetza kuota handixeagoak lortu nahi horretan trabatuta, benetako burujabetzaren iparrorratza ahaztuta. Hori ikusteak sortzen dit nagusiki etsipena, beti kexu gabiltzala, baina beti eskean, garaipen txikiekin baino ez kontent eta ase.

"Zer egin dezakegu euskal hezitzaileok, independentzia eta estatu propioa berreskuratzeko eginkizunean?"

Bai, badakit zer esango duzuen, zergatik egin behar ote diogun uko lor daiteke-en zerbaiti. Bada, zer nahi duzue esatea, ez dut batere argi ikusten posibilismoaren arrazoi hori, ez garelako inoiz modu horretan soluzio benetan asegarri batera iritsiko; ahaleginik handiena eginik ere, gure esku dagoen indar gehiena pilaturik ere, egiten duguna egiten dugula ere. Inoiz.

Gainera, hortik deus funtsezkorik lortu dezakegula pentsatzetik urrun, oso argi dut mendekotasuna elikatu eta areagotzearen prezio garestia ordaintzen dugula hortik jotzen dugun aldi oro. Otapurrak ez zaizkigula dohainik ateratzen, hitz gutitan esanda. Herri gisa salba gaitzakeen soluzio bakarraren antolamendurako beharko genukeen energia xahutu egiten dugu, zeregin nagusi eta bakar beharko lukeen horretatik desbideratzen dugu arreta, irtenbide beti eskasetan galtzen ditugu indarra eta denbora, eta okerrago dena, gaitzaren benetako sendagarriarekin baino, tiritekin egiten dugu amets.

Lagunok, herri menderatua garela, bahitu egin digutela burujabetza, geurearen gaineko kontrola eta boterea! Gogora ekarri behar ote dugu oraindik? Badakizuela esango didazue, baina zer nahi duzue esatea, ez du hala ematen. Etsigarria da ikustea nola gure gogoeta eta buruhauste politiko guziak dauden honako galdera infra-estrategikoari erantzutearen xede hutsarekin formulatuta: zer egin dezakegu herri independenteek (baino ez) dituzten eskubideak edukitzeko, independente izan gabe?

Hemen administratzen den hezkuntza espainola edo frantsesa da. Euskal Eskola Publikoa deitutakoan, noski, baina baita neurri batean Ikastoletan ere. Administrazio berak kudeatzen eta finantzatzen dituelako biak ala biak. Bai, hala da zoritxarrez.

Ikamikak ez baikaramatza inora ere, deitu nazazue funtsezko galderari erantzutea beste aukerarik ez dugula ohartuko zaretenean: zer egin independente izateko? Edo hezkuntzari lotuago nahi bazenute: zer egin dezakegu euskal hezitzaileok, independentzia eta estatu propioa berreskuratzeko eginkizunean?

Jarri hitzordua, eta agertuko naiz.