“Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko”

  • Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen ondorioez. Besterik gabe ilaran jarri nintzen, eta txertoa hartu nuen”. Egun horretatik oso kaltetua du osasuna. Osakidetzako medikuei diagnosi egokia egitea asko kosta zaiela esan du (polineuropatia dauka) , “kausa txertoa izan zitekeela onartu nahi ez zutelako”. Egoera berean direnekin harremanetan jartzea gustatuko litzaioke, gizarteak pertsona hauen aurrean ezikusia egiteari utzi diezaion eta denen artean txertoen ondorioen erantzukizunak exigitu ditzaten. Bi alaba txiki ditu, eta haiekin jolastuz deskubritzen du unean unean noraino mugitu dezakeen bere gorputza, eta noraino ez.


2022ko otsailaren 16an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Espero zuen ondoezik ematea lehen bi egunak, ez ondorengo urtea: “Nire aurretik, nire lankideak txertoa hartuta zeuden, eta bi egun-edo egon ziren ohean. Txertoa hartu eta hamabost minutu horietan ez nuen ezer nabaritu. Baina hurrengo egunean, ezin nintzen ohetik altxatu. Kalentura oso gutxi eduki nuen, 37 eta erdi, eta uste nuen nire lankideena bezalako paliza zela, eta bi egunera-edo pasatuko zela”.

Igande batez hartu zuen txertoa, eta ondorengo astean sasoia maldan behera joan zitzaion: “Astelehenean gaizki nengoen, asteartean okerrago, asteazkenean okertzen, ostegunean okertzen... Eta okertzeak esan nahi du lo nengoela. Egunean 17 ordu lo egiten nuen. Nekea zen sumatzen nuena. Norbaitek hitz egiten bazidan, ezin nituen begiak ireki ere egin. Ahotsa ere oso-oso baxu, ia galduta neukan. Nik logura neukan, ez nintzen kontziente gertatzen zitzaidanaz, eta uste dut nik baino okerrago etxekoek pasatu zutela: gurasoak ez ziren pandemia osoan gure etxera etorri, eta egun horietan aldiz, sei-zazpi ordu egon ziren egunero, niri begira”.

Ostiralean etxekoek larrialdietara eraman zuten. Osakidetzan analitika bat egin zioten, oxigeno saturazioa begiratu, plaka bat atera... “Dena ongi zegoela esan zidaten eta etxera bidali ninduten”. Hurrengo egunean are okerrago sentitu zen: “Eztularekin hasi nintzen, arnasa hartzea kosta egiten zitzaidan... Eta berriz ere larrialdietara joan ginen. Kortikoidea sartu zidaten zainetik eta kortikoide tratamentuarekin etorri nintzen etxera”.

"Oso zurrun ibiltzen nintzen, oso-oso poliki, hankak ia lurretik altxatu gabe... Hilabete egon nintzen etxetik atera gabe. Hankei agintzen nien altxatzeko baina ez zidaten erantzuten"

Zazpi eguneko kortikoide tratamenduak esna eusten zuela azaldu du, “baina hala ere neke handia sentitzen nuen. Oso zurrun ibiltzen nintzen, oso-oso poliki, hankak ia lurretik altxatu gabe... Hilabete egon nintzen etxetik atera gabe. Ez nekien nire gorputzarekin zein mugimendu egin nitzakeen eta zein ez. Hankei agintzen nien altxatzeko baina ez zidaten erantzuten. Baso bat ur edateko, ezpainak eramaten nituen mahai gainean zegoen basora eta eskuekin edalontzia inklinatu soilik egiten nuen, ez nuen indarrik baso ura altxatzeko. Ezin nituen hankak eta besoak mugitu. Hilabete batera oraindik ezin nituen eskailerak igo. Hiztegia ere galdu nuen, hizketan hasi eta hitz xinpleak gogoratu ezinik geratzen nintzen, 'aulkia', 'motxila', esaterako. Hori nekatuta nengoenean gertatzen zitzaidan”.

