argia.eus
INPRIMATU
Karrantza basatia
Ahoztar Zelaieta @Ahoztar1972 2022ko martxoaren 09a

Karrantzako Minda enpresaren porrotagatik Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 2018. urtean ezarritako zigorrak berretsi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak pasa den urtarrilean. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 13,5 milioi euroko diru-laguntzak eman zizkioten proiektuari; horietatik hamar pasatxo, obrak hasi aurretik.

Karrantzako Mindaren fardela bere gain hartu behar izan zuen herriko alkate ohi batek, 2018. urtean zendua, etsipenak jota bertoko batzuek diotenez. Zigortuen artean gobernuko goi-kargu izandako bat ere bada, Martin Ascacibar, orain Altuna y Uria enpresaren interesak defendatzen dituena Zubietako erraustegian. EAJko alkatearen kontrako 2012. urteko zentsura moziora jauntxo batzuk hurbildu ziren, Andoni Ortuzar eta Juan Mari Aburto. Agerraldi hura basoa ez ikusteko aurrean landatutako zuhaitza baino ez zen.

"EAJko alkatearen kontrako 2012. urteko zentsura moziora jauntxo batzuk hurbildu ziren, Andoni Ortuzar eta Juan Mari Aburto. Agerraldi hura basoa ez ikusteko aurrean landatutako zuhaitza baino ez zen"

Haraneko abeltegietatik ateratzen den gehiegizko mindari irtenbide bat emateko proposatu zuten abeltzainek planta egitea 2000. urtean. Karrantzako Minda izeneko enpresa sortu zen eta Ade Biotec SM kontratatu obrak zuzentzeko. Ade Biotec enpresako administrazio kontseiluan EAJren konfiantzazko bi abokatu esertzen ziren: Xabier Aguriano (Bidegi aferari lotua) eta Guillermo Ibarrondo (Alonsotegiko Liburu Beltzan aipatua).

Obrak egiteko Asier Atutxa burukide ohiak sortutako bi enpresa kontratatu zituzten, Ingeplan eta Arkigest, azken hori Bakioko alkate ohi baten ustelkeriaren kontrako salaketan aipatua. Mindaren plantaren eraikuntzan ere aritutakoa da Viuda de Sainz taldea, hain zuzen talde horretako enpresa baten zuzendari izendatu zuten ordurarte EAJren diruzain izandakoa, Xabier Sagredo. Obretan murgildu zen baita Urazca taldea, EAJko alkate ohi batek sortua eta gainera talde horretako enpresa baten kudeatzaile ohia gaur Bizkai Buru Batzarreko burukidea da, Humberto Perea. Urazcaren izena PPko diruzain ohiaren paperetan (Bárcenas-en paperak) eta EAJko burukide ohien ustelkeria kasu batean aurkituko dugu, De Miguel auzian.

Karrantzako Mindari buruz Kontu Auzitegiak egindako txostenean Uría Menéndez taldearen jokaera agerian jarri zen, abokatu talde horretan lanean ari da Javier Balza, Segurtasun sailburu ohia. Txostenak Eptisa ere aipatzen zuen, enpresa horren lehendakari izendatu zuten Bizkaiko Ahaldun Nagusi izandakoa, Josu Bergara. Eta oraindik, hamaika ikusteko jaioak gara Karrantzako Far Westean.