Europarra naizela esan nezake, eta, ondorioz, europar den guztia ez zaidala arrotz. Hara hor gustura asko sinatuko nukeen sententzia bat. Baina zenbateraino da egia epai ponposo hori? Orbanik ez balu, berdin litzaidake Paris, Erroma, Berlin, Katowice, Timisoara, Tallinn, hiri bereko auzo ia, sorterri. Melodia zerutiar bera lirateke, belarri gogortu hauentzat, galego, ladino, gales. Gertuagoko, etxeko, sentituko nituzke ukrainar iheslari begi-urdin ilehoriak, errusiarrengandik eskapo doazenak hartzen dituzten poloniar, eslovakiar, errumaniarrei gertatzen omen zaien bezala, nik zer dakit, Siriako edo Afganistango errefuxiatuak baino. Baina, kontxo, uste dut ez dela hala. Arrakalarik ba ote da nire europartasunean? Ba ote da europar on, oso, pedigridun izateko modu bat?
Paul Valéry datorkigu laguntzera. Sète hirian jaioa –Georges Brassens bezala, Agnès Vardak filmatu zuen hartan–, fidel mantendu zitzaion azkenera arte sortzen ikusi zuen leku-inguruneari. Izan ere, hegoaldeko poeta izan zen Valéry, Marseilla, Niza, Genova, horiek zituen ainguraleku, konfort hiriak, munduari begiratzeko ikuspegiak. Valéryk amestu zuen Europak, ondorioz, sardina errearen urrina zeukan. Ardo gorria edo Porto ardoa edaten zuen garagardoa edo bourbona baino. Palmondoa zeukan, ez haritza bere armarrian. Atlantikoaren partez, Mediterraneoak bustitzen zuen –“itsaso bat baino gehiago, izaera bat”–. Eta, lingua franca gisa, italiera, espainiera, portugesa, frantsesa lehenesten zituen, kontinentea kolonizatu duen globish horren aurrean. Baiki, Valéryk hegoaldeari emandako baiezkoak, Albert Camusen kasuan bezala, iparraldeari, ekialdeari emandako ezezkoa dakar bere baitan.
Valéry, broma gutxi. Autore intimidatzaileagorik. Gaur egungo munduaren gaineko haren begirada interesatzen zait. Régis Debrayk definitu bezala, Valéry izan baitzen XIX. mendeko poeta, XX. mendeko pentsalari, gure XXI. mendeko kronikagile –1945ean hil bazen ere–.