Deban bizi da eta maiatzean hasi zen etxetik lehen irteerak egiten: “Etxetik oinez 200 metro urrutiratzeko gai nintzen, ez gehiago. Oso itsasozalea naiz, eta itsasoa ikustera kotxez eramaten ninduten, eta lehen bainua egitera ere kotxez eraman eta lagunen artean besotan jaitsi ninduten, maiatzean. Oraindik ez naiz gai kotxea gidatzeko”.

Ekainean eta uztailean, mantso-mantso ibili ahala, pixkanaka indarra berreskuratzen joan da. “Irailean lortu dut eskuak ixtea eta beso bata eta bestea txandaka mugitzea (alternatzea)”.

"Ni ez naiz lehengo Eneritz. Oso positiboa izan naiz beti eta aurrera egin dut, baina tristura puntu hori barruraino daukat sartuta"

Sasoiko emakumea da Eneritz, ez da geldi egotekoa. Pandemia aurretik askotan egiten zuen Debatik Mutrikura joan-etorria, bikotekidearekin eta umeekin: “Hori noiz egingo dut berriz? Ez naiz gai”. Argi eta bare hitz egiten du eta indar atsegina dario, baina gordina da bere egungo errealitatea: “Bizitza salbatu behar zigun txertoak izorratu dit niri bizitza. Ezin izan naiz nire umeekin bakarrik gelditu hilabete asko pasatu diren arte. Goizean hondartzara joaten banintzen, arratsaldez jada ezin nuen ezer egin, eta udan laguntza behar izaten nuen hondartzatik bueltan etxera iristeko ere. Egun ere ez naiz gai etxetik kanpo luze egoteko, denbora asko egon behar naiz eserita, eta aldapak robot baten modura igotzen ditut, izugarri kostatzen zait. Ni ez naiz lehengo Eneritz. Oso positiboa izan naiz beti eta aurrera egin dut, baina tristura puntu hori barruraino daukat sartuta”. Bere ekinez berreskuratu dezakeen guztia lortuko duela ziur dago, baina hortik aurrera bere etorkizuna misterio handi bat da: “Aurrera begira, esaten didate errehabilitazioarekin pixkanaka joango naizela gaitasunak berreskuratzen, baina ez dakite zein punturaino, txertook berriak direlako. Nire etorkizuna ziurgabetasun hutsa da. Eta nire kezka da inoiz gehiago ez naizela lehengo Eneritz izango, inork ez baitu horren erantzunik. Agian, datorren Eneritz hau onartze bidean nabil. Horrek ez du esan nahi ongi jartzeko borrokatzen ari ez naizenik. Baina dagoena onartu behar dut eta momentuan momentuan, ahal denaz gozatu”.

Poza nabari zaio errehabilitazioarekin berreskuratu duen guztia kontatzen duenean: “Lehen ezin nuen lau-hankan egon, ezin nuen hanka puntetan jarri, ezin nituen hatzak mugitu, ezin nituen hanka ezkerra eta esku eskuina aldi berean mugitu, ezin nuen trabeska ibili... Ez nintzen ohean gelditu, oso argi neukan egunero saiatu behar nuela, eta arrastaka joaten nintzen sofara arte, umeekin jolasten nintzen ahal nuen bezala... Lehen momentutik nahi nuen ongi jarri, eta sinesten nuen ongi jarriko nintzela. Pentsa zein sinetsita nengoen, astero deitzen niola lantokira nire ordezkoari esanaz ‘agian hurrengo astean itzuliko naiz lanera’. Pentsa buruan zer neukan eta zenbat kostatu zaidan dagoena onartzea. Aurten, aldiz, nire ordezkoari esan nion ez naizela ikasturte osoan itzuliko. Nahi bai. Baina kontziente naiz dagoenaz”.

Baina bada gauza bat txertoak hondatu ez diona: “Ni oso soziala naiz, eta horri eutsi diot, kalera eramaten ninduten, eta ni pozik kafea hartzera!”.

