argia.eus
INPRIMATU
Karrikiri aldaera
Jon Alonso 2022ko otsailaren 16a

Garai zailak analisi politikoak informazio maila oso apaletik egiten dituen amateurrarentzat. Izan ere, Kongresuko lehengo eguneko zirkua ikusita, analista profesional denek analisiak egitean “zuhurtzia” oso beharrezkoa dela azpimarratzen dute.

Komeni da ez ahaztea PPk egin zuen lan-erreforma baliogabetzea zela Sanchezen inbestiduran itundu zen puntuetako bat. Gobernuak ez du konpromiso hori bete.

Kongresuko lehengo eguneko espektakulua lotsagarria da. Sanchezen poza, txiripa hutsez lortutako garaipen pirriko batengatik txaloka, patetikoa da. PPko diputatua, botoia sakatzen ez dakiena, zer arraio ari da Diputatuen Kongresuan? Politika eta politikariekiko arbuioa ez da gaurkoa. Halako espektakuluek arbuio hori areagotu baino ez dute egiten. Ez da erraza kalkulatzea joan den egunean VOXek zenbat boto irabaziko zuen.

"Kongresuko lehengo eguneko espektakulua lotsagarria da. Politika eta politikariekiko arbuioa ez da gaurkoa. Halako espektakuluek arbuio hori areagotu baino ez dute egiten"

Ezkerreko alderdi batek langileen alde egin dezakeen guztiak UPN edo Ciudadanos bezalako alderdi baten oniritzia badauka, ezin liteke imajinatu abstentzioaren aldeko kanpaina eraginkorragorik.

UPNri beste legegintzaldi bat boterea ukitu gabe oso luze egingo zitzaiola askok uste genuen. Harrigarria, izatekotan, zera da: beren barneko tira-birak zein ongi ezkutatu dituzten, eta barneko tira-bira horiek noiz eta nola lurmendu diren.

Eskandalua hain izan da handia, uste izatekoa dela ondorio sakonak ekarriko dituela, astebetean konpontzen ez direnetakoak. Eskandaluak eskuinaren barne-berrantolaketa berri bat ekarriko du, tartean zatiketak eta jaka-aldaketak daudela? Iruñeko Udalari eragingo dio? Nafarroako eliteek ez dute inoiz arazorik eduki PPrekin bat egitea komeni izan zaienean; baina ez dute PPren siglen pean agertzea gehiegi maite izan, ezta ere. Orduan, zein izan liteke alternatiba? VOX? Gogorra dirudi hori imajinatzea, baina gauzak ongi egingo balituzte –pertsona ezagun eta herrikoi bat beren lerroetara bildu, nafartasun espainiarraren gorazarrea, diskurtsoa pixka bat moderatu…–, ni ez nintzateke nire auzokoez gehiegi fio izango.

UPNk PSNrekin dituen loturak ez eteteko erakusten duen gogo bizia, PSNek UPNrekin dituenak ez eteteko erakusten duenarekin baino ezin da konparatu.

Nazario Karrikiri Ibarnegarai Iruñean jaio zen, 1805. urtean, baina batez ere Madrilen ibili zen politika eta negozioak egiten. Zezenketarako ganadutegi ospetsua sortu zuen, Karrikiri famatua. Askoz geroago, izen bereko euskara taldea eduki dugu. Berriki, koronabirusaren zepa bati, “autoktonoa” nonbait, izen hori paratu diote. Edozertarakoa baita, antza, eta zergatik ez jarri izen hori traizioa egiteko manera berriari.

Bitartean, Estatuak beretzat hartu ditu “banku txarra”-ren (Sareb) galerak. Baina dagoeneko inor ez da horretaz gogoratzen.