Ostiral eguerdia da eta laneko ordenagailua itzaltzen ari naizelarik ikusi dudan Euskal musika ez-tristea karpetak, irribarrea ateratzeaz gain, gogorarazi dit zita dugula iluntzean Sugarra gaztetxean, Lizarran. Omen kolektiboak bigarren aldiz joko du publiko aitzinean, bigarren aldiz Lizarrako gaztetxean.
Omen kolektiboa
Non: Lizarrako Sugarra gaztetxea
Noiz: Urtarrilak 28
Gaur izen horren atzean topatu ditugu tronboia, saxo tenorra, tronpeta, bateria, baxua eta gitarra. Amets, Aitor, Julen, Ander, Beñat eta Iban. Omen kolektibo gisa oholtza gainean bigarrenez ariko badira ere, ongi ezagutzen dute elkar sei musikariek. Denak dira Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriotik pasatakoak, nahiz eta bi jaioterrira itzuli eta hirugarren bat ESMUC-ek fitxatu duen (lapurtu digun).
Kideetako bakoitzak bere aldetik bestelako proiektutan parte hartzen edo hartu izan duen arren (Jahgoikoa eta reggaezarra, Herdoil, Broken Brothers Brass Band, Audience, Joseba Tapia, Sustrajah Band…), jazzaren munduan ibiltzen da seikotea. Bada kezkatzen dituen afera bat: ibiltzen diren giroan, giro herrikoian, ez dago jazz musikari gazte eta euskaldun gisa aritzeko espaziorik. Betiko standard-etatik harago, haien konposizioak jotzen dituzte gehienbat. Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan liburuko istorioa oinarri harturik egin ditu piezak Anderrek. Oskorriren Udaberriko lora ederra ezpata-dantza da Aitorren konposizioetako baten ohe, alboka eta guzti. Julenen Tarima kendu ere entzun dugu. Hirukote formatuan aritu dira Beñaten kantan, haizerik ez. Bakoitzaren kantek euren instrumentua jartzen dute erdigunean eta Beñaten honek gogorarazi dit, nahi izanez gero, baxua ere instrumentu melodikoa izan daitekeela. Ander García kontrabaxu jotzailearen Liliak ihes kanta ederraren bertsioa ere eman dute: “Kantu hau diot opari, entzungo nauzun horri, lur oparoari…”, sei bozak a capella.
Julen izan da emanaldiaren gidari, nabari da etxean dela “Kintxo eta María Puyren semea”. Ez dakit puntu berdeekin jendea kontatzen duen programa hori erabiltzen, baina ehun bat pertsona bildu garela esanen nuke (kontuan izanda beti zenbatzen dela gorantz borobilduz). Pagatu ditugun bina euroak Arrotxapeako gaztetxeak jasotako azken isunak pagatzera bideratuko ditu taldeak. Omen kolektiboa kolektiboa omen, esan nahi baita, gaurkoan seikote gisa agertu den taldea boskote edo zortzikote izan daiteke heldu den aldian eta ez dute zertan gaurko berberak izan.
Txoritxo batek esan dit hari batzuk hasi direla mugitzen hirugarren emanaldia Lizarran izan ez dadin eta aurreratu dezaket laugarren bat ere bidean dela… Nik ez nuke galduko eta ez da (bakarrik) nire lagunak direlako. Benga, Euskal Herria, musika ez-triste pixka bat, asko dugu eta konpentsatzeko.