“Inork ez zuen Ikusi nahi zerena zen”

“Lehen bi asteetan medikuak COVID ote zen frogatu nahian aritu ziren. PCR proba pila egin zizkidaten. Inork ez zuen ikusi nahi zerena zen, nahiz eta txertoa hartu eta biharamunean gaixotu nintzen”.

Osakidetzak jarri zion kortikoide tratamendua astebetera bukatu zitzaion, eta baja luzatu eta luzatu, ez zerurako eta ez lurrerako geratu zen, beste tratamendurik gabe. Familia medikuak nola zegoen galdezka deitzen zion eta bere babesa sentitu du: “Familia medikua saiatu da, bazekien nola nengoen eta esaten zidan ez inori uzteko esaten buruko gaixotasunik neukanik. Emakumeoi askotan hori egozten baitzaigu, horregatik definitzen dut nire burua, gaitz honekiko, 41 urteko emakumea. Gure hitza auzitan jartzen da”.

2021eko martxoko Osakidetzako txostenean aipatua da txertoa.

Maiatzean ikusi zuten lehen aldiz Osakidetzako bi espezialistak: pneumologo batek eta kardiologo batek. “Nire gaitza neurologiari lotuta dago, beraz, bi espezialista horiek sumatzeko ezer ez neukan. Pneumologoak, gaixotu eta ia bi hilabetera oraindik izorratuta ikusi ninduenean, zera bota zidan: pertsonok batzutan gaixotasunak asmatzen ditugula. Nik esan nion, hasteko, izen bat neukala, ez zela egia esan zuena eta aurpegira begiratzeko. Nire erantzunarekin ikusi zuen ez nengoela burutik gaixo, eta esan zidan laguntzeko prest zegoela, eta nik esan nion ez nuela bere laguntzarik behar, nahiago nuela beste profesional batekin egon, beharko banu. Eta joan egin nintzen”.

Martxotik uztailera diagnostikorik gabe egon zen: “Nire familia medikuak esaten zidan txertoak eragindakoa izan zitekeela, baina ziurtasunik gabe... nire sistema immunologikoa baxu zegoela eta COVID iraunkor batean bezala zegoela esaten zidan, baina dena airean”.

Debarra da Eneritz Zubiaurre. Pandemia aurretik askotan egiten zuen Debatik Mutrikura joan-etorria, bikotekidearekin eta umeekin: “Hori noiz egingo dut berriz? Ez naiz gai”. Argazkia: Dani Blanco.

Uztailean beste mediku batera joatea erabaki zuen, bide pribatura: “Artatu ninduena mediku kolegiatua da, baina horrez gain akupuntura, nutrizionismoa eta medikuntza integratiboa eskaintzen ditu. Ikusi ninduen, galdera sorta bat egin zidan, eta ordu erdian esan zidan neurologo batek aztertu behar ninduela, polineuropatia bat neukala: hau da, nerbio sistema periferikoan blokeo bat eduki nuela, desajuste bat. Zergatik detektatu zuen hain azkar? Argi zeukalako txertoek askotan ondorioak dituztela, hau da, mediku bezala, onartua zeukan aukera hori bazegoela. Diagnostiko horrekin joan nintzen familia medikuarengana, astebetera eman zidaten neurologoarekin hitzordua eta neurologoak urgenteki eskatu zuen erresonantzia magnetikoa, abuztu bukaeran egin zidatena.

"Kostatu zaie medikuei onartzea nondik zetorren"

Ea patologiarik neukan begiratu zidaten, analitika zehatz batzuk ere bai... Goitik behera begiratu ninduten eta ikusi zuten ez neukala inolako patologiarik ez lesiorik. Txertoa hartu eta lehen bi asteetan agian nire gorputzean zer gertatu zen ez dugula jakingo ere aipatu zidan, froga neurologikorik egin ez zelako. Kostatu zaie medikuei onartzea nondik zetorren, eta azkenean medikuari eskatu diot idatzi dezala zergatik ezin dudan beste txerto dosirik hartu. Urtarrilaren 3an idatzi du medikuak”.
Geroztik neurologoak egiten dio jarraipena, hitzordu batetik besterako epeak oso luzeak badira ere: “Urrian ikusi ninduen azken aldiz eta hurrengo hitzordua ekainaren 15erako eman dit”.

