argia.eus
INPRIMATU
Sentimenduen koktela
Montserrat Auzmendi del Solar 2022ko otsailaren 24a
OLBE-k antolatutako bi opera: François Poulenc-en 'La voix humaine' eta Zemlinsky-ren 'Eine florentinische Tragödie'. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Pedro Halffter. Bakarlariak: Nicola Beller Carbone (sopranoa), Giorgio Berrugi (tenorea), Carsten Wittmoser (baritonoa). Eszena zuzendaria: Paco Azorín. (Argazkia: E. Moreno Esquibel)

Plazer izugarria da Euskalduna Jauregian emakumeen ariman sakontzen duten XX. mendeko bi lan hauez gozatu ahal izatea. Gutxitan izango dugu opera labur, bizi eta, argumentuari dagokionez, gogor hauek entzuteko aukera, benetan oso gutxitan programatzen direlako. Eta, egia esan, ezin dugu ulertu zergatik ez diren maizago antzezten, bai musikaren ikuspegitik, bai literaturaren ikuspegitik, lan nabarmenak eta oso interesgarriak baitira.

Azken batean, desengainua, mendekotasun emozionala, desleialtasuna, damua, traizioa... ikusi ditugu Euskalduna Jauregian; une batean edo bestean ia guztiok inbaditzen gaituzten sentimendu horiek guztiak. Eta sentimendu horiek ez ditu edonork aztertu, Jean Cocteau-ren eta Oscar Wilde-ren moduko autoreek baizik.

La voix humaine lanean, Cocteauk emakume suntsitu baten degradazio prozesuaz hitz egiten digu, sentitzen duen menpeko maitasunak oinazetuta, gizon bati lotuta, askatasuna eta duintasuna galduta dagoena. Nahiz eta duela hirurogei urte baino gehiago estreinatutako obra izan testuaren sakontasuna hain da handia, non arimaren barreneraino sartzen baitzaigu. Horrez gain, Francis Poulenc-en musika gozoak, nolabaiteko hoztasunaz tindatuak, osotasun txundigarria egiten du. Nicola Beller Carbone sopranoaren interpretazioak, adierazkorra, arina, oso sinesgarria, saioa biribildu zuen. Hamar puntu, benetan.

Beste plano batean, traizio, desleialtasun eta damuen planoan, berriro ikusi genuen Beller Carbone, Alexander von Zemlinskyren Eine florentinische Tragödie (Wilde-ren testuarekin) operan Bianca-ren papera antzezten. Oso obra laburra da, ordubete eskasekoa, eta hiru interpreteak, sopranoa, baritonoa eta tenorea, lehian eta elkarlanean aritzen dira benetako tentsio interpretatiboa eta musikala sortzeko. Berriz ere, Nicola Beller Carboneren interpretazioa, nire ustez, bikaina da. Bere indarrak, musikalki ez ezik, testu honek proposatzen dituen emozio guztietatik igarotzen den aktore gisa ere hartzen gaitu. Eta bai Giorgio Berrugi tenoreak Guidoren, Biancaren maitalearen, paperean, bai Carsten Wittmoser baritonoak Simoneren, protagonistaren senarraren paperean, bere ahots biribilak erakusteaz gain, adierazkortasun alardea egin zuten, beren pertsonaien zorroztasuna, ironia eta amorrua modu sotilean agertuz.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Pedro Halffter-en zuzendaritzapean, behar bezala aritu zen, ekintza azpimarratuz, baina protagonismorik gabe. Nabaritzen zen, baina ez zuen inbaditzen. Oso ongi.