Egunen batean bizitza mila modutan baldintzatu digun fenomenoa bukatuko balitz, hasi ahal izango ginateke –kristauek egin ohi zuten trazan– urteak pandemia aurretik (p.a.) eta ondoren (p.o.) zenbatzen. Bada, gogoan daukat aspaldi (p.a. jakina!) gure artean ez dagoen Gaizka lankide eta laguna zenak Willis taldea Oñatin deskubritu eta diskoa –haien lehena– ekarri zidala. Soinu gordina zeukan, findu gabekoa, baina a zer emaitza! Fugazi-ren pareko irmotasun eta intentsitatea, hard-rockaren (AC-DC?) soltura eta gitarrak, eta euskaraz galantki eta sentimenduz abestua.
Gerora askotan ikusi eta entzun ditut, eta gozatu ditut haien kontzertuak. Taldea dotorea da ezbairik gabe, ezaugarri on asko ditu. Gero eta harrera beroagoa, merezitakoa, erdietsi zuten, eta horren ondorioz heldu zen puntu bat non, sentsazioa dut, taldekideak arraro sentitu zirela. Estutasun hura gainditu eta aurrera egin zuten, baina azken urteotan zerbait zuten faltan, freskotasuna agian.
Eta, hara!, aulki eta maskaradun kontzertu arraro horietako batean Oñatin (berriro!) sartu ahala pentsatu nuen penaz “akustikoan?”. Bada, berehala emanaldian barneratu ninduten eta izugarri gozatu nuen: a zer berrirakurketa! Jurgi Ekiza, Xan Bidegain, Felix Buff eta Vincent Bestaven –fitxaketa berria– haien kantutegia berridazten oso-oso modu dotore eta zainduan.
Badira Willis Drummond bakarrik elektrikoan maite dutenak, baina nire ustetan proposamen berritu honetan erabat berretsi dute kanta bat ona bada biluzik ere hala dela egiaztatzen duen ustea. Eta biluzik baino, distortsiorik gabea zehaztu beharko nuke, kantak ñabardura askorekin janzten dituzte-eta.
Kantek beste tempo bat hartzen dute, bakoitzak berea; folka, americana delakoa eta rocka oso zentzu zabalean, 70eko hamarkadakoa ere. Ekizaren ahots ederra are gehiago nabarmentzen da, eta Iparraldeko eskolari jarraituta besteen ahotsek ere pisua hartzen dute. Bada tentsioa, bada melodia ugari eta bada detaile zaindu asko.
Nire ustez emaitza izugarria da, eta asko pozten nau kontzertu berezi horietako bat –15 kantakoa– diskora ekarri izanak.