argia.eus
INPRIMATU
Ahoztar Zelaieta
“Zaharren egoitzetako enpresariek anonimotasuna eta inpunitatea dauzkate”
  • Bederatzigarren liburua argitaratu du Ahoztar Zelaieta Zamakona ikerketa kazetariak, Txalaparta argitaletxearekin: Residencias SA. El negocio de los cuidados en Euskal Herria (Egoitzak SA. Zaintzaren negozioa Euskal Herrian). Azken 30 urteetan zaharren egoitzen sektoreak izan duen pribatizazioa xehatu du, eta, beste behin, enpresa pribatuen eta administrazio publikoaren arteko loturak eta interesak azaleratu ditu.

Leire Artola Arin 2022ko martxoaren 16a
Argazkia: Dani Blanco.

Zaharren egoitzetako langileak borrokan daude azken urteotan, patronalari lan-baldintza duinak eskatuz, besteak beste. Zu patronalari izen-abizenak jartzen saiatu zara lan honetan. Zer helbururekin?

Patronalaz hitz egiten zen eraikin bat balitz bezala, baina patronala pertsona batzuk dira. Hau da, erabakiak ez ditu patronalak hartzen, baizik eta enpresariak. Baina iritzi publikoak ez zekien nor ziren horiek; informazioa lapurtzen ari zitzaizkigun. Patronaleko enpresariek anonimotasunaz gain inpunitatea daukate, administrazio publikoak bat egiten duelako haiekin. Askotan borrokan dauden emakumeek ez dakite negoziatzerakoan administrazio publikokoekin edo patronalarekin dauden hitz egiten, nahiko disolbatuta baitaude.

Nire ekarpena izan da patronalaren aireko argazki bat ateratzea, erakustea zeintzuk diren patronal inportanteenak EAEn eta Nafarroan eta horien atzean zein izen-abizen dauden eta zer-nolako loturak dituzten administrazio publikoarekin, batez ere politika sozialak zuzentzen ibilitako jendearekin.

Hainbat herritan liburuaren aurkezpenak egiten ari zara. Zein erantzun jaso duzu?

Nire bederatzigarren liburua da, eta nabaritu ditut diferentzia batzuk. Batetik, oso mobilizatuta dagoen sektore bat ikusi dut: langileak, senideen elkarteak, pentsionistak... Liburua aurkezteko gonbidapen asko jaso dut haien partetik. Bestetik, gaztetxeetan ez dut beste liburu batzuekin izan dudan arrakasta bera izan; adinekoak kexatu dira horretaz. Interesgarria izan da ikustea gizartea nola dagoen mobilizatuta, eta zein gaik sortzen duen enpatia gehiago.

Zaharren egoitzetako aferan inplikatuta daudenak oro har oso biktimizatuta daude, tratu txar instituzionalengatik. Suminduta eta frustratuta sumatu ditut, ez dutelako ikusten etorkizun labur batean egoera aldatuko denik. 1991n adinekoen egoitzen %9 soilik ziren enpresa pribatuenak, eta gaur egun %9 baino ez dira guztiz publikoak. Horri buelta emateko aldapa oso gogorra da eta borroka honetan aspalditik dagoen jendea nekatuta dago. Haientzat liburu hau bultzada bat da, erreminta bat. Nik haien eskariekin bat egiten dut: sektorea publifikatu behar da, eta bitartean hitzarmen duinak behar dituzte, adinekoei kalitatezko zerbitzua emateko.

Publifikatzeko bidean, eraginkorra da Gipuzkoan Kabiarekin egin zutena?

Kabiaren historia oso luzea da, baina laburbilduz: Bildu Gipuzkoako Diputazioko agintean zegoenean (2011-2015), lege bat zegoen esaten zuena diputazioek hartu behar zituztela udalen esku zeuden adinekoen egoitzen ardurak. Legea betetzeaz gain, Bilduk proiektua zuen egoitzak publifikatzeko eta langileak funtzionario bilakatzeko. Baina oso zaila zen orduko kaosa bateratzea: batzuk funtzionarioak ziren, besteak urte luzez kontratuak kateatzen joan zirenak, enpresa pribatuetako nominan egon baina egoitza publikoetan ari zirenak, azpikontratak... Langile guztiak bateratzeko eta sektorea publifikatzeko sortu zuten Kabia.