Zubiaurrek argi du errehabilitazioak salbatu duela: “Ekainean eskatu nuen Osakidetzan errehabilitazioan hastea, baina ez zekitenez zer neukan, beldurra ematen zien hasteak eta ukatu egin zidaten. Mediku integratiboak esaten zidan mugimenduaren bitartez nerbio-sistema itzultzen dela. Irailean errehabilitazio pribatuan hasi nintzen nire kasa, eta Osakidetzan bigarrenez errehabilitazioa eskatu nuen eta azaroan hasi naiz Osakidetzan. Erreabilitazioarekin beste pertsona bat naiz”.

"Botiken aurkako erreakzioa” aitortua du, baina pasaporterik ez

Zubiaurreren lehenengotako bajan jadanik jartzen du bere egoeraren motiboa “txerto-osteko erreakzioa BAE (botiken aurkako erreakzioa)” dela. “Niri familia medikuak onartzen dit momentuz ezin dudala beste dosirik hartu. Beste mediku batzuek esaten didate ez orain eta ez gero, besterik ez hartzeko, ziur daudela eragingo didala, eta bigarren dosiak eragin ahal dit okerrago (zer izango ote litzateke okerrago?), edota pixka bat hobeto. Ia urtea pasatu da eta oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko. ‘Botiken aurkako erreakzioa’ jasan dut".

Argazkian, Osakidetzako medikuak 2022ko urtarrilean sinatu duen txostena, Zubiaurreri guztiz sendatu arte beste dosirik hartzea ez zaiola komeni adieraziz.

Baina hala ere ez diote COVID pasaporterik eman, dosi guztiak hartu ez dituelako. Argi utzi nahi du bere jarrera: “Pasaporte horren kontra nago erabat. Nola jausi gara eta nola onartu dugu hori?”. Baina pasaportea ezarri duen erakundea bere kontraesanetan zirikatzeko asmoz, pasaportea eskatzeko bide denak arakatu zituen bere garaian: “Abenduaren 15ean emaila idatzi nuen Arartekora, Osakidetzara, Zuzenean herritarren arretara, eta Jaurlaritzako Osasun sailera. Nire kasua azaldu nuen bertan, eta eskaera egin nien, ea COVID pasaportearentzat zer alternatiba ematen zidaten”. Geroztik, Arartekoak idatziz erantzun zion espedientea irekiko ziola eta hori Osasun sailari zegokiola eta haiei pasatuko ziela kasua. Abenduaren 23an Osasun sailak idatziz erantzun zion: "Eskaera dagokion zerbitzura bideratuko dugu eta handik erantzuna jasoko duzu zure posta elektronikoan". Eta iritsi zen erantzuna: “Zure emailari dagokionez, jakinarazten dizugu kontraindikatuta baduzu eta beraz, ziurtagiria lortu ezin baduzu, probaren ziurtagiria atera dezakezula: PCR eta antigenoa”. Zubiaurrek email horri erantzun zion galdetuz ea zein osasun zentro publikora joan zitekeen test horiek egitera, eta jaso zuen erantzuna hauxe da: “Zure emailari dagokionez, laborategi pribatuetako proba negatiboek bakarrik izango dute balioa. Osakidetzan egindako probak salbuetsita daude”.

Pasaportearekin izandako gorabeherek ekarri diote pasarte mingotsik: “Nire herrian bertan gertatu zitzaidan, Gabonetako parke horietako bat jarri zuten frontoian, umearekin joan eta kanpoan geratu behar izan nuen. Uste dut gauza hauek ukitu didatela gehien nire egoera animikoa. Elkarri oztopoak jarri behar al dizkiogu, elkarri lagundu beharrean? Egoera batean jarri gaituzte, zeinetan gizatasun osoa galtzen ari garen”.

"Oso bakarrik eta babesik gabe sentitu naiz”

Halaxe adierazi du: “Oso bakarrik eta babesgabe sentitu naiz, eta oso zaila izan da medikuek onartzea zer zen, argi eta garbi zegoen arren zeren ondorio izan den. Irailean urtebeterako baja eman zidaten, eta hain baja luzea emateko zer uste dute bada daukadala?”.

“Eta gizartean ere guztiz baztertua sentitu naiz. Txertatutako eta txertatu gabekoen dikotomia honetan sartu gaituzte, eta ni bezalakoak non gaude? Gauzak ez dira ez zuriak ez beltzak. Saiatu behar gara goikoek nahi duten horretan ez erortzen, zeren hemen denok ari gara sufritzen. Norberak egin dezala bere aukera, aukera guztiek dute bere arriskua, eta besteak epaitu gabe. Kuriosoa da gertatu zaidana,  jendeak uste zuen COVIDagatik nengoela horrela. Esaten dudanean txertoagatik dela, denak isiltzen dira. Ia-ia ez didate galdetzen zer moduz nagoen ere; elkarrizketa bukatu da. Ez dugu errealitate hau ikusi nahi, beldurra ematen digulako. Eta niretzat hori oso gogorra da. Edo ‘suerte txarra izan duzu’ entzun beharra; bai, kontxo, hala da, baina ematen da! Edo ‘ziur zaude txertoagatik dela?’ esan du batek baino gehiagok kalean”.

Bere kasua albo-kalteen artean onartua izan dadin borrokatzen ari da: “Bete dut Espainiako farmakobijilantziako formularioa, baina ez dakit kontuan hartu duten edo ez”.

"Ez naiz bakarra”
"Nork hartzen du ni horrela egotearen erantzukizuna?"

“Gustatuko litzaidake txertoak kaltetutako beste pertsonekin harremanetan jartzea. Ez dut uste bakarra naizenik”, adierazi du Zubiaurrek. Izan ere, Osasun publikoko hainbat langilek esana dio bere kasua ez dela bakarra, orain ari direla ondorioak ikusten. “Baina dena ahoz esaten didate, momentu oso puntualetan, gero isilik egoten dira... Oso berria da gaia, farmakobijilantzia hitza ere oraintxe ezagutu dut!”.

Berria da gaia eta azaldu du egoera horretan dagoen pertsonak ere bere denbora behar duela gertatzen ari zaiona onartzen eta plazaratzen: “Uste dut beldur puntu bat ere badaukagula. Ez naiz ezer txarra egiten ari, ni ari naiz ondorioak jasaten, eta ematen du esplikazioak eta justifikazioak nik eman behar ditudala”.

Behar den denbora hartuta, baina aurrera begira beharrezko ikusten du antzeko egoeran dauden pertsonak elkartzea eta erantzukizunak eskatzea: “Uste dut farmakobijilantziak bere erantzukizuna hartu beharko lukeela. Nork hartzen du ni horrela egotearen erantzukizuna? Hori lotu beharko dugu nolabait, ezta?”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


Hemen dator Gorillas, kalea hiltzeko makina berria: zuk eskatu eta 15 minutu barru etxean bertan jasoko duzu

Amazon ondoren Glovo, Deliveroo eta Uber Eats-ek gure hiri eta auzoetako bizimodua hankaz gora jarri dutela uste baduzu, adi hurrengo uhinari: heldu dira Cajoo, Flink, Dija, Gorillas, PicNic , Everli... COVID-19 betean sortuta, tximista bezala zabaltzen ari diren banaketako... [+]


2022-02-15 | ARGIA
COVID pasaportea eta bestelako neurri murriztaile gehienak bertan behera geratu dira Nafarroan

Nafarroako Gobernuak bart gauerditik aurrera indargabetu ditu COVID-19aren aurkako neurri murriztaile gehienak. Kalean eta ikastetxeetako patioetan ez da derrigorrean maskararik erabili beharko, gaueko aisialdiak eta ostalaritzak pandemia aurreko ordutegiak berreskuratuko... [+]


2022-02-07 | ARGIA
Grebak deitu dituzte Osakidetzan otsailaren 25 eta 28rako, “Jaurlaritzaren konponbide ezari” aurre egiteko

"Osasun Sailaren immobilismoaren eta konponbide ezaren aurrean", otsailaren 25ean greba deitu dute lehen arretan ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta otsailaren 28an Osakidetzako esparru guztietan. Horrez gain, otsailaren 26an manifestazioak egingo dituzte... [+]


Ziztada

Zizt! Hor dator berriz ere, bularraldean sentitu dut goizean goiz, arraroa da benetan ziztada hau.

Zizt! Jertsearen gainetik bihotzaldea igurtzi dut, emeki. Ea pasatzen den, esan dut baxu, inork ez entzuteko moduan. Gaur egun kontuz ibili behar da nork-zer entzungo duen... [+]


2022-01-28 | La Bogue
Covid pasea Naomi Klein eta Deleuzeren argitan

La Bogue da Frantziako Limousin (okzitanieraz Limosin) eskualdeko hedabide alternatiboa. Kolektibo autonomo batek kudeatua, boluntarioek egina eta militantea, bere burua kokatzen du mugimendu anti-autoritarioaren baitan. Bertan agerturiko artikulua itzuli dugu euskarara.


Langileen eskubideak, sintoma arinekin

“Proba bat egin ostean, COVID-19an positibo eman dut. Ondo nago, sintoma arinekin. Hurrengo egunetarako aurreikusitako agenda publikoa atzeratu eta konfinamendutik lanean segituko dut”. Kendu agenda publikoaren zera hori erditik, eta edonorenak izan zitezkeen... [+]


Jaurlaritza Osakidetza desegiten eta osasun sistema pribatua indartzen ari dela salatu dute milaka lagunek

Igande eguerdian milaka lagun atera dira Donostia, Bilbo eta Gasteizko kaleetara gehiengo sindikalak deituta, kalitatezko osasun publikoaren alde eta Lehen Arreta jasaten ari den kolapsoaren aurka. Oso gogor mintzatu dira Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritza osasun... [+]


2022-01-18 | Estitxu Eizagirre
Txertoa hartu edo ez, COVID-19a pasatu berri duenak ez du berrogeialdirik egin beharrik EAEn

Osakidetzaren azken protokoloak dio positibo baten kontaktu estua izanagatik COVID-19a azken 180 egunetan pasatu duenak, txertatuta egon edo ez, ez duela etxean berrogeialdirik egin beharrik, baldin eta ez badauka sintomarik.


2022-01-18 | Estitxu Eizagirre
Zenbait inmunologok hirugarren dosia hartu beharra zalantzan jarri du

Txertoaren hirugarren dosia abian da herrialde aberatsetan eta laugarren dosia ere ezarriko zaie arrisku taldekoei. Denborarekin txertoek eragindako antigorputzak galdu egiten dira, eta horiek gehitzeko errefortzu dosiak jartzea da gobernuen estrategia. Baina txertoen alde... [+]


2022-01-13 | Sonia González
Bizi soziala berriro hasten denean jakingo dugu

Zientzia politika publiko bihurtzen den modua kalkulu politiko eta ekonomikoek gidatzen dute, baita politikariek, alderdiek eta aholkulariek dituzten konpromiso moral eta ideologikoek ere”. Hala zioen Jana Bacevic soziologoak 2020ko apirilean The Guardian-en.

Denok... [+]


2022-01-11 | ARGIA
Ipar Euskal Herriko ikasleek auto-testak egingo dituzte aurrerantzean, etxean

Jean Castex frantziar lehen ministroak urtarrilaren 10ean telebistan jakitera eman duenez, kasu positibo baten kontaktu diren ikasleek gaurtik aurrera ez dute PCR edo antigeno proba farmazietan egin beharko. Horren ordez, etxean hiru auto-test egingo dizkiete gurasoek, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude