argia.eus
INPRIMATU
Bi
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2022ko otsailaren 16a

Otsailean urte bi bete dira Zaldibarko zabortegia amildu zela. Martxoan pandemiaren bigarren urteurrena dator, bi hilabetez etxean geratu ginenekoa. Katastrofe bi. Bigarrenak lehenengoa estali zuen, baina Eitzagako hondamendiaren gestioak erakutsi zigun izurritea zelan kudeatuko zen.

Hondakindegiak behargin bi, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, eroan zituen. Beltranen gorpua ez zuten topatu. Zaborra ere bertan geratu da. Eitzagako biztanleak abandonatuta daude hondakinen ondoan. Inguruan bizi garen guztiok segitzen dugu jakin barik zer arnastu genuen, zer dugun alboan lurperatuta, zer daukagun guztiok autobideari itsatsita (jausitakoa bertan dago-eta).

Pandemian segitzen dugu, eta kudeaketa 2020ko otsailean zabortegian egin zena bezain kaotiko eta ulertezina da. Herritarrok, babes barik, noraezean askotan, informazio nahasgarria jasotzen gabiltza urte biotan.

Gestore bikainak ei ziren gobernukide biak. Biek ala biek erakutsi digute kontu biak txarto kudeatu dituztela; are okerragoa, egindako hanka-sartzeetatik ez dutela ikasi, eta ikasi ere ez dutela egin gura.

Bi larregi.