2015ean diputazioa EAJk hartu zuen berriz, eta Kabiaren proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Baina zer egin zuten atzeko atetik? Kabiara integratu ziren egoitza askoren kudeaketak enpresa pribatuei adjudikatu, besteren artean Biharko taldeari. Ez da zentzuzkoa izan EAJk Kabiarekin egindakoa, hasierako helburuaren kontrakoa baita. Pena izan da.

"Pandemian gertatu da gertatu beharrekoa, aurreikusten zena, eta horri bai deritzot larria"

Liburuan fokua jarri duzu COVID-19aren eraginez egoitzetan izan diren heriotzetan.

Biktima ugari egon da. 90eko hamarkadatik ari dira ohartarazten egoitzetako kudeaketa txarraz Arartekoa eta Nafarroako Herriaren Defendatzailea, eta orain pandemiak sektoreko ahulezia guztiak agerian utzi ditu. Jakin nahi nuen klientelismoan sartuta dauden egoitzetan zenbat hildako egon diren, konparaketak egiteko, baina administrazioak ez ditu datuak xehatu nahi. Azkenean zifrak lortu ditut Iker Rioja Eldiario.es-eko kazetariaren bitartez eta langile, senide eta politikarien informazioaren bidez; datuak hor daude, norberak aterako ditu ondorioak.

Dena den, niretzat inportanteagoa zen erakustea pandemiaren hondamendia baino lehen administrazio publikoak zer zekien egoitzen inguruan. Jakin dut egoitzetako ikuskapenak aurretik abisatzen dizkietela gehienetan, eta, halere, isunak jaso dituzte Biharko eta Babesten taldeek; imajinatu zer gauza larriak pasatu ziren isunak jartzeko. Eta administrazioak ez zuen erabaki egoitza horiek behin-behinean ixtea edo epaitegietara eramatea.

Aukera zuen administrazio publikoak hor esku hartzeko?

Noski, ahalmen osoa zuten zerbait egiteko, zigortutako enpresekin lotura dutelako. Langileak urteetan ibili dira salaketak jartzen baina ez diete kasurik egin. Pandemian gertatu da gertatu beharrekoa, aurreikusten zena, eta horri bai deritzot larria. Kriminologiaren Euskal Institutuak 2005eko txosten batean onartzen du egoitzetan tratu txar instituzionala zegoela, eta administrazioak bazekien. Hori haurtzaindegietan edo baita presondegietan ere gertatu izan balitz, izugarrizko eskandalua litzateke.

Pandemian egoitzetan gertatu dena Euskal Herritik kanpo pasa balitz eskandalua litzateke, baina gure enpresekin denez, ez da ezer gertatzen. Hemen EAJko burukide ohiek eta politika sozialen kargudun izandakoek izugarrizko kontratuak lortzen dituzte eta onartu egiten dugu. Aurkezpenetan harridura aurpegiak ikusten ditut, jendeak ez du espero hainbesterako denik. Euskal Herrian uste dugu gaitz guztiak kanpotik datozela, eta barrukoa ez dugu begiratzen.

"Administrazio publikoak sektorean inbertitzeari utzi dio, eta enpresa pribatuen esku utzi du ardura hori, edo itunak egin"

Geurera begira: zaharren egoitzen pribatizazioa 1991-2007 urteen artean gertatu zela zehaztu duzu. Zer dela eta?

Administrazio publikoak ardura enpresa pribatuen gain utzi zuelako. Alde batetik, kapitalismoaren mentalitatean uste delako pribatizatutako zerbitzuak hobeak direla, profesional hobeak daudela, eta administrazioari laguntza ematen diola zerbitzu horien kostuak eta ardurak hartzen. Baina errealitateak guztiz kontrakoa dio: enpresa pribatuek ardura hori hartzekotan dirua irabazi behar dute eta, beraz, zerbitzuaren kalitatea jaisten dute. Bestalde, atzean interesak daude, enpresa pribatuek influentzia eta harreman zuzena baitute sektore publikoan sartzen uzten dietenekin.

Modus operandi bat egon da: administrazio publikoak sektorean inbertitzeari utzi dio, eta enpresa pribatuen esku utzi du ardura hori, edo itunak egin ditu. Merkatu honetan arrakasta izateko enpresak dopatu egin dira, diru publikoaren bi injekziorekin: bat, egoitza pribatuetako plaza gehienak itunpekoak izatea, eta bi, titularitza publikoa duten egoitzetako zerbitzuak edota egoitza osoak kudeatzea.

Zaharren egoitza publikoak Hego Euskal Herrian

Araba: 94 egoitzatik 8 publikoak.

Bizkaia: 155 egoitzatik 4 publikoak.

Gipuzkoa: 65 egoitzatik 16 Kabia Diputazioko organismo autonomoarenak; baina gehienak enpresa pribatuek kudeatuta.

Nafarroa: 71 egoitzatik 2 publikoak.

Azaldu duzu Nafarroako egoitzetako enpresek urtean 100 milioi euroko irabaziak dituztela, eta GESCA Bizkaiko egoitzen patronalak dio 130 milioikoak dituela. Nola da posible hain errentagarria izatea?

Ratioekin jolasten dute etekinak ateratzeko. %20-25eko errentagarritasuna lortzen dute, eta merkatuan hori lortzea oso zaila da. Baina lehia-abantailak dituzte, administrazio publikoaren bezero onena direlako eta eskaera oso handia delako. Dirutza publikoa jasotzen dute, eta aldi berean enpresa libre gisa neurtzen dituzte kostuak: bezeroei zerbitzu txikiena emanez eta langileei ahalik eta gutxien ordainduz.

Zaharren egoitzetako enpresen eta EAJko kargu publikoen arteko ate birakariak ere aztertu dituzu. Ze abantaila ematen dizkiete ate birakariek?

Ate birakarien kontzeptua nahiko banalizatuta dago. Ez du esan nahi politikari batek gero enpresa pribatuan lan egitea, eta enpresa pribatuan egon dena gero politikara pasatzea. Hor atzean kontzeptu asko daude eta eskubide unibertsal asko apurtzen dira, hala nola lehiakortasunaren aukera berdintasuna, kontratu publikoak lortzeko abantailak dituztelako batzuek. Klientelismoa dago.

Patronalek, bertako enpresek zein kanpotik etorritakoek kontratatu dituzte Euskadin politika  sozialak zuzentzen ari ziren politikari batzuk. Postua utzi eta atoan hasi dira patronalarentzat edo enpresa pribatuentzat lanean, eta zubi horretan informazio asko pasatu dute. Gainera, burukide batzuek informazio pribilegiatua zeukaten sektorearen norabideaz eta, hori jakinda, enpresa pribatuak sortu dituzte, pastelaren zati handi bat hartzeko. Enpresa horiek guztiak saretuta daude eta batera egiten dute lan.

Zergatik etorri dira kanpoko enpresak, jada bertakoak egonda?

Negozio aukera bat ikusi dutelako. Izan ere, zahar egoitzetako sektoreaz gain, etxez etxeko laguntza, adin txikikoen zaintza eta abar kudeatzen dituzte bertako enpresek. Haien negozio abanikoa hain da handia, non ez baitute gehiago behar. Kanpoko enpresa handiek ikusi dute zerbitzu gehiago behar dela, gero eta bezero gehiago dagoelako eta administrazio publikoak ez duelako sektorean inbertitu nahi. Gainera, hemengo modus operandia erabiltzen jakin dute, eta burukideen enpresekin aliantzak sortu dituzte edota EAJko burukideak kontratatu; CASERek, adibidez.

Patronal eta sare nagusiak

Araba: CREA/AEZE patronala, Araban 45 egoitza. Albertia, Mikelats, Nuevas Actividades Constructivas, Asistencia Geriatrica Iruña, Aitona Etxea, Tagore, Murua...

Bizkaia: GESCA patronala, Babesten taldea da handiena. EAEn 42 egoitza, bertakoak (Babesten, Urgatzi, IMQ-Igurco, Naguspea...), eta kanpokoak (Domus, Caser, Vitalia, Orpea, Sanitas, Adriano Care...).

Gipuzkoa: GAREN patronala, Gipuzkoan 10 egoitza. Biharko taldea da handiena.

Nafarroa: LARES eta ANEA patronalek 71 egoitzatik 64ren kontrola dute. LARES instituzio erlijiosoen patronala, Nafarroan 39 egoitza eta EAEn 32. ANEA enpresa pribatuen patronala, Nafarroan 25 egoitza. Zaharren egoitzen plazen erdia du, bertako eta kanpoko operadoreekin. Idea, Amma, Solera, Elizondo, IMQ-Igurco, Setenasa...