argia.eus
INPRIMATU
Mozart eta Salieri uste baino hobeto konpontzen ziren
  • Wolfgang Amadeus Mozart eta Antonio Salieri konpositoreek euren artean zeukaten lehia, noraino izan zen egiazkoa, eta noraino zurrumurruen ondorio?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko martxoaren 09a
Mozart eta Salieri etsai amorratuak zirela sinetsarazi digute literaturak eta zinemak. (argazkia: Barbara Krafft / Willibrord Joseph Mähler)
Mozart eta Salieri etsai amorratuak zirela sinetsarazi digute literaturak eta zinemak. (argazkia: Barbara Krafft / Willibrord Joseph Mähler)

Viena, 1791ko abenduaren 5a. Wolfgang Amadeus Mozart konpositore handia hil zen. 35 urteko gaztearen karrera emankorra eteteaz gain –600dik gora obra utzi zituen–, heriotzak Antonio Salieri (1750-1825) konpositore italiarrarekin zeukan lehia eta areriotasun bizia ere eten zuen. Edo horixe iritsi zaigu poesiaren, musikaren, antzerkiaren eta zinemaren bidez. Historialariek, ordea, oso bestelako iritzia dute: ustezko etsaitasuna Mozart hil zenean hasi zen handitzen, Salierik pozoitu ote zueneko zurrumurrua zabaldu zenean.

Pozoiketak inongo oinarri historikorik ez duen arren, zurrumurrua Aleksander Pushkin (1799-1837) idazlearengana iritsi zen eta errusiarrak poema batean jaso zuen gertakaria. Poema hori oinarri hartuta, Nikolai Rimski-Korsakov (1844-1908) konpositoreak Mozart eta Salieri izenburuko opera sortu zuen gero. Aurrerago, Peter Shaffer (1926-2106) gidoilari eta dramaturgo ingelesak ere Pushkinen poema izan zuen inspirazio iturri 1979an Amadeus antzezlana sortzeko. Eta, azkenik, Milos Forman (1932-2018) zuzendari txekiarrak antzezlana zinemara eraman zuen  1984an arrakasta handiz, eta zortzi Oscar sari irabazi zituen.

Salierik eta Mozartek hizka-mizkak izan zituzten; musikarien bizimodua gogorra zen eta publikoa nahiz mezenasak inguratzeko lehiatu ohi ziren. Baina, oro har, biak adiskideak ziren eta elkarri lagundu zioten behin baino gehiagotan. Esaterako, Flauta miragarria operaren estreinaldian, Mozart Salieriren bila joan zen, sartzeko ilaran zain egon ez zedin. Eta Salierik Mozarten obrak programatu zituen Bohemiako Leopoldo II.a erregearen koroatzean.

2015ean Timo Jouko Herrmann musikologo alemaniarrak galdutzat jotzen zen obra bat aurkitu zuen Pragan: Per la ricuperata salute di Ofelia 1785eko kantata. Konpositoreen atalean hiru izen ageri dira: “Cornetti” –gaur egun oraindik ez dakigu nor zegoen ezizenaren atzean–, Wolfgang Amadeus Mozart eta Antonio Salieri. Beraz, elkarri mesedeak egiteaz gain, elkarrekin musika ere sortu zuten biek. Baina gorrotoa, joko zikina eta ustezko hilketa interesgarriagoak dira nonbait, lankideen arteko harreman on soilak baino.