argia.eus
INPRIMATU
Txanponaren bi aldeak
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2022ko martxoaren 10

Egoera ilunenetan ere beti atzematen omen da argia, txikia eta lausoa bada ere. Horixe erakutsi zidan amona Ferminak; 1916an sortu zen eta 92 urtetan izan zuen zer ikusi eta zer ikasi. Bere bizitzan izandako unerik latzenetan ere, txarrenari onena eman izan zion beti. Azken garaiotan, askotan gogoratu izan naiz harekin; izan ere, garai gogor baten gisan bizi izan dugun pandemia, belaunaldi hark pairatutakoarekin aldera ezina iruditzen zait hainbatetan. Denboran atzera egitea ariketa interesgarria iruditu izan zait beti, errealitatea dimentsionatzeko lagungarria dela uste baitut. Horrekin batera, norberaren burua bestearen lekuan jartzea ere aitzakia ederra izan daiteke hausnarketarako.

Berriki, pasaeran dauden migratzaileen inguruko mahai-inguru batera joateko aukera izan dut. Bertan adierazitakoek gure kaleetan egon ohi diren lagunen egoera beste prisma batetik ikusteko aukera eman zidaten. Horiek bizi duten egoera erabat zaurgarria da, besteak beste, eskubide falta nabaria bizi dutelako. Transiteus proiektuko ikertzaile batek zioenez, egoera horretan daudenen zenbatekoa jakitea zinez zaila da, gurean egiten duten egonaldia laburra izan ohi delako, eta oro har, ez delako gaiaren inguruko jarraipenik egiten. 2015. urtetik egundaino eskuragarri dauden datuek egoeraren larritasuna bistaratzen dute: itsasoz Espainiako Estatura iritsitako lagunak 5.312 izatetik (2015), 58.569 (2018) izatera pasa omen ziren Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Agentziaren arabera. 2020an gutxiago kontabilizatu baziren ere (40.326 lagun), argi dago pandemiagatik ez dela joera gutxitu. Pasaeran dauden horietatik %80 inguru gizonezkoak izan ohi dira, eta gehienbat, Ipar Afrika eta Saharaz azpiko Afrikatik omen datoz.

"Etikoki, hurkoaren zaintza eta eskubideen defentsaren alde borrokatzea dagokigula uste dut. Eta besterik ez bada, berekoikeriagatik egin beharko genuke, bestearen onura, gurea ere badelako"

Andaluziara eta Kanariar Uharteetara iristen direnetatik, asko dira guretik pasatzen direnak. Ezagunak dira gizarte zibiletik salatu izan diren iparralde-hegoalde muga inguruan jendarmeek egindako bidalketak, eta ezagunak dira, tamalez, Bidasoan izandako heriotzak ere. Aurrez aipaturiko datuen arabera, mugimendu masiboez hitz egiten ari garela dirudi; eta, migrazioen arrazoiak askotarikoak izan badaitezke ere, zaila da sinestea izaera abenturazalea dagoenik mugimendu horien guztien muinean. Bizitza duinaren bilaketa arrazoi sendo bezain gogorra da norberaren herria uzteko.

Mundua elkar-loturez osaturik dagoela esatea bistakoa dela esango nuke. Pandemiarekin argi ikusi dugu, adibidez, planetaren beste puntan jazotakoak zuzeneko eragina izan duela beste herrialdeetan. Hari berdinari jarraituz, logikoa da pentsatzea, txirotuak izan diren herrialdeen egoerak aberastuak izan diren herrialdeen dinamikekin erabat loturik daudela. Nolabait, iparraldeko gehiegizko kontsumoa, ekoizpen-prozesuen deslokalizazioa edota baliabide energetikoengatiko borrokak, eragin zuzena du tokian-tokiko jendartearen bizi baldintzetan. Txanpon beraren bi aldeak izango lirateke, batak bestea behar du bizirauteko.

Lotura horien konplexutasunak zaildu egin ohi du beraien identifikazioa; eta identifikatuta ere, zalantzak ditut, gizarte modura, txarrenari onena emateko gai ote garen. Urrun daudela iruditu arren, etikoki, hurkoaren zaintza eta eskubideen defentsaren alde borrokatzea dagokigula uste dut. Eta besterik ez bada, berekoikeriagatik egin beharko genuke, bestearen onura, gurea ere badelako. Ezin ahaztu, amona Ferminaren belaunaldiko hainbatek Ameriketan ikusi zuela irtenbidea. Eta posible da, egungo migratzaile askorentzat, iluntasunaren erdian ikusten den argi lauso bakarra iparralderanzko abialdia izatea.