argia.eus
INPRIMATU
Sergi Raventós
“Pobreziak eragin zuzena du jendearen osasun mentalean”
  • Soziologian doktorea da Sergi Raventós Panyella (Bartzelona, 1968), eta oinarrizko errenta unibertsalak (OEU) osasun mentalean dituen eragin positiboak ikertu zituen doktoretzan. Hamarkadak daramatza Katalunian OEU bultzatzeko lanean, beste hainbat pertsonekin batera, eta 2021eko urritik hona Katalunian OEU ezartzeko Plan Pilotuaren Bulegoko zuzendaria da. Plana aurrera doa pixkanaka, eta Euskal Herrira etorri dela aprobetxatuz, pobreziak jendearengan dituen eraginez eta OEUk izan dezakeen paperaz hitz egin dugu berarekin.

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 08a
Argazkia: Hodei Torres

OEUren beharra azken urteetako proletarizazio prozesuaren sintoma bat izan daiteke?
Oinarrizko errentaren inguruko inkestak egiten direnean, gero eta garbiago geratzen ari da horren aldeko sektoreak zeintzuk diren: gazteak, langile prekarioak, ikasleak eta emakumeak dira OEUrekiko begikotasun handiena dutenak. Bestalde, lan kualifikatu, egonkor eta ondo ordainduetan aritzen diren pertsonak dira orokorrean oinarrizko errentaren aurkako iritzia dutenak.
Hala ere, oinarrizko errenta hobeto ikusten duten sektore edo kolektibo horiek gero eta zabalagoak dira. Katalunian, Euskal Herrian eta Europako beste txoko batzuetan egin diren inkestek erakutsi digute biztanleriaren %60-70a dagoela OEUren alde, eta horien gehiengoa aipatu ditugunak dira: gazteak, emakumeak eta langile prekarioak.

Ba al dago OEUren aldeko jarrera bultzatu duen beste faktorerik?
Automatizazio prozesuak kezka asko sortu du hainbat esparrutan. Jendea kontziente da lan batzuk desagertzen ari direla, eta pandemian jende askok lana galtzeko beldurra izan du. Robotek ez dute oporrik behar eta ez dira gaixotzen, azken finean.
Egun bizi dugun ziurgabetasun ekonomikoak eta etorkizunarekiko ditugun kezkek oinarrizko errentaren aldeko jarrera bultzatzen ari dira.

Demagun Katalunia osoan OEU ezartzea lortzen dela; kapitalak horren aurka egin lezakeela uste al duzu? Inflazioaren bitartez, adibidez.
Oligarkiek ez dute lagunduko, hori garbi izan. Guk badakigu OEU bermatzeko dirua atera daitekeela eta zenbakiek ahalbidetzen dutela, eta uste dugu horrek handitzen duela langile klaseak negoziatzeko duen gaitasuna, egin nahi ez duen lan bati ezetz esateko ahalmena, esaterako. Eta hori ez da kapitalak gogoko duen zerbait.

"Gazteak, langile prekarioak, ikasleak eta emakumeak dira OEUrekiko begikotasun handiena dutenak”

Hala ere, kapitalaren sektore handi batek ere badaki jendeak ez badu dirurik ezingo dituela haien produktuak erosi, eta kapitalista asko OEUren alde agertu dira, Silicon Valleyen (Kalifornia, AEB), adibidez. Are gehiago, Kataluniako Terrassa eskualdean, CECOT enpresen konfederazioa oinarrizko errentaren alde agertu da.

Garbi dago eredu horiek gutxiengoa direla, baina konturatzen ari dira badela garaia ekonomia kapitalistetan jendeari oinarrizko beharrizanak bermatzeko baliabideak emateko.

Argazkia: Hodei Torres

Egin ohi zaizuen kritika bat da “lan txarrak” ez dituela inork egingo.
Gaur egun gertatzen ari den fenomenoa da, eta AEBetan dimisio handia deitu diote aditu batzuek. Jendea lan zehatz batzuk uzten ari da lanpostu hobearen bila, eta oinarrizko errenta batekin fenomeno hori hazi egingo da, dudarik gabe. Horren aurrean, enpresariek egin behar dutena soldatak igotzea da. Ostalaritzako enpresariak kexu dira azkenaldian AEBetan, langilerik aurkitzen ez dutelako, eta Joe Bidenek garbi esan zien: “Ba ordaindu gehiago”. Joe Bidenek hori esan behar izatea oso adierazgarria da.

Nola eragiten du pobreziak gizakien osasunean? Fisikoan, adibidez?
Bizi-itxaropena izugarri aldatzen da dirudunen auzoetatik auzo langileetara. Bartzelonan, esaterako, zazpi eta bederatzi urte arteko ezberdintasunak daude metro geltoki batetik bestera. Kalean bizi den jendearen bizi-itxaropena, adibidez, 50-60 urte ingurukoa da.

Eta osasun mentalean?
Azken urteetan konturatu naiz oinarrizko errentak, eta orokorrean babes sozialak, harreman handia duela osasun mentalarekin. Izan ere, diru sarrera bermatua izatea edo gutxieneko segurtasun ekonomikoa izatea beharrezkoa da jendeak bere bizitza nahi duen moduan garatzeko.

Bizitza prekarioek, epe luzean, zuzen eragiten dute osasun mentalean. Lan egoera zehatz batzuek ere eragina dute: enplegu-aniztasuna, lan alienatzaileak, lan estresagarriak, gainkarga eta lan errepikakorrak, esaterako. Horrez gain, ikerketa askok dio pobrezian bizitzeak gaitasun kognitiboak galtzea dakarrela. Zure helburu bakarra bizirautea baldin bada, zure energia mental guztia horretara bideratzen duzu; tunel efektua ere deitzen zaio horri.

Menpekotasunak eta nahasmenduak areagotzen al dira?
Osasun mentalaren esparrua oso zabala da, eta antsietatea, depresioa eta suizidioa areagotzen ditu. 2008ko krisiaren ostean, adibidez, Europa hegoaldeko herrialde gehienetan suizidio tasa handitu egin zen.

Estresak eta antsietateak modu askotan eragiten du pertsona bakoitzarengan, eta batzuek alkoholera, drogetara edo jokora jotzen dute, eta beste batzuek elikadura nahasmenduak garatzen dituzte.

Argazkia: Hodei Torres

Azkenaldian badirudi gaixotasun mentalek nabarmentasun publikoa irabazi dutela.
Gai tabua zen, eta izaten jarraitzen du, baina gaixotasun mental batzuen estigmatizazioa gutxitzen ari da, estresarena eta antsietatearena adibidez. Azken finean, zer da estresa? Arrisku baten aurrean gure gorputzak duen erreakzio adaptatibo bat da, eta gorputza alertan jartzen du. Alerta hori iraunkorra denean higadura sortzen doa.

"OEU bermatzeko dirua atera daiteke eta zenbakiek ahalbidetzen dute, eta horrek handitzen du langile klaseak negoziatzeko duen gaitasuna, egin nahi ez duen lan bati ezetz esateko ahalmena, esaterako”

Faktore zehatz batengatik bada, ez da ezer pasatzen. Ehiztariak ginenean eta animali batek jarraitzen gintuenean, alerta horrek bizirauten laguntzen zigun. Gaur egun, baina, egunero lehoinabar bat jarraika duzunean, eragin larriak ditu. Munduan egin diren plan pilotu guztiek frogatu dute oinarrizko errentak estres maila jaisten laguntzen duela, eta eragin positiboak dituela osasun mentalean.

Denbora tarte laburretan gainera.
Bi edo hiru urte eskasetan emaitza positiboak ikusi dituzte. Kanadan egin zuten proba pilotuan, esaterako, fenomeno interesgarri bat antzeman zuten ikertzaileek: proba egin zuten eskualdeetako ospitaleetan sarrerak gutxitu egin ziren. Ez da gaian aditua izan behar ikusteko oinarrizko errentak lasaitasuna handitzen duela eta estres edo antsietate egoeretan erortzea saihesten laguntzen